Alzheimerrari beldurra kentzeko urrats bat
Niessen elkarteak alzheimerraren gaineko jardunaldiak antolatu ditu.ostiralean hitzaldia egingo du elkartean bertan, eta igandean kontzertua Easo abesbatzarekin Madalenaren basilikan.
Niessen elkarteko kideak, AFAGI elkarteko eta Easo Abesbatzakoekin gaurko agerraldian. Alzheimerrak eta bestelako dementziek 12.000 gipuzkoarri eragiten diete egun. Oarsoaldean 1.271 gaixo daude, eta 740 Errenteria-Oreretan, eta 2030 urterako egun dauden datuak bikoiztuko direla dio AFAGIk, Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak. Elkarbizitzen hasteko, ezinbestekoa dela beldurra kentzea dio elkarteak, “Alzheimerra eta bestelako dementziei aurpegia ematea eta ez bizkarra”.
Horren harira, urrats bat egingo dute Errenteria-Oreretan asteburuan. Izan ere, Niessen elkarteak hitzaldia eta kontzertu solidarioa antolatu ditu AFAGI elkartearen alde. Agerraldia egin dute gaur eguerdian Niessen elkartean antolatutako ekintzak aurkezteko. Niesseneko kide den Alberto Mendigutxiak azaldu du Niessen elkarteak urtero antolatzen duela emanaldi solidario bat, “aurten AFAGI elkarteari eskaini nahi izan diogu eta bertan bildutako diru guztia beretzat izango da”. Mendigutxiak eskerrak eman dizkie emanaldi solidario hori posible egiteko lagunduko duten guztiei, baita Errenteriako Udalari ere.
Koldo Aulestia AFAGIko presidenteak hartu du hitza, eta Niessen elkarteri eskerrak emanda Alzheimerra eta bestelako dementziena arazo sozio sanitarioa bihurtu dela egun nabarmendu du: “Duela 28 urte hasi zuen bidea AFAGIk eta familia gutxi batzuk baino ez ginen. Gaur egun, 12.000 gaixo daude Gipuzkoan eta arazo soziosanitario larria bihurtu dela erakusten du horrek”.
Alzheimerra zein bestelako dementziei beldurra kentzea haiekin elkarbizi ahal izateko ezinbestekoa dela esan du, “beldur handia diegu dementziei, haien gainean hitz egiteari, baina hor dago, errealitatearen parte da eta normaltasunez hartzea ezinbestekoa da”. Alzheimerrari aurpegia eman behar zaiola, eta ez bizkarra erantsi du Aulestiak, “estigmatizazioa apurtu ahal izateko”.
Gaixoei baina baita zaintzaileei eragiten dietela dementziek nabarmendu du bere aldetik Jon Kortajarena AFAGIko Oarsoaldeko arduradunak, “gehienbat emakumeei, beraiek direlako honetan ere zaintza lanak beregain hartzen dituztenak kasu gehientsuenetan”. Gaixotasuna ikusaraztea, hori du helburu AFAGIk gaixo zein senide eta lagunei laguntzearekin batera eta gaixotasunari ahalik eta azkarren erantzuteko neurriak hartzera deitu du, “zoritxarrez berandu iristen gara neurologoarengana. Lehen fasean heltzea garrantzitsua da, gaixotasunak ez duelako sendabiderik, baina bai hura mantsotzen laguntzen duten teknikak”. Horren harira, Errenterian iaz tailerra martxan jarri zutela nabarmendu du.
Hitzaldia eta kontzertua
Jardunaldien barruan bi ekitaldi antolatu ditu Niessen elkarteak. Lehena ostiralean izango da: Alzheimerrarekin elkarbizi hitzaldia emango dute Jon Kortajarena eta Koldo Aulestiak. Niessen elkartean izango da 19:00etan. Bigarrena igandean antolatu dute. Easo Abesbatzak emanaldia egingo du Madalenaren basilikan 12:30ean hasita. Emakumeez osatutako abesbatzak hartuko du agertokia, horrekin batez ere emakumeek egiten duten zaintza lanari keinu egin nahi diotela esan du Easo Abesbatzako zuzendari Gorka Mirandak. Alzheimerrarekin lotuta proiektu bat egin zuela iaz abesbatzak esan du, bestalde: “Belaunaldi arteko proiektu bat izan zen, txikiek eta adinekoek hartu zuten parte, eta azken horien artean alzheimerra zuten pertsonak aritu ziren abesten”.
Kontzertua doakoa izango da, baina bertaratzen direnen ekarpenak biltzeko kutxa bat jarriko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Musika eta alzheimerra lotuta daudela esan du amaitzeko Aulestiak. Alzheimerra zuen haren aita zenak, “belarrira hurbildu eta betidanik gustuko zituen kantak abesten nizkion, eta berak ere abesten zituen. Bere mundua galtzen badute ere, musika mantentzen dute”.
