[Kirol agendarekin] Asteburua mamitsu dator
Allerruk, Munttarpek, Jaixkik eta Gaintxuk asteburuan partida oso garrantzitsuak dituzte. Batzuen helburua igotzea da, besteena ez jaistea.
Hemendik aurrerako asteburuak mamitsuak izango dira. Bai behintzat Lezoko kirol taldeei dagokionez. Honakoa, horren erakusle. Futboleko, eskubaloiko eta areto futboleko herriko taldeek asko dute jokoan gaur eta bihar artean. Zatika.
Allerru Kirol Elkartearen gizonen talde nagusiak finala —edo final antzekoa— du bihar (larunbata) Real Union Bren zelaian (17:00). Erregional Ohorezko Mailako 14. dira lezoarrak 28 punturekin, eta 15. dira irundarrak puntu bat gutxiagorekin. Oraingoz, jaitsiera zuzenaren muga 16. postuan dagoen arren (18 taldeko multzoa da), bai ala bai 15. lekua saihestu behar dute taldeek. Zergatik? Hirugarren Mailan Ordizia taldea mailari eusteko borrokan dagoelako. Goierriko taldeak maila galduko balu, Erregional Ohorezkora jaitsiko litzateke, eta haren olatuak 15.a Erregional Preferentera eramango luke. Honakoa 26. jardunaldia da Ohorezko Mailan; larunbatean gauzak ondo joaten ez badira, badago erreakziorako aukera. Baina hobe etxeko lanak denboraz egitea, azken unean sufritzen egon baino. Joaneko partidan husnako berdinketa egin zuten Plazetan.
Munttarperen gizonen taldeak ere partida oso garrantzitsua du bihar Bekoerrotan (18:00). Urnieta taldea jasoko dute 28 punturekin Gipuzkoako Lehen Mailako lider diren lezoarrak; Urnieta hirugarren da, 23 punturekin (partida irabaziko bi puntu ematen dituzte eskubaloian). Hortaz, Munttarpek irabazten badu, bi aldeko ondorio: mailaz igotzeko kanporaketan sartzeko ia atzera ezinezko urratsa egingo dute, eta gainera, Liga irabazteko hautagaitza erabat sendotuko dute. Joaneko partidan 31-34 irabazi zuten lezoarrek.
Areto futbolean ere saltsa. Azalpena behar du honek. Gaur eta Bekoerrotan (21:50) Soraluze jasoko du Jaixki AFTk. Gaur ere, Orixe Tolosaldearen kantxan jokatuko du Gaintxu AFTk (20:45). Hau da katramila: Jaixki Gipuzkoako Lehen Mailako bigarren da 47 punturekin, eta Gaintxuren gaurko aurkaria, Orixe Tolosaldea, lehena da 48 punturekin. Hortaz, Jaixkik irabazten badu, eta Gaintxuk berdindu edo irabazten badu, Jaixki lider jarriko da. Beraz, HITZAren deia —barkatu ausardiagatik eta inoren bizitzan/kirol ibilbidean sartzeagatik—: herritarren arteko elkartasuna beharrezkoa da gaur, eta Jaixkik bere lanak ongi egiten baditu, eta Gaintxuk ezustekoa eman Tolosan, bil daitezela bi taldeetako kideak gau partean Lezon garagardo parea hartzera. Izan ere, gaur Gaintxuk Tolosaldearen kantxan punturen bat urratzen badu, ziur Jaixkikoek faborea itzuliko dietela.
Aurrekoak, Lezoko kirol taldeei dagokionez, interes handieneko guneak. Jarraian, asteburuko kartelera osoa:
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Real Union B-Allerru, bihar (larunbata) 17:00etan irungo Galen (bigarren zelaian).
Emakumeen Gorengo Maila, Kopa
- Allerru-Bergara, bihar (larunbata) 17:30ean Plazetan.
Gizonen Gazteen Ohorezko Maila
- Allerru-Mariño, bihar (larunbata) 15:30ean Plazetan.
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Kopa
- Allerru-Landetxa, bihar (larunbata) 19:30ean Plazetan.
ESKUBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Munttarpe-Urnieta, bihar (larunbata) 18:00etan Bekoerrotan.
Emakumeen Gipuzkoako Liga, 1-4 postuen lehia
- Atseden du Munttarpek
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Jaixki AFT-Eskoriatza, gaur (ostirala) 21:50an Bekoerrotan.
- Orixe Tolosaldea-Gaintxu AFT, gaur (ostirala) 20:45ean Tolosako Uzturpe pilotalekuan.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Take Coach-Kurkubi SBK, bihar (larunbata) 14:00etan Tolosako Usabal kiroldegian.