Eraldatuta, antzerkiaren izurritea zabaltzen jarraituko du Eztenak
Eztena berritzaile bat dator aurtengoan; horren barruan hiru egonaldi artistiko antolatu dituzte herrian, eta horien emaitzarekin osatuko dute aurtengo Eztena Jaialdiaren egitaraua ekainaren 21, 22 eta 23an.
Antzerkiaren bakterioa ziztatu eta izurrite bihurtzeko prest dator Eztena. 11 urte beteko ditu aurten arte eszenikoak zabaldu, sorkuntzari bidea ireki, eta horretan ari direnen topaleku izateko asmoz Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatzen duen jaialdiak eta eraldatuta helduko da, berrituta. Gaur aurkeztu dute hjaialdiaren ekinaldi berria Niessen Kulturguneko entsegu gelan Eztena Arte Eszenikoen lantaldearen izenean Oier Guillan sortzailea eta Iraia Elias aktoreak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak.
Eztena formatu guztiz eraberritua izango duela azaldu du Guillanek. Horren arrazoia azaltzeko atzera egin du, eta gogorarazi hamar urtean Eztena Jaialdia erreferentzial bihurtu dela, baina hala ere, iazko edizioan lantaldeak etapa bat itxi zela sentitu zuela, “formatua nolabait agortu egin zela. Iaz beraz, gehiago izan zen ospakizun bat gala erraldoi baten parodia egin genuen Niessen auditorioan, baina benetako omenaldi kutsua hartu zuena, Euskal Herri osoko sortzaile multzo oso anitza etorri zelako parte hartzera”. Eztanda izan zela eta Eztenaren atzean dagoen lantaldearen aurreikuspenak gainditu zituela aitortu du sortzaileak. Ez zekiten iaz gala hori agurra izango zen, edo inflexio puntu bat. Gala horrek balio izan zien zalantzak uxatzeko, izan ere, jende ugarik azaldu zion babesa jaialdiari.
Gogoeta prozesua ekarri zuen horrek, eta agurra beharrean inflexio punta bilakatu zen iazko Eztena. Gogoeta horrek ondorio nabarmen at izan zuen, “formatu aldaketa eskatzen zuen, ezin zuen Eztenak formatu bera izaten jarraitu”. Hortik, beraz, aurten heldu den proposamena, “berria eta indar handikoa”.
Eztenaren oinarri filosofikoekin “leial” jokatuko duela Eztenaren formatu berriak esan du Guillanek: “Sortzaileen, publikoaren eta arte eszenikoetako eragileen arteko harreman sareak bultzatzen; dramaturgia berriei arreta jartzea eta taldeak antolatzeko moduetan arriskuak hartzen dituzten taldeei babesa adierazten; eta arte eszenikoen gogoeta gune kritikoa izaten jarraituko du Eztenak. Horren horrela jarraituko du, baina formatu berri baten barruan”.
Oinarriei leial
Puntu horretan, eskerrak eman dizkio Eztenaren atzean ari den lantaldearen izenean Errenteriako Udalari Guillanek, “horren babesa eta laguntza gabe ezinezkoa litzateke formatu berri honetan egin dugun jauzia handia egitea. Eskertu behar dugu babesa, konplizitatea eta inplikazioa. Aurtengoa elkarlanetik jaiotako ekinaldia izango da”. Dantzaguneari ere egin dio aipamena, inplikatua egongo delako kolaboratzaileen sarean, eta aurrerantzean herriko eragile gehiago batu ahal izatea espero duela erantsi du.
Formatu aldaketa azaldu du, ondoren, zehazki Guillanek: “Hiru sormen egonaldi antolatu ditugu, proiektu bakoitza zuzendari batek gidatuta eta hogei antzezlek izango dute egonaldietan parte hartzeko aukera. Hilabete batez Errenteria-Oreretan lan egitera gonbidatuko ditugu; bertan bizi eta herriaren bizitzaz elika daitezen sormenerako. Zuzendari gonbidatuek, euren lengoaiak eta poetikak partekatuko dituzte parte hartzaileekin, izurrite baten moduan pasioa, sormenaren izaera kritikoa eta batez ere jolasa kutsatuko dituzte”.
Hilabetez, ekainean zehar deialdi ireki baten bidez hogei aktore, antzezle, parte hartzaile gonbidatuko dituzte hiru sormen laborategi egitera hiru zuzendari edo konpainiak gidatuta, eta bertan lortutako emaitzekin osatuko da aurtengo Eztena Jaialdia ekainaren 21, 22 eta 23an. Egitarau osoa, hiru laborategi horietan sortutako emaitzekin osatutakoa. Hiru egun, eta bakoitzean, hiru pase, laborategi bakoitzak sortutakoa. Hiru ikuskizun sortuko dituzte laborategi horietan: antzokikoa izango da bat, bestea kalekoa, “ez kale ikuskizuna site specific deitzen den estiloan, hartuko dira herriko guneak eta eraldatuko dira antzerkiaren bidez”; eta hirugarrena, formatu txikiko ikuskizuna.
Eliasek gehiago sakondu du. Barruko ikuskizunaren sorkuntzan Espe Lopez izango dela gidaria esan du, eta zortzi aktoreek izango dute aukera berekin lan egiteko Begiradak proiektupean; Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du site specific ikuskizuna Aldarri izenburupean. Horretan ere zortzi aktorek izango dute aukera parte hartzeko; Horman Foster konpainiak gidatuko du azken sormen laborategia, formatu txikiko ikuskizuna sortzea helburu izango duena Eraikitzen gaituzten hitzak izenburupean, identitatearen inguruan arituko dira: “Berezia izango da talde honek familia bat eskatzen duelako, lau kideko familia. Aukera polita da oreretarrei gonbita luzatzeko parte hartzeko, irekia da hala ere deialdi hori”.
Berriro ilusionatzea lortu dute
Berriro ilusionatzea eta berriro aktibatzea lortu dutela nabarmendu du Guillanek, “polita da sentitzea aurkitu dugula modua Eztenak bizirik jarraitzeko, batez ere, arte eszenikoan gauza gutxi egiten direlako filosofia honekin, eta geu ere, antolatzaile gisa halako zirrikitu eta erakusleiho baten falta sumatuko genukeelako”. Erronka handia izango duten zalantzarik ez du, formatu oso berritzailea delako, “inguru hauetan ez da halako askorik ikusi, eta guretzat ere izango da esperimentu handi bat benetan ez dakigulako nola egiten den halako gauza bat”. Parte hartuko dutenentzat ez ezik, antolakuntzan arituko direnentzat esperimentu handia izango dela aurtengo Eztena erantsi du.Beren buruari galdetu diotela zer gustatuko litzaieken aitortu du Eliasek, “eta hona iritsi gara; bada proiektu interesantea”. Harago jo du Guillanek, eta ziurtatu antolakuntzan arituko ez balira, izena emango luketela.
Sinistuta daude beharra dagoela arte eszenikoetan fokua beste gauza batzuetan jartzeko, “harreman humanoagoetan, esperimentazioan, askatzea merkatuaren lotura estutik, eta ezer gutxietsi gabe zabaltzea pixka bat beste lengoaia eta egiteko modu batzuetara”, baita herria nola sartu prozesuetan ere, “konplize nola bihurtu herria. Horren harira saiakera berezia egingo dute herriko eragileekin ahal dela, interaktuatzen. Hori bada udalarekin egin dugun elkarlanaren fruitua, ahalegin berezia ez daitezen sormen prozesu horiek burbuila batean eman, modu isolatuan, herriko errealitatean ere eragitea eta horrek eragina izan dezan azken emaitza”.
Poza azaldu du Collarrek gaurko agerraldiagatik, “edukiagatik batik bat, Eztenak inflexio puntua bizi zian bazuen iaz, udala ere inflexio puntu horretan delako kulturan. Ze paper jokatzen dugun, nola entzun, eta erabakiak non dauden jabetu behar dugu instituzioetan, eta hau ziztada izan da. Errenteria kultura sortu eta egiten duen herria da”. Eztena sorkuntzan oinarria duen jaialdia dela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkio atzean den lantaldeari Kultura sailarekin elkargune sortu duelako eta bide berri bati ekin diotelako, “halako iniziatibek herria aberasten dute, eta eskertzekoa da egiten duzuen lana”.
Webgunea ere sortu dute informazio guztia zehatz biltzeko eta izena eman ahal izateko. Azken hori, hilaren 30era arte egin dezakete interesdunek.
Aurtengo Eztena interesgarri, polit, jolasti eta alai izango dela esan du Eliasek, “jende oro animatzen dugu beraz, parte hartzera”.