Emakumeen Etxearen festa egingo dute larunbatean
Mahai ingurua, batukada feminista eta DJa, antolatu dituzte Emakumeen Etxearen festa egiteko. Emakumeen Etxea astelehen eta ostiraletan 0900etatik 13:00etara izango da zabalik, eta asteartetik ostegunera, 16:00etatik 20:00etara.
Emakumeen Etxearen festa egingo dute larunbatean. Hilabete hasieran zabaldu zituen ateak Mariasun Landa Sarien banaketarako, eta atzo ate irekien jardunaldia egin zuten bertan, batez ere inguruko bizilagunek hura ezagutzeko aukera izan zezaten. Asko hurbildu ziren etxea eta proiektua ezagutzera. Festa, berriz, etzi helduko da. Emakumeen Etxeko Batzarrak antolatu du eta proiektua ezagutaraztea du helburu.
Jaiaren berri emateko agerraldia egin zuten Emakumeen Etxearen Batzarreko kideek atzo. Arratsaldez antolatu dute egitaraua eta mahai inguruarekin ekingo diote 17:30ean. Emakumeen Etxearen proiektua aurkeztuko dute bertan. Azken urteetako ibilbidea eta proiektuaren garapena kontatuko dute parte hartze prozesuan aritu diren emakumeek, baina ez dute nolanahi egingo, hitzez egingo duten kontaketa Mercedes Coretge ilustratzaileak marraztuko duelako.Umorea ere ez da faltako. Virginia Imaz arduratuko da azken horretaz, Klownklusioak egiten.
Festa izanik ezin zuen musikak falta. Euskal Herriko Batukada Feminista arduratuko da horretaz. 18:30ean abiatuko da Emakumeen Etxetik eta herriko kaleetan barrena ibiliko da. Ordubete beranduago hasiko da festa emakumeentzat Emakumeen Etxean. Zizka-mizkak izango dira Union Cinco Estrellas Elkarte Interkulturaleko emakumeen eskutik, eta DJ Txankletak alaituko du giroa. Emakume taldeetako kideei, talde feministetako kideei eta norbanako emakumeei deia egin die batzarrak Emakumeen Etxera hurbildu eta festan parte hartzeko, «proiektua gertutik ezagutu eta festa eguna gurekin ospatzeko».
Jaia aurkeztu zuten agerraldian, baina Emakumeen Etxearen proiektuaz ere mintzatu ziren. Emakumeen Etxearen gaineko aldarrikapena ez dela berria zehaztu zuten, «1980 hamarkada amaiera eta 1990 hamarkada hasieran mugimendu feministak aldarrikatu zuen beharrezko zirela espazio komunak artikulatu ahal izateko. Mugimendu feminista ez da alderdi politiko bat, ez du egiturarik, batzar bidez funtzionatzen du eta batez ere, anitza da. Hortik hasi zen topagunerako espazioak aldarrikatzen sortzen ari zen indar guztia artikulatzeko».
Lehen etxeak, Ermua, Eibar eta Arrasaten sortu ziren, eta emakumeen topagune izateaz gain, instituzioei inplikazio handiagoa eta berdintasun politika errealak abiatzea eskatzeko espazio ere bilakatu ziren, «indarkeria matxistaren aurka eta sistema patriarkalaren kontra ekiteko tresna eraginkor bihurtu dira gainera, batez ere Donostiako Emakumeen Etxea sortu zenetik».
Ibilbideari errepasoa
Errenteriaren ibilbideari ere egin zioten errepasoa. 2007-2008an I Berdintasun plana martxan jartzeko deia egin ziela elkarteei gizarte zerbitzuetako departamenduak ekarri zuten gogora. 2010eko irailean sortu zen Berdintasunerako Kontseilua, «berdintasun plana garatuko zela bermatzea zuen eginkizuna, eta emakumeen parte hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzea, baita udal politiketan genero ikuspegia txertatzea ere».
II Berdintasun Plana onartuta Berdintasun Sailak eta Berdintasunerako Kontseiluak parte hartze prozesua jarri zuten martxan mugimendu feministak hiru hamarkada aurretik egindako Emakumeen Etxearen eskaera historikoari erantzuteko. 2016an jarri zen martxan prozesu hori, eta bertan, 20 eta 70 urte arteko 100 emakumetik gora hartu dute parte.
Errenteriako Emakumeen Etxea elkarlanaren bidez beste errealitateak ezagutu eta emakumeek harremantzeko espazioa izan nahi du; formaziorako eta eztabaidarako eremua, «emakumeen arazo komunak eraldatzen laguntzeko». Kontzientziazio eta ekintzailetzarako espazioa ere izan nahi du, «esperientziak, iritziak eta jakintzak partekatzeko.Indarkeria egoerak bizitzen ari diren emakumeei bitartekoak, babesa, akonpainamendua eskainiko dien espazioa, baita indarkeria matxistaren kontra lan egin nahi duten emakumeentzat espazioa ere».
Horren harira hiru ekintza ardatz izango dituela zehaztu zuten: Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeei profesionalek zein boluntarioek emango duten arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du etxeak; hitzaldi eta tailerrak; eta ahalduntze eskola.
Astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara izango da zabalik Emakumeen Etxea, eta asteartetik ostegunera, 16:00etatik 20:00etara. Emakume guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera, «protagonista izatera».