Gaztelubideren Orfeon de La Castañak hartuko du basilika
Gaztelubide elkartearen Orfeon de La castañak larunbatean 20:00etan egingo du emanaldia Madalenaren basilikan.
Gaztelubide Elkartearen Orfeon de La Castaña abesbatzak hartuko du Madalenaren basilika larunbatean. Gaur aurkeztu dute emanaldia Jose Luis Insausti eta izaskun Olaizola Maria Madalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideek eta Jaime Tejada eta Jose Luis Beñaranek, abesbatzako zuzendari eta abeslariak, hurrenez hurren.
1923an sortua, ahots grabez osatutako abesbatza da Orfeon de La Castaña, eta bertan ari diren abeslari gehienek Easo Abesbatza eta Donostia Orfeoitik heldutakoak direla esan du Tejadak, “lan kontuengatik edo utzi behar izan dugu askok eta orfeoi honetan gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko aukera izan dugu, abesten jarraitzeko”. Landutako ahotsak dira beraz, eskarmentudunak, eta larunbatean emanaldi bikaina eskaintzeko prest direla esan du. Emanaldiak bi zati izango dituela esan du zuzendariak, “lehenengo zatia erlijiosoa izango da, eta bigarrena, berriz, folklorea. Azken zati horretako abestiak oso sustraituta dauden doinuak izango dira”. Ez du zehaztu zeintzuk aukeratu dituzten, baina publikoen txaloen arabera bisei tartea emateko asmoz helduko dira Errenteriara. 30 abeslari arituko dira basilikako emanaldian.
Izenaren gaineko azalpenak eman ditu, bestalde, Tejadak, “izan ere agerraldi bakoitzean galdetzen digute ea nondik ote datorren gure orfeoiaren izena. Badirudi, Santomas egunez sortu zela eta elkartean gaztainak egosten ari zirela eta hortik hartu zutela ideia”.
Atzerrian ere izan direla azaldu du Beñaranek. 30 urte bete ditu berak Orfeon de La Castañan abesten eta horretan jarraitzeko asmoa azaldu du, “abestea gustatzen zaigulako”. Emanaldi paregabea ematen saiatuko diren hitza eman dute biek, eta errenteriar guztiak animatu dituzte basilikara hurbiltzera. Larunbatean 20:00etan izango da kontzertua.
Balantze “paregabea”
Urteko lehen hiruhilekoaren balantzea egiteko baliatu du gaurko agerraldia Insaustik. “Paregabea”, hala definitu du eta duela sei urte hasi zirenetik emanaldiak antolatzen basilikan ikusle kopurua etengabe ari dela gora egiten nabarmendu du. Beste eragileekin elkarlanean egindako emanaldiak ere ugaritu direla zehaztu du Insaustik, ” bederatzi kolaborazio genituen lotuta, eta dagoeneko hamabi ditugu, izugarria da erantzuna”.
Erantzun hori, gainera, ez da emanaldietara mugatzen. Izan ere, elkartetik bisita gidatuak egiten dituzte eta aurten jada bi egin dituztela eta beste hiru hitzartuta dituztela esan du.