Gizarte laneko Espainiako Estatuko saria jasoko dute pentsiodunek
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduari aitortza egingo dio Espainiako Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak urteroko sari banaketan. Errenteriako eta Azpeitiko bi pentsiodunek jasoko dute saria ostiralean.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimendua sarituko du Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiko gobernu batzordeak. Erakunde eta entitateen kategoriako Espainiako Estatuko Gizarte Laneko VII. saria emango diete pentsiodunei; kategoria horretan, herritarren parte hartzea sustatu eta gizarte kontzientzia astintzen duten erakundeak saritzen dituzte. Gizarte langileek, pentsiodunek pentsio sistema publikoaren alde egiten ari diren borrokarekin “erabat” identifikatzen direla esan dute Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiko gobernu batzordeko kideek, “Gizarte lanak aurrera egingo badu zuena bezalako entitateei esker izango da”.
Pentsiodunen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugimenduak adostuta, Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko bi kidek jasoko dute saria guztien izenean, Errenteriako eta Azpeitiko bi pentsiodunek, zehazki.
Donostiako Miramar jauregian izango da sari banaketa ostiralean, 18:00etan. Pentsiodunen mugimenduarekin batera beste bi pertsona ere sarituko dituzte: Ana Isabel Lima Fernandez gizarte langilea bere ibilbideagatik, eta Sandra Sabates kazetaria justizia soziala eta parekidetasunaren alde egiten duen lanarengatik.