Maite Peña da alkatetzarako EAJren hautagaia
Erronkari "gogoz nahiz ilusioz" helduko diola esan du Peñak hurrengo agintaldian, "errenteriarren alde lanean jarraitzeko".
Maite Peña aukeratu du Errenteriako EAJren batzarrak datozen udal hauteskundeetako alkategai izateko. Peñaren “lan gaitasun handia” eta “kudeaketa eraginkorra” nabarmendu ditu Markel Olano Ahaldun Nagusiak: “Bera da Errenteriak behar duen alkatea”. Alderdi jeltzaleak jakinarazi duenez, alderdiak berak eskatu dio Peñari berriz ere alkatetzarako hautagaia izatea, “sinetsita gaudelako errenteriarren arazoei erantzun ahal izateko oso baliagarria izan daitekeela bere esperientzia. Peñak gizarte politiketan egin duen “kudeaketa fina” nabarmendu du (Gizarte Politiketako diputatua da Peña), bestalde, Olanok, eta bi urrats garrantzitsu egin dituela, “alde batetik, gizarte zerbitzuen mapan agertzen ziren beharrei erantzun diegu; izan ere, 647 plaza berri sortu ditugu menpekotasun egoeran eta desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta, baita haurren eta nerabeen babeserako arloan. Berez aurreikusitakoa baina 34 plaza gehiago sortu ditugu, hau da, %6 gehiago”.
Beste aurrerapauso garrantzitsua Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratzeko Plana abiarazi izan dela zehaztu du Ahaldun Nagusiak, “plan pertsonalizatu baten bidez bazterkeria arriskuan dauden pertsonei egoera horretatik irteten laguntzeko. Erantzuna oso ona izaten ari da, gizartearen inplikazioa lortu baitugu, aldundiarena, udalena, jaurlaritzarena, garapen agentziena, hirugarren sektorearena eta enpresena”.
Alkategai izateko erronkari “gogoz eta ilusioz” helduko diola esan du Peñak hurrengo agintaldian, “errenteriarren interesen alde lanean jarraitzeko. Arduraz hartzen dut alderdiak alkategai izateko egindako eskaera, eta prest nago gogor lan egiteko ardura horri erantzunik egokiena eman ahal izateko”.
Agintaldi honetan aldundian egindako lanak Gipuzkoaren “ikuspegi zabala” eman diola erantsi du EAJren alkatetzarako hautagaiak, eta bertan ikusi eta ikasitakoak baliagarri izango dituen zalantzarik ez du, “Errenteriari behar duen bultzada eman diezaiogun. Konpromiso sendoa dugu ekonomia suspertzeko, komertzioa, industria eta enplegua bultzatzeko. Desberdinkeria gutxiago duen Errenteria bat nahi dugu, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa, gizarte bazterkeria gutxiagorekin. Ekonomiaren suspertzea eta gizarte babesa txanpon beraren bi aldeak dira”.
Gizarte kohesioa nabarmendu du Peñak, “hura mantentzea ezinbestekoa baita, egoera zailak bizi dituztenak bide horretan galdu ez daitezen”. Bizi kalitatea ezinbestekotzat jo du gainera, “Errenteria eroso, garbi, bizi eta seguru bat nahi dugu, berdinzalea eta hori lortzeko gogor lan egiteko prest gaude”. Olanok gipuzkoarrei emandako hitza bete dutela erantsi du, “gure ongizate eta gizarte kohesio eredua indartu dugu, aurreko agintaldiko paralisi, gatazka eta inposizio garai hura atzean utzita. Besteak beste, hondakinen arazori behin betiko konponbidea eman diogu, Pasaialdeako biziberritzeari heldu diogu, eta Errenterian ere hainbat proiektu eginda auzoak berrurbanizatzeko”.