Aizpea Otaegi: "Herritar eta eragileekin partekatu nahi dugu gure programa, eta haien ekarpenak jaso"
Hauteskundeei begira lokal berria zabalduko du hilaren 20an (asteazkena) EH Bilduk. Aizpea Otaegi alkatetzarako hautagaiak programa herritar eta eragilekin partekatu eta haien ekarpenak jasotzeko espazioa izango dela azaldu du.
Aizpea Otaegi alkatetzarako hautagaiak EH Bilduk hauteskundeei begira zabalduko duen lokala aurkeztu du gaur. Ez da bakarrik aritu aurkezpen ekitaldi horretan, Julen Mendoza alkatea eta Ahaldun Nagusirako EH Bilduren hautagai Juan Karlos Izagirre izan ditu ondoan. Otsailean EH Bilduren batzarrak bere hautagaitzari onarpena eman ziola ekarri du gogora Otaegik, “konpromisoa hartu nuen orduan hauteskunde programa eragile ezberdinekin eta herritarrekin partekatzeko, beren ekarpenak jasotzeko, eta hilaren 20an zabalduko dugun lokal honek horretarako aukera emango digu, herritarrekin eta eragile ezberdinekin egotekoa”.
Eragileei begira, bi norabidetan ari dela lanean koalizio subiranista zehaztu du alkategaiak, “eragile batzuei guk proposatu diegu bilera egitea, eta beste batzuen eskaerak jaso ditugu gurekin biltzeko. Bi norabideetan egindako gestioekin osatuko dugu egutegia”.
Lokal berria aurkeztea izan da gaurko agerraldiaren helburua, baina ez bakarra. Izan ere, Ahaldun Nagusirako EH Bilduren hautagai Juan Karlos Izagirre bisitan izan da Errenteria-Oreretan bertan egindako hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko. Otaegik berak eta Mendozak eman diote haien gaineko berri lehen eskutik. Bisita “interesgarria” izaten ari dela esan du Izagirrek, “herritarrekin egindako proiektuak, eragileekin eta elkarteekin elkarlanean sortutakoak dira, eta horrek bereziki interesgarri egiten ditu, behetik gora eraikitakoak direlako”.
Zentzu horretan, “eredugarria” dela Errenteria esan du Izagirrek, eta datozen urteetan ere hala izaten jarraituko duen segurtasun betea duela erantsi du. Inguruko herrien arteko elkarlana ere presente dagoela proiektu horietan esan du Ahaldun Nagusirako EH Bilduren hautagaiak, “hori ere garrantzitsua da, eta hurrengo agintaldian herrien arteko elkarlana sustatu nahi dugu aldunditik, azkenean garbi dugulako proiektuak aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela tokian tokiko eragile eta udalekin aritzea, bertako errealitatea ondoen ezagutzen dutenak beraiek direlako. Hurrengo agintaldian, aldundiaren lan ildoa, herrien eskaerak eta lehentasunak kontuan hartuta proiektuak aurrera ateratzea izango da”.
Herritarrekin izateko, haien ekarpenak entzun eta jasotzeko hilaren 20an (asteazkena) zabalduko ditu ateak EH Bilduren lokal berriak. Biteri kalearen 7. zenbakian kokatuta dago (Biteri Txiki) eta astelehen eta ostiraletan goizez izango da zabalik 10:00etatik 13:00etara; eta asteazken eta ostegunetan arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Posta bidez bozkatu nahi dutenek egin beharreko tramite guztien gaineko informazioa ere emango du koalizio subiranistak lokal berrian.