11 lan ildo eta 58 proiektu biltzen dituen hauteskunde programa aurkeztu du EH Bilduk
Hiru oinarriren gainean eraiki duela programa EH Bilduk azaldu du Aizpea Otaegi alkatetzarako hautagaiak: "Pertsonen beharrak eta duintasuna, politika publikoen erdigunean jarri ditugu". 'Bizimodu duinak erdigunera' eremuarekin batera, 'komunitate sena' eta 'ingurune abegikorra' dira programaren oinarriak.
EH Bilduk udal hauteskundetarako prestatu duen herri programa proposamena aurkeztu zuen atzo Aizpea Otaegik, koalizio subiranistaren alkatetzarako hautagaiak. Ez zuen bakarrik egin, gaur egun zinegotzi diren eta datorren agintaldian bidelagun izango dituen Itziar Ostolaza eta Bernar Lemosekin batera azaldu zen prentsa aurrean.
EH Bilduk apirilaren 6an emango du ezagutzera bere hautagaien zerrenda. Dagoeneko osatuta dagoela zerrenda hori jakinarazi zuen Otaegik, eta oinarriek ontzat emanda dagoela. Ekitaldi publikoa egingo du horretarako Merkatuzar aretoan 12:00etan. Egun zinegotzi diren lau kidek hautagaien zerrenda osatuko duela aurreratu zuen halere Otaegik: “Bernar Lemos, Itziar Ostolaza, Eñaut Gracia eta Garazi Lopez de Etxezarreta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren izango dira zerrendan”.
Batzarrak programaren oinarri bat dagoeneko landuta zuela bera alkategai aukeratzeko unean esan zuen eta udal programaren oinarria hartuta eragile ezberdinekin kontrastatu eta aberasteko konpromisoa hartu zuela azaldu, “dagoeneko hasiak gara eragileekin bilerak egiten eta ekarpen batzuk ere jaso ditugu eta programa proposamenean txertatu. Egia da, oinarria edo funtsa dagoeneko landuta dagoela”.
Hiru oinarriren gainean eraiki du programa EH Bilduk, “tipula moduan irudikatzen ditugu hiru eremu edo oinarri horiek, bihotz bat du, erdigune bat, bizimodu duinak erdigunean deitu diogu; bigarren kapa, komunitate sena litzateke; eta hirugarrena, ingurune abegikorra deitu duguna”. Hiru eremu horiek 11 lan ildo biltzen dituzte, eta 58 proiektu. Programa “zehatza” eta “propositiboa” egiten saiatu dela koalizioa esan zuen Otaegik, “jasotzen dena proiektu egingarriak dira”.
Eremu bakoitzaren inguruan koalizio subiranistarentzat esanguratsuenak direnak aletu zituen alkatetzarako hautagaiak atzoko agerraldian. Bizitzak erdigunean esaten dutenean pertsonen beharrak eta duintasuna politika publikoen erdigunean jartzeaz ari direla azaldu zuen Otaegik, “horri erantzuteko herri gisa ditugun baliabideak ahalik eta ongien banatzea da xedea”. Eremu horretan, atzo bertan Errenteriako Udalak jaso zuen sariari egin zion erreferentzia, “gizarte politiketan egindako inbertsioagatik jaso du aitortza eta saria, eta horri eutsi nahi diogu; bermatu nahi dugu zaurgarrien diren kolektibo eta pertsonek izango dituztela beren esku aurrera ateratzeko behar dituzten baliabideak”. Horrekin lotuta zerga politika progresiboa eraikitzea da euren proposamena, “norberaren diru sarreretan oinarrituta dagoena”.
Etxegabetzerik gabeko herria izaten jarraitu nahi dutela berretsi zuen atzoko agerraldian Otaegik, bestalde, “beraz lanean jarraituko dugu horretan diharduten eragileekin”.
Eremu horretan proiektu garrantzitsua da EH Bildurentzat ateak zabaldu berri dituen Emakumeen Etxea. Indarkeria sufritzen duten emakumeentzako erreferentziazko espazioa izatea nahi dute hori, “arreta erreparatzailea jasotzeko bidean, bai beraientzat, baita beren seme-alaba edo ardurapeko adin txikikoentzat ere”.
Etxebizitza dotazionalak eta adinekoen kontseilu soziala
Adinekoentzat ere baditu proposamen eta proiektu zehatzak EH Bilduk bere hauteskunde programan. Batetik, etxebizitza dotazionalak eraiki nahi ditu haiei begira udal liburutegia egun dagoen eraikinean: “Bakarrik bizi nahi ez duten adinekoentzako etxebizitza dotazionalak eraikitzea da helburua datozen urteetan”. Adinekoen kontseilu soziala sortu nahi du, gainera, EH Bilduk: “Lehen eginkizuna adinekoen egoeraren diagnostikoa egitea, eta hortik politika zehatz eta adostuei bide ematea; besteak beste proposatuko diegu, neurri batean beraiengandik jasotako ekarpenak dira, esperientziaren eskola martxan jartzea, eta baita adinekoen behatoki bat ere”.
Txikienei begira ere osatu du programa EH Bilduk. Jolas eremuak estaltzeko hainbat iniziatiba garatu direla azken urteetan nabarmendu zuen Otaegik, eta datorren agintaldian ere gutxienez bi jolas eremu estaltzea aurreikusi dute, Agustinak eta Kaputxinoak auzoetan.
Bizimoduak erdigunean jartzeko garaian gazteei zuzendutako politikak egitea ere garrantzitsua izango dela esan zuen. Horren harira, enplegu plan berezituak landuko dituztela, eta etxebizitza aukera errealak izan ditzaten etxebizitza komunitarioaren aukerarekin batera alokairuan bizi nahi duten gazteentzako diru laguntzak indartzea aurreikusi dute.
Habian sorkuntza eremuari ere egin dio tartea EH Bilduk hauteskunde programan. Lanbide sortzaileen eremuan proiektuak garatzeko espazio erreferentziala eta garrantzitsua dela esan zuen eta datorren agintaldian ere hura sustatzen jarraitzeko asmoa azaldu du koalizio subiranistak: “Beste dimentsio bat eman nahi diogu proiektu horri eta Agustinak auzoan irekiko da espazio askoz ere zabalagoa, formazioarekin lotuta bestelako iniziatiba batzuk ere egiteko aukera emango duena. Torrekuak jarraituko du teknologia berrietan espezializatutako enpresa proiektuentzat toki erreferentzial gisa bere bidea egiten”.
Enplegu plan “integral eta eraginkorra” egitea da Bizimoduak erdigunean eremuaren barruan nabarmendu zuen azken proiektua. Urtero enplegu plan berria onartu eta martxan jartzen dela nabarmendu zuen Otaegik, eta hurrengo agintaldian diagnostikoa egin eta epe ertaineko estrategia landu nahi dutela esan zuen, “benetako lan iraunkorra sortuko duena langabezian dauden pertsonentzako”.
Komunitate sena, oinarrietako bat
Komunitate sena da bigarren eremua. Baliabideak bezain garrantzitsuak dira EH Bildurentzat komunitate baten parte sentitu, hari ekarpena egitea eta komunitatearengandik jasotzea, “finean gutasun baten parte izatea, pertsonen bizi kalitatean baliabideak izatea bezain garrantzitsua dela pentsatzen dugu”. Kultura, hezkuntza, hizkuntza eta kirola esparruak txertatu dituzte bigarren eremu horretan, “uste dugulako komunitatea eraikitzeko oso esparru garrantzitsuak direla”.
Hurrengo agintaldian komunitatea eraikitzeko oso elementu garrantzitsuak izango direla esan zuen Otaegik, “Lekuona bera datozen hilabeteetan zabalduko da, baita Beraungo Kultur Zentroa ere”. Berrikuntza sozialeko iniziatibak sustatzeko programa bat martxan jarri nahi du EH Bilduk, arlo soziala eta kultur diziplina ezberdinak harremanetan jarrita, bizikidetza, berdintasuna eta kohesio soziala balioak lantzen dituzten proiektuak garatzeko.
Euskararen esparruari bultzada berezia eman nahi diotela zehaztu zuen, eta iniziatiba martxan jarri nahi dute euskararen ulermena unibertsalizatzeko, “euskararen erabileran jauzi kualitatiboa eman nahi dugu”. Euskararekin jauzia eta Errenteria-Oreretak duen hizkuntza aberastasuna baliatu nahi du, “komunitate linguistiko ezberdinetako kideak dauzkagu eta aberastasun hori baliatuta hizkuntzen eskola martxan jarri eta gure herrian dauden hizkuntzak ikasteko aukera emango diguna, baina aldi berean kultur komunitate ezberdinen topagunea izango dena”.
Hezkuntza politika bateratu eta integrala bultzatuko du, bestalde, “haur guztien garapen osoa ahalbidetuko duen hezkuntza politika sustatuko dugu eta herri hezitzailearen ikuspegia txertatu eta gure politika guztietan ikasketaren eta heziketaren ikuspegia txertatu”.
Hiru proiektu aipatu zituen Otaegik kirolaren eremuan: Galtzarabordako kiroldegia handitzea, egungo erakinari beste kirol pista estalia gehituta; Beraungo futbol zelaian eta atletismo pistan hainbat hobekuntza egingo dira; ur kiroletako espazio berria Ondartxon, da nabarmendu zuen hirugarren proiektua.
Ingurune abegikorra da hirugarren eremua, eta aurreko biak landu ahal izateko azken hau ezinbestekoa dela esan zuen alkatetzarako hautagaiak. Auzoak eta merkataritza biziberritzeko udalak lokalak eskuratu eta merkataritza proiektuak garatu nahi dituztenen eskutan modu errazean jarriko ditu, “merkataritza oso garrantzitsua delako bai auzoen eta herriaren beraren bizigarritasunerako”. Hasierako fase batean bi auzotan egitea aurreikusi dute, Iztietan eta Alde zaharrean, “Erdiko eta Beheko kalea lanbide sortzaileekin eta artisautzara bideratzen saiatuko gara”.
Etxebizitza eta lokal hutsen behatokia sortzea proposatu du programan, gainera, “horretan oinarrituta iniziatibak garatzeko auzoa eta herriaren beraren bizigarritasuna bermatzeko neurriak hartzeko”.
Segurtasun arazoei modu integralean erantzun
Segurtasunaz ere mintzo zen Otaegi herri programa proposamenaren aurkezpenean. Auzoetako udaltzaingo ereduari bultzada eman nahi diotela, eta une honetan lantzen ari den segurtasunerako plan integrala martxan jartzea izango du xede nagusia hurrengo agintaldian koalizio subiranistak: “Hiru norabide izango ditu, alde batetik segurtasunerako udal kontseiluarekin elkarlana eraikitzea eta adostea martxan jarriko diren ekintzak; bestetik, polizien arteko lankidetza handiagoa egon dadin baldintzak landu behar dira; eta azkenik, herrian sortzen diren segurtasun arazoei uste dugu heldu behar zaiela begirada multidiziplinar batekin eta modu integralean”.
Hirigintzaren esparruan, mugikortasunari erreparatu zion eta besteak beste gutxienez beste bi igogailu aurreikusi dituzte datorren agintaldian eraikitzeko: Beraun kalea eta Galtzaraborda etorbidea lotuko dituena; eta Erdialdea Euskotreneko geltokiarekin lehenik, eta ondoren Gaztañorekin beste bi tramuetan lotuko dituen igogailua. Aparkalekurako 610 plaza egitea aurreikusi dituzte lau eremutan: Olibet (200 plaza) Altzate (150 plaza) Beraun (100 plaza) Pontika (160 plaza).
HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzea ere tokatuko dela hurrengo agintaldian esan zuen Otaegik. Azkenik, klima aldaketari aurre egiteko estrategiaren barruan bi lan ildo nabarmendu zituen, tokiko energia ekoizpen berriztagarriak areagotzea, eta elikadura burujabetza sustatzeko iniziatiba martxan jartzea.
Horiek atzo Otaegik nabarmendu zituen proiektuetako batzuk. Ez dela dokumentu itxia esan zuen, “bizia baizik, oraindik ere eragileen ekarpenak jasotzen ari garelako, aberasten”.
EH Bilduren herri programa proposamena osorik, bere web gunean kontsulta daiteke.