Larunbatean lehiatuko da San Pedroko X. Test Estropada
Lau txandatan lehiatuko da, 16:30etik aurrera, erlojupean
Udaberriko klasiko bat da, denboraldia hasi aurreko termometroa, elkarri neurria hartzekoa. San Pedroko X. Test Estropada larunbatean lehiatuko da, 16:30etik aurrera.
Erlojuaren kontra lehiatuko dira traineruak, banaka, eta irteerak minutuero aginduko dira, Torretik irten eta bokalerantz.
Beteranoen eta Nesken Senior mailetan lehiatzen direnek bi luze eta ziaboga bat osatu beharko dituzte, eta Senior mutilek lau luze eta hiru ziaboga.
Parte-hartzaileak lau txandatan irtengo dira, eta txanda artean bost minutuko atsedenaldiak izango dira.
Lehen txandari San Juango gazteen traineruak emango dio hasiera eta San Juan-Koxtaperekin amaituko da; Elantxobe izango da irteten lehena bigarren txandan eta Getxoko traineruarekin amaitu da; Hirugarren txandari, Donostiarra B ontziak emango dio hasiera eta San Juan A traineruak bukaera; azkenik, laugarren txanda, Astillero ontziarekin hasiko da, eta Bermeo traineruarekin amaitu.