EAJ: "Anbizio handiko proiektua dugu Errenteriarentzat"
Ekonomia suspertzeko eta gizarte babesa indartzeko proposamen zehatzak dituela EAJ-k esan du Maite Peñak, alderdi jeltzalearen alkatetzarako hautagaiak.
Maite Peña ostegunean hitzaldia ematen Merkatuzarren. Ekonomia suspertzeko eta gizarte babesa indartzeko proposamen zehatzak dituela EAJ-k esan du Maite Peñak, alderdi jeltzalearen alkatetzarako hautagaiak, “txanpon beraren bi aldeak dira horiek”. Merkatuzarren hitzaldia egin zuen Peñak joan den ostegunean eta bertan egin zituen adierazpen horiek. Errenteriarren %23,3 65 urtetik gorakoak direla nabarmendu zuen eta horrek udalerria Gipuzkoaren bataz bestekoaren gainetik kokatzen duela, “erronka horri heldu behar diogu”.
Erresidentzia batean sartzeko itxaron zerrenda gutxitu egin dela gaineratu zuen EAJren hautagaiak, “72tik 43ra. Hori datu positiboa da, nolanahi ere, Errenterian mendekotasun egoeran dauden pertsonen egoera hobetu behar dugu”. Horren harira, etxez etxeko laguntza indartzea eta babespeko apartamentuetan gehiago inbertitzea dela bidea esan zuen.
Gizarte kohesioari ere egin dio aipamena jeltzaleak: “Gizarte kohesioa mantentzea ezinbestekoa baita, egoera zailak bizi dituztenak bide horretan galdu ez daitezen. Horretarako ezinbestekoa da Errenteriako ekonomia suspertzea errenteriarrek beren herrian lan aukerak eta etorkizuna izan ditzaten”. Elkarlana dela hori lortzeko giltzarria gaineratu zuen Peñak, “eragile, herritar eta sektore pribatuaren artekoa. izan ere bakarrik horrela lortuko dugu desberdinkeria gutxiago duen Errenteria bat, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa, gizarte bazterkeria gutxiagorekin, inor atzean utzi gabe”.
