Irabaziz: "Kalitatezko gizarte zerbitzuak izaten jarraitzeko lanean segitzea dagokigu"
Errenteria Irabazizek agerian jarri du Errenteriako Udalak jaso duen Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkartearen saria.
Errenteria Irabazizek agerian jarri du Errenteriako Udalak jaso duen Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkartearen saria. Gizarte inbertsioan bikaintasuna saria da jaso duena, estatuko 20.000tik gora biztanle dituzten hirien artetik kohesio eta justizia sozialean gehien inbertitzen duen udala izateagatik.
Irabazizen arabera, udal baten gizarte zerbitzuak gizarte zerbitzuetako euskal sistema publikorako sarbide nagusia dira, eta horiek, herritar ororen inklusio soziala, autonomia eta gizarte ongizatea sustatzea izan behar dute helburu, “horretarako dituzten zerbitzu eta laguntzak herritarren eskura jarri behar dituzte, horien hasierako egoera hobetzen lagundu eta inklusioa, autonomia eta haur eta gazteen babesa sustatzeko. Gizarte ongizatea bermatu behar dute zerbitzu sozialek, aintzat hartuta, behar bat dagoen unean edo lekuan, eskubide bat sortzen dela. Helburu hori lortzea izan da Erenteria Irabazizek bere buruari ezarri dion erronka nagusietako bat”.
Errenteria Irabazizeko zinegotzi Nagore Basurtok Gizarte Zerbitzuetako departamentua hartu zuen bere gain “hainbat erronkekin” eta hautesle elkargoaren esanetan gobernu taldearen (EH Bildu, Errenteria Irabaziz) elkarlanarekin gainditu dituzte: “Hasieratik bermatu zaie, GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntzen %100eko ordainketa baldintzak betetzen dituzten eta beharra duten pertsonei, nahiz eta osotasunean Eusko Jaurlaritzarena da eskumen hori eta berak ordaindu beharko lukeen”.
Halaber, Errenterian inori ere gasa edo argindarra ez moztea bermatu dutela dio Irabazizek, “ordaindu ezin zuelako”. Etxez etxeko laguntza zerbitzua zabaldu dutela gaineratu du, “eskaera bikoitza genuen arlo horretan; batetik, udal langileek lan jarduna zabaltzea eskatzen zuten, erretiroa hartzetik hurbil egonik hala eskatu ziguten; eta bestetik, Errenteriako adinekoei etxez etxeko zerbitzua osatzen duen arratsaldeko akonpainamendua eskaintzea, zaintzaren arduradunei atsedenerako tartea eskainita”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxean Bizi proiektu pilotuan parte hartzen ari dela udala nabarmendu dute, bestalde, Irabazizetik: “Gure adinekoei beraien etxeetan modu duinean bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten behar duten guztia eskaintzea suposatzen du, dependentzia duten pertsonentzako adinekoen egoitzetara jotzea ahal den guztia atzeratuta”.
Gizarte zerbitzuetako langileen prestakuntzaz ere mintzo da, eta beharretara moldatzea errazteko formazioari emandako orduak asko ugaritu dituztela zehaztu du Irabazizek, eta halaber, bazterketa arriskuan daudenen autonomia landu eta gizarteratzea errazteko hainbat proiektu jarri dituztela martxan nabarmendu du.
Esfortzu hori guztia aitortu dietela orain sariarekin dio Irabazizek: “Gainera, bigarren urtez jarraian eman diote Errenteriako Udalari bikaintasun sozialean punta-puntan jarrita estatuko 20.000 biztanletik gorako herrien artean. Kontziente gara gizarte eragileekin lanean jarraitzea tokatzen zaigula egiteko gelditzen dena hobetzeko, bi agintaldi hauetan egiten ari garen bezala”.
Konpromisoa berretsi du Irabazizek: “Lanean jarraitzeko prest gaude Errenterian kalitatezko eta herritarren beharrak erantzuteko gizarte zerbitzuak izaten jarrai dezagun”.