Azkueneko pisten erabilera arauak aldatu dituzte
Udalaren arabera erabilera txarrak eragindako neurria izan da
“Erabiltzaile batzuek asteburuetan bizilagunei sortzen dizkieten eragozpenak direla-eta” Pasaiako Udalak Azkueneko pisten asteburuetako erabilera arauak aldatzea erabaki du.
Trintxerpeko kirol pista publikoak dira, duela urte batzuk berriztatutakoak eta doakoak. Aste barruan zenbait taldek beren entrenamenduak egiteko erabiltzen dituzte, eta asteburuetan, berriz, herritar guztientzako zabalik egoten dira.
Udalaren arabera, baina, berritu zituztenetik kexa ugari jaso dituzte. “Musika ozena, espazioaren monopolizazioa, zikinkeria eta gizalege falta” izan dira jaso dituzten kexatako batzuk, eta udalak horiek zuzendu nahi ditu orain hartu dituen neurriekin.
Zehaztu zutenez, iaz, Migrazio eta Kirol sailen bidez, asteburuetako erabiltzaileekin bitartekaritza lan bat egiten saiatu ziren egoera zuzentze aldera, baina saiakera hark porrot egin duela aitortu dute.
Horiek horrela, udalak asteburuetako erabilera aldatzea erabaki du, eta aurrerantzean asteburuetan pistak erabili ahal izateko aldez aurretik eskaera egin beharko da; hartara, inork instalazioaren erabilera desegokia eginez gero, udalak erabiltzaile hori identifikatzeko aukera izango du.
Neurriarekin “bizilagunen lasaitasuna eta atsedena” ziurtatu nahi dituzte, eta horregatik, asteburuetako erreserben sistema abian jarri arte Azkueneko kirol pistak larunbateko 13:00etatik astelehenera arte itxi egingo dituztela iragarri dute. Esan dutenez, lehenbailehen jarri nahi dute erreserba sistema martxan, modu horretan asteburuetako erabilera ere ahalbidetzeko.