'Desberdintasunak eta abstentzioa Errenterian' Zubiak EraikiZ kolektiboaren eskutik
Braulio Gomez ikertzaileak eta datuak ikusarazten aditua den Pablo Reyk hartuko dute hitza, eta azken horrek Errenteriako abstentzioaren mapa aurkeztuko du, auzoka zein errolda sailen arabera.
Desigualdades y abstención electoral en Errenteria (Desberdintasunak eta abstentzioa Errenterian) hitzaldia antolatu du Zubiak EraikiZ kolektiboak asteazkenean (hilak 27). Braulio Gomez ikertzaileak eta datuak ikusarazten aditua den Pablo Reyk hartuko dute hitza, eta azken horrek Errenteriako abstentzioaren mapa aurkeztuko du, auzoka zein errolda sailen arabera. Oarsoaldea eta Donostiaren egoeraz ere hitz egingo dute bi adituek.
Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta Madrilgo Complutenseko Zientzia Politikotako eta Soziologiako doktorea da Gomez. Bazterketa soziala eta abstentzioaren arteko harreman zuzenaz mintzo da aditua bere ikerketetan. Errenta baxuagoa duten auzoetako herritarrak dira gutxien bozkatzen dutenak. Errealitate hori, gainera, bereziki nabarmena omen da “bonbardaketa elektorala” datorren unean,”hauteskunde orokorrak, udal hauteskundeak, foralak, Europakoak ditugu bertatik bertara”.
Adituaren arabera, hauteskundeak existitu ere ez dira egiten egoera okerrenean dauden herritarrentzat: “Abstentzio estrukturala da”. Abstentzioa, bizitza sozialetik “deskonektatuta” dauden pertsonen “kontzentrazio altuari” egotzi dio Gomezek, eta horri bazterketa egoeran dauden herritarrek duten politikaren “eraginkortasun gabezia sentimendua” gehitu dio, “demokraziaren darama da, errekurtso gutxien duten pertsonek beren ahotsa eta iritzia ez dela aintzat hartzen uste dute”.
Kontrakoa gertatzen da aberatsekin, “auzo aberatsenetan bizi direnak bozkatzera joaten dira, beren egoera soziala mantentzen jarraitzeko berme gisa ikusten dutelako. Mundu politiko horrek ordezkatzen dituela eta beren interesak defendatzen dituela sentitzen dute, kontziente dira haien bozkak beren etorkizunean eragingo duela”.
Demokraziaren “zulo beltzat” jo du egoera ikerlariak. Ez omen da egungo arazoa, urrutitik omen dator, eta estrukturala da: “Hauteskundeei eta politikari paso eginda, errenta handiagoa duten herritarrei botere eta eragiteko aukera gehiago ematen diete”. Emaitza argia da, herritarren zati garrantzitsu bat kanpoan gelditzen da, “eta politikariek ez dute ere saiakera handirik egiten haiek berreskuratzeko”. Kapital politikoaren birbanaketa giltzarria dela dio Gomezek kalitatezko demokrazia lortzeko, “herritar horiek desmobilizatuta badaude, politikariek ez dute inongo interesik beren eskaerei erantzun edota aintzat hartzeko, eta arreta zerbait lortzea duten espazioetan jarriko dute. Oinarrizkoa da desberdintasun politikoa alderdien agendan sartzea”.
Lehen aldiz egingo dute hitzaldi hori Gipuzkoan, aurretik Bilbo eta Gasteizen izan dira. Reina Aretoan izango da hitzaldia 18:30ean hasita.