Irabaziz: 'Lehenago ixtea zuen transferentzia gunea PSE-EEk; ez du nahi izan'
'Kea saltzea' egotzi dio Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak PSE-EEri, eta errenteriarren aldeko jarrera "aktiboagoa" erakusteko eskatu.
Markoko transferentzia guneak jasotzen jarraituko du Urola Kostatik eta Txinguditik heldutako hondakinen kamioiak ‘Kea saltzea’ egotzi dio Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak PSE-EEri, eta errenteriarren aldeko jarrera “aktiboagoa” erakusteko eskatu. Alderdi sozialistako Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuak Jose Angel Rodriguez PSE-EEren alkatetzarako hautagaiarekin batera asteazkenean egindako agerraldian egin zituen adierazpenen harira heldu da Irabazizen erantzuna. Zubietan kokatutako errauste planta martxan jartzearekin batera San markoko transferentzia gunea itxiko dutela esan zuen Asensiok agerraldi horretan, eta urte honetan bertan izango dela hori erantsi.
Haserre azaldu da Errenteria Irabaziz baieztapenarekin, eta San Markoko transferentzia gunea lehenago ixtea zuela PSE-EEk esan du, baina ez duela nahi izan. Itxiera lorpen gisa aurkeztea gogor kritikatu du hautesle elkargoak, “erabaki horrekin baieztatu dute alderdi sozialistak transferentzia gunearen kokapena errauste planta eraikitzeko presio elementu gisa baliatu duela. Azti gisa azaldu zaizkigu Rodriguez eta Asensio transferentzia gunearen itxieraren berri emateko”.
Transferentzia gunea lekualdatzeko aukera izan duela alderdi sozialistak nabarmendu du Irabazizek, “nahi izanez gero egitea zuten, 2016ko apirilaren 26an Errenteriako Udalak plenoan onartutako mozioak eskatu zien bezala”. Mozio horrek GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioari Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak jasotzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko eta hala egin ezean San Marko Mankomunitateari baimenik ez ematea, eta San Markoko transferentzia gunea itxi eta leku aldatzeko eskatu zuen. Txingudi eta Urola Kostako mankomunitateetatik datozen 27 kamioi trailer pasatzen dira Errenteriatik egunero. PSE-EEk ez zuen mozioa babestu, “GHK-tik egindako proposamenaren alde egin zuen San Marko Mankomunitatean alderdi sozialistak. GHK PSE-EEk eta EAJk kudeatzen dute. Beraiek kozinatu eta beraiek jan”.
Hauteskunde aurreko garaian transferentzia gunearen itxiera “saldu” nahi izateak hiru urte geroago, alderdi sozialistaren “porrota” baino ez omen du erakusten, “mankomunitatearen zein aldundiaren kudeaketan izan duen porrota”.
