Josu Iztueta: "‘Arrastoan’ dokumentala da gure jakin-mina asetzeko aitzakia"
‘Arrastoak’ dokumentala aurkeztuko du bihar Albaolan Nairobitarraren sortzaile Josu Iztuetak; jarraian, Laponiako inprobisatzaileek, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendirekin abestuko dute.
Arrastoan dokumentala aurkeztuko duzu bihar Albaolan. Zer kontatzen du ikus-entzunezkoak?
Dokumentala Pablo Dendaluzek grabatu eta editatu du, eta gu, pelikula horren protagonistetako batzuk gara.
Dokumentalean zeharkaldi txiki bat kontatzen da, kirol ikuspegitik garrantzirik gabeko izan daitekeena beharbada, 100 kilometro besterik ez genituelako egin, baina, esanguratsua, 1974. urtean Laponiara joan ziren lehenbiziko euskaldunen arrastotik egin genuelako zeharkaldia. Hortik Arrastoan izenburua, ulertzen dugulako ez dugula guk biderik ireki, baizik eta gu aurrekoek irekitako bideetatik goazelako, eta igual, noizbait, beste batzuk guk irekitako bidetik joango direlako.
Guretzat Arrastoan da baita ere hizkuntza baten aitzakian eskolak bisitatzea; eta arrastoak dira hango elur oreinen artzain bat topatzen badugu harekin egotea. Azken finean, guretzat Arrastoan dokumentala gure jakin-mina asetzeko aitzakia da.
Eta nola sortu zen dokumentala egitearen ideia?
Tolosan, lagunartean, espezialistak gara aitzakiak bilatzen, gero aitzakia horren haritik tiraka gustuko duguna egin ahal izateko.
Nik 16 urte nituen euskaldunek Laponiara lehen espedizio hura egin zutenean, eta niretzat 16 urte nitueneko erreferentziak ez ziren garaiko futbolariak eta horrelakoak: bidaiatzen zuten pertsonak ziren, mendizaleak eta halakoak.
Dozena bat aldiz izana naiz Laponian neguan, eta pentsatu nuen zerbait egin genezakeela, polita, garai hartakoak gogoratzeko, eta guk bizitzakoak ezagutarazteko. Horregatik, gureak kiroletik badu zerbait, baina nik uste dut kultur jakin-minatik gehiago duela. Horregatik sortu da dokumentalaren ondoren bertsolari eta inprobisatzaileekin bertso saioa egitearen ideia.
Azaldu behar da Albaolara ez zatozela bakarrik. Laponiako samien ordezkaritza bat Euskal Herrian da zuek gonbidatuta, eta haiek ere izango dira San Pedroko Itsas Kultur Faktorian.
Bai, hala da. Besteetan han izan garenean beti izan dugu hango norbaitekin harremana, baina lehengo irailean eman zen kasualitate bat, akaso kasualitatetik gutxi duena. Iker Iriarte alegiarra eta bertso jartzailea, ni neu, Maialen Lujanbio, Lorea Agirre eta beste bi lagunek Helsinkitik gora bidaia egin genuen Laponiara. Sami herriaz genekiena kontatu genion elkarri: samien hizkuntzaz, inprobisatzaileez… Eskola bat bisitatu genuen, irratia bisitatu genuen, eta mahai baten bueltan erabaki genuen behin puntua jarrita bertsoa bota behar genuela, eta hura guztia ezin zela asmo huts batean geratu.
Pentsatu genuen dokumentala eginez gero eta filma Tolosan emanda, pelikula bera diru iturria izan zitekeela hango batzuei hona etortzeko bidaia txartela ordaintzeko, eta hala eginez gero, hangoak inprobisatzaileak izan zitezela erabaki genuen, Maialen Lujanbio bertan zegoelako. Berak hartu zuen konpromisoari esker Zaldibiko saioa [gaur, 20:30ean, Zaldibiko antzokian] eta Albaolakoa egingo ditugu, besteak beste, Maialen Lujanbio Laponian ginela hango kantu inprobisatzaile puntakoenetako batekin egoteko aukera izan zuelako.
Nairobitarra bidaia agentziaren sortzaileetako bat zara zu, eta Laponiara bidaia hamaika aldiz egindakoa zara. Zergatik?
Erakargarri egiten zaidalako, eta niri ezagutzen dudana partekatzea erakargarri egiten zaidalako. Gaztea nintzen hara joan nintzen aurrenekoan, eta ziurrenik hura asko aldatu da, eta gu ere asko aldatuko ginen, baina asko maite dudan herrialdea eta jendea da hangoa.
Samien kulturatik, zuri pertsonalki, zer da gehien erakartzen zaituena?
Miresmen handia diet baldintza gogorretan bizi diren gizakiei, izan basamortu idorrean 50 graduko tenperaturan bizi diren sahararrak, eta baita alderantziz ere, klima hotzetan biziraun duten kulturei halako miresmen puntu bat badiet. Izan daiteke baita ere baldintza ekonomiko gogorretan bizi den jendea, edo Bolivian Altiplanoan bizi den familia. Hori alde batetik.
Bestetik, hemen bizi, eta jaio naizen lekuan jaiota, eta gauden lekuan gaudelako, halako paralelismoen bila ere ibiltzen gara: hizkuntza gutxituen arrastoan, besteen hizkuntzak nolakoak ote diren, nola kudeatzen dituzten beren eskolak, beren transmisioa, beren testu liburuak, bai ote dagoen antzerkirik, bai ote dagoen… Hortik ere dezente izan dugu.
«Finlandiako samiak dira gutxiengo bat hizkuntza gutxituan; irla batean irla txikia»
«… gutxiengo errekonozitua zarenean, seguruenik salbazioa daukazu»
«[filmaz] kiroletik badu zerbait, baina kultur jakin-minetik gehiago du»
Beste alde batetik, niretzako bereziki erakargarria da beren bizimoduetako bat: elur oreinen artzaintza. Garai batean ehizatzen zituzten elur oreinak, XVI. mendean-edo animalia transhumante horiek etxekotuta artzain ere izan zitezkeela ikusi zuten arte. Nire familian baditut artzainak, nire aita gaztetan ere izan zen artzain, eta horrek ere lotzen ninduen, pasaia bati lotutako bizimodu zuzenetako bat hori izango delako.
Orain dela 35 urteko perspektiba batetik ari naiz, baina azken finean, nik uste dut ez dudala interes edo motibazio bakarra. Nik uste dut motibazio txiki asko ditudala han, eta geroztik hori guztia erakutsi eta partekatu nahian joan naizela Laponiarantz.
Samien hizkuntzari erreparatuta, zer nabarmenduko zenuke? Zein ezaugarri nagusi ditu samien hizkuntzak?
Alemana, ingelesa, suediera, daniera, norvegiera… Europako beste hizkuntza familia handi batean sar litezke, baina suomierak —finlandierarena— eta samiera, beste familia hizkuntza batekoak dira. Beraiek hizkuntza propio bat dute beste nazio hizkuntza batean. Sami finlandiarrek samieraz hitz egite dute, beraien dialektoan, eta horrez gain finlandieraz dakite; norvegiarrek samiera hitz egiten dute beren dialektoan, eta norvegiera dakite, eta berdin suediarrak, eta Kola penintsulan bizi direnak.
Piperrik ere ulertzen ez dugun hizkuntza bat da, baina era berean konturatzen zara, zuk ezer ere ulertzen ez duzun hizkuntzan jendeak transmititzen dituela sentimenduak, aginduak, kantuak, ehizatzeko teknikak… Horrek egiten du ere erakargarri.
Gure hizkuntzaren egoera duela 35 urte modu batekoa zen, eta orain askoz hobea da, noski, eta haienak ere egin du ofizialtasunetik hobera. Zer gertatzen da? Gutxi direla, distantzia handian bizi direla, oso sakabanatuak, eta neguan askotan ezin dutela distantziarik egin elurra eta izotza dagoelako.
Beste faktore batzuk dituzte zailago egiten dutenak hizkuntzaren transmisioa, baina ere berean, herrialde aberats batean, gutxiengo errekonozitua zarenean, seguru asko salbazioa daukazu.
Errusiako Kola penintsulakoen egoera, noski, ez da berdina, Errusiako Estatuaren jarrerak, ziur asko, bateratzera joko duelako.
Beti goraipatzen da estaturik gabeko herri bat izan, eta beren kultura eta hizkuntzari eusteko egin duten bidea. Ados al zaude horrekin?
Bai, bai… eta gehiago da finlandiera munduan bakarrik 5.000 lagunek hitz egiten dutela kontuan hartuta, Finlandiako samiak dira gutxiengo bat hizkuntza gutxituan; irla batean irla txikia izatea bezala da.
Samien kulturaren ordezkari esanguratsuak dira joik kantu inprobisatzaileak.
Albaolan, bihar, horiek zuzenean ikus eta entzuteko aukera izango da. Nolakoa da samien kantu inprobisatua?
Inprobisatutik badu, baina ez beti. Ez da hemengo bertsolaritza bezalakoa, beste modu batekoa da. Askotan, onomatopeiak erabiltzen dituzte, haizea edota errekaren soinuak, elur oreinak elurretan egingo lukeen zarata… Eta hori guztia oso zaila da itzultzen. Horregatik Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendirentzat desafio bat izango da, baina ziur gaude moldatuko direla eta eskertu nahi diegu, asko-asko, egingo duten ahalegina.
Bertso saio berezia izango da, ezohikoa.
Prestatzen dabiltza. Joik inprobisatzaileak asteazkenean datoz [herenegun] eta pare bat egun izango ditugu elkar ulertzeko. Zaldibian ostiralean dugu bertso saioa [gaur], eta aurretik Oihana Iguaranen arditegia-eta bisitatuko ditugu, hor ere bi kulturen arteko paralelismo bat badagoelako. Haiek elur oreinen lurretik datoz eta hemen ardiak ikusiko dituzte, eta ardi horietako zaintzaileetako bat Oihana Iguaran bertsolaria da, beraz, uste dut, konexioak bilatuko ditugula.
Egitaraua
- Noiz. Bihar.
- Non. San Pedron, Albaolaren Itsas Kultur Faktorian.
- Ordua. 18:30.
- Zer. Arrastoan dokumentalaren aurkezpena, Pablo Dendaluze, Josu Iztueta, Aitor Ossa, eta Iker Iriarterekin. Ondoren bat-bateko bertso saio berezia Laponiako joik inprobisatzaile Ursula Lansman eta Tuuni Parttirekin, eta Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.
- Antolatzaileak: Pasaiako Udala, Albaola, Jakin, Garabide eta Kaxoia.