Errenteria Musikalen izena emateko epea zabaldu dute gaur
Matrikula zabalik da gaurtik hasita, hilaren 24ra arte. Online egiteko aukera izango dute aurten interesdunek.
Errenteria musikaleko ikasleak. Errenteria Musikal Musika eta Dantza Patronatuak 2019/20 ikasturterako matrikula epea zabaldu du gaur. Interesdunek hilaren 24ra arte izango dute matrikula egiteko aukera, eta aurten aldaketa nabarmenarekin dator gainera, online egiteko aukera eskainiko dutelako. Eskolako ikasle direnek posta elektronikoa jasoko dute informazio guztiarekin. <ikasle berriek, berriz Errenteria Musikalen web orrian sartu beharko dute, datu pertsonalak osatu, eta adinaren arabera aukeratu ditzaketen ikasgaiak hautatzeko. Aplikazioak gidatuko ditu prozesu osoan zehar.
Errenteria Musikaleko egoitzan ere egongo da matrikulazioaren gaineko laguntza eskatzeko aukera astelehenetik ostegunera 08:00etatik 17:30era eta ostiraletan 08:00etatik 14:30era.
Matrikulazioa amaituta, taldeak eta ordutegiak antolatuta daudenean konfirmatu egin beharko dute matrikula, maiatza eta ekaina bitartean izango da hori. 2019/20 ikasturtean ere, hobesten diren instrumentuek doako matrikula izango dute: kontrabaxua, tuba, tronpa, tronboia, eskusoinua, klarinetea, bonbardinoa, biola, eta oboea. Bizikidetza unitatearen urteko sarrera gordinen arabera, matrikulan %65 eta %15eko deskontua izateko eskubidea izango da.
Oinarrizko errenta edo larrialdiko laguntza jasotzen dutenek %100eko hobaria izango dute. Tasetan ere deskontu nabarmenak daudela aurreko ikasturteekin alderatuta jakinarazi dute.
Informazio guztia Errenteria Musikalen web gunean kontsulta daiteke.
