Mokofinenak asetzea helburu
Mimo handiz landutako bakailao pintxoak dasta daitezke egunotan Oarso Bidasoko taberna askotan; Gipuzkoako V. Bakailaozko Pintxo Lehiaketara aurkeztu dituzten proposamenak dira; finala Pasaian lehiatuko da.
Pil-pilean. Halaxe dago Gipuzkoako Bakailaozko V. Pintxo Txapelketa. Astelehenaz geroztik martxan da, eta hori dela eta, apirilaren 7ra bitartean, izena eman duten Gipuzkoako 39 tabernetan, lehiaketara aurkeztu dituzten pintxoak dastatzeko aukera izango da. Parte hartzaileen artean Oarsoaldeko sei taberna eta Bidasoko hamabi daude, guztiak oso ezagunak eta orain baino lehen sari gastronomiko garrantzitsuak jasotakoak.
Astelehenean aurkeztu zuten txapelketa, hasi zen egun berean, Donibaneko kulturgunean, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, eta Kultura zinegotzi Miriam Cano bertan zirela. Izan ere, Pasaiak txapelketaren azken bi ekinaldiak hartu baititu, alkateak nabarmendu zuenez, «Pasaiako udalerriak bakailaoaren industriarekin urte askoan izan duen harreman oparoari» keinu egin asmoz, eta, bide batez, udalerria ekonomikoki zein sozialki suspertzeko helburuz. Bide beretik, Mirian Cano zinegotzia: «Iaz egin genuen apustua aurten berretsi eta indartu nahiz izan dugu, sari banaketara mugatu gabe, ekitaldia herritarrei zabalduz».
Finala zuzenean
Baseclik enpresak antolatzen du lehiaketa, Pasaiako Udalaren eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin, eta babesle pribatu askoren laguntzari esker, tartean bakailao enpresa garrantzitsuak. Denen ekarpena eskertu zuten antolatzaileek.
Baseclik enpresako Sonia Garcia Olazabalek iragarri zuenez, babesleei esker, aurtengo lehiaketak berritasun garrantzitsu bat ekarriko du Pasaiara. Finalak «showcooking» formatua edukiko duela iragarri zuen, hau da, finalera sailkatzen diren hamabi finalistak Donibaneko kulturgunean lehiatuko direla zuzenean, jendearen aurrean pintxoak prestatuz, publiko osoari zabalik antolatuko duten ekitaldian. Apirilaren 9an izango da, 16:00etan, Juanba Berasategi kulturgunean. Final ikusgarria eta sarrera debaldekoa.
Bien bitartean, baina, hango eta hemengo pintxoak dastatzea da aukera, antolatzaileen esanetan, «ibilbide turistiko, geografiko eta gastronomikoa eginez», epaimahaiko kideek hamabi pintxo hoberenak zein diren erabakitzeko egingo duten antzera.
Epaimahaian eskarmentua
Hamabi pintxo aukeratuen egileak izango dira finalean pintxoak zuzenean prestatu beharko dituztenak, eta orduan erabakiko du epaimahaiak aurtengo bakailaozko pintxo lehiaketaren irabazlea.
Epaimahaian, gainera, gastronomiaren esparruan itzal handia duten lagunak bildu dira. Tartean dira, besteak beste, Mikel Corcuera eta Oraitz Garcia kritiko gastronomikoak; Patxi Alvarez, Carlos Gulin, Felix Manso, Gorka Cepeda eta Jose Ramon Elizondo sukaldariak; Amaia Velasko blogaria; eta denen buru, Euskal Herriko Pintxo Txapelketako egungo irabazle Jorge Otxoa, Iruñeko El Mercao jatetxekoa.
Parte hartzaileen artean ere, txantxa gutxi. Donostiako Gros auzoko Eguzki Bistrok irabazi zuen iazkoa, eta Zeruko donostiarrak eta Hondarribiko Sardarak aurrekoak. Lehenengo biek aurten errepikatu nahi dute. Partaideetan, baita ere, Euskal Herriko Pintxo Txapelketa hirutan irabazi duen Gran Sol. Kontrario gogorra, baina itzala egin nahiko dionik egongo dela zalantzarik ez izan.
Parte hartzaileak
Pasaia
- Erdibana.
- Izkiña.
- Prost.
- Ziaboga
Errenteria-orereta
- Gamon 14.
- Xera.
Irun
- Bakar.
- Doopies.
- El callejón.
- Kortxo.
- Manolo.
- San Juan Harri.
- The Corner.
- Zura.
Hondarribia
- Bi Ondar.
- Gran Sol.
- Larra.
- Rafael.
Donostia
- Ametzagaña.
- Apitxin.
- Aratz.
- Auñamendi.
- Eguzki Bitro Bar.
- Hidalgo 56.
- La cerve del Antiguo.
- Labrit.
- Mendaur.
- Meson Martin.
- Okendo.
- Pasaleku.
- Rojo y Negro.
- Tracamundana.
- Txuleta.
- Zeruko.
Zarautz
- Karlos Argiñano.
Usurbil
- Artzabal.
Beasain
- Dolarea.
Ezkio
- Agirretxea.