Terrakotazko gerlariak erakarriak
Bigarren asteburua du 'Terracota Warriors' erakusketak Trintxerpen eta jendetza pilatzen jarraitzen du.
Lehen asteburuan 2000 lagunek bisitatu zuten Trintxerpeko Ziriza etxean zabaldu duten Terrakotazko gerlarien erakusketa, eta bigarrenean, ez dirudi fenomenoak indarra galduko duenik.
Gaur goizean jendetza ibili da Zirizan erakusketa ikusten. Ateak zabaldu eta berehala bete dira aretoak, eta arratsaldean eta batez ere bihar, jende gehiago espero da.
Probintziatik heldu da jende gehiena, baina baita urrutiagotik ere, harreran lanean dabiltzan gidariak nabarmendu dutenez, frantsesak batez ere.
Txinako kulturak erakarrita datoz asko-eta asko, munduko zortzigarren mirariaren gainean han eta hemen irakurri eta entzundakoak aurrez aurre ikustera. Eta pozik eta asebeteta irten dira gehienak Zirizatik, bisitak merezi izan duelakoan.