Tokiko Agenda 21 du lehenbizikoz Pasaiak
2019-2026 Ekintza Plana onartu du plenoak aho batez
2017an abiatu zuen Pasaiako Udalak Tokiko Agenda 21 osatzeko prozesua, eta lehengo astean eman dio bukaera, plenoan, 2019-2026 Ekintza Planaren onarpenarekin.
Talde guztien babesa jaso du proposamenak, eta honenbestez, hemendik aurrera, planean jaso dituzten jarduera guztiak aurrera eramateko konpromisoa bete beharko du udalak.
Planak, guztira, 147 ekintza jasotzen ditu, guztiak, “udalerriko iraunkortasunaren alde egiteko eta hurrengo belaunaldiei herri bizi eta osasuntsuago bat uzteko asmoz” aurreikusiak.
Horrez gain, Ekintza Planean nazioarteko politika eta jarraibideak kontuan hartu dira, tokiko helburuak nazioartean zehaztutakoekin lerrokatuz.
Ekintza Plana herritarrekin eta udal teknikariekin elkarlanean osatu dutela, eta herritarrekin egindako bileretan bi gai nabarmendu direla jakinarazi dute planaren arduradunek: “udalerriaren identitate falta” eta “herriaren eta portuaren arteko harremana aldatzeko beharra”.