Euskaraz ekoitzitako zinema, Bistara
'Dantza', 'Handia' eta 'Black is Beltza' proiektatuko dituzte asteburuan Trintxerpen
Ikuska, Pasaiako Film Laburren lehiaketaren antolatzailea da Trintxer Kulturala elkartea, eta orain elkarte berak egitasmo berri bat du esku artean, hain zuzen ere, Ikuskaren osagarri izan eta jarraipena eman asmoz, baina, kasu honetan euskaraz ekoitzitako lanei ikusgarritasuna eskainiz.
Egitasmo berria, Bistara izenekoa, asteburuan abiatuko da, hiru film proiektatuta. Honenbestez, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza Pasaian ikusi ahal izango da lehenbizikoz, ostiralean (hilak 5); Handia, Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutakoa eta Trintxerpen egoitza duen Moriarti ekoiztetxekoa, larunbatean emango dute (hilak 6), eta azkenik, igandean (hilak 7), Fermin Muguruzaren Balck is Beltza ikusteko aukera izango da.
Proiekzio guztiak Trintxerpeko alkateordetzan izango dira, 19:30ean, 3 euroren truke. Sarrerak bertan edota aurrez Internetez eros daitezke.