Euskara ikasteko prozesuan, coaching-a lagun
Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren Mintzagun tailerren barruan, Naroa Susperregik coaching-ari buruz hitz egingo die eskualdeko euskara ikasleei.
Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun egitasmoaren tailerren barruan, coaching-a eta euskara batuko dituen hitzaldiak emango ditu datozen egunetan Naroa Susperregi coach oiartzuarrak. Oarsoaldeko euskaltegietan emango ditu saioak. Euskara ikasteko prozesuan bakarrik ez, eguneroko bizitzan coach-en laguntzak izan dezakeen eraginaz ere mintzatuko da Susperregi.
Ikasturtero, sei gai jorratzen dituzte Mintzaguneko tailerretan, gai bakoitzeko tailer bana egiten dute Oarsoaldeko sei euskaltegietan.. Ordu eta erdiko iraupena izaten dute, eta euskara ikasleei gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea da asmoa, “hala, ikasle horien bizipenetan gai hori beti euskaraz ageriko da lehen kolpean behintzat”, esan dute Oarsoaldeko Euskara Batzordetik.
Edozein gai euskaraz jorra daiteke, eta ikasleak horiek ulertzeko ahalmena dutela ohartaraztea da tailerren helburuetakoa.
Jarraian, Naroa Susperregiren solasaldien tokiak eta orduak:
- Hilaren 12an (gaur), 15:00etatik 17:00etara Errenteria-Oreretako Xenpelar AEKn.
- Hilaren 13an (bihar), 15:30etik 17:30era Lezoko Oroitzene AEKn.
- Hilaren 14an (etzi), 09:45etik 11:45era Antxoko Txirrita AEKn.
- Hilaren 21ean (osteguna), 18:30etik 20:30era Oiartzungo Intxixu AEKn.
- Hilaren 28an (osteguna), 10:00etatik 11:30era Errenteriako Udal Euskaltegian.
- Hilaren 28an (osteguna), 15:15etik 17:15era Pasaiako Udal Euskaltegian.