Berandu baino lehen
‘Mater’ museoak eta Ternuak Jaizkibel eta Uliako itsasertza garbitzeko egitasmo bat landu, eta finantzazioa lortzeko herritarren babesa eskatu dute; hilaren 11ra arteko epea dago botoa emateko.
Jaizkibel eta Uliako itsasertzeko plastikoak jasotzea. Kostaldetik tona bat hondakin plastiko baino gehiago biltzea. Helburu horrekin indarrak batu dituzte Ternuak eta Mater itsasontzi museoak, eta finantzazioa lortu asmoz, elkarlanean landu duten Plastifish Kostera proiektua EOCAren lehiaketara (European Outdoor Conservation Association) aurkeztu dute.
Egitasmoa aurrera atera dadin, baina, herritarren babesa ezinbestekoa dute. Denbora tarte txikian ahalik eta boto gehien bildu behar ditu proiektuak, eta hori dela eta, sustatzaileak lau haizetara ari dira zabaltzen haien asmoa, jendeak botoa eman dezan. Hilaren 11ra arteko epea dago botoa emateko, beraz, oraindik bozkatu ez duenak bost eguneko tartea du aurretik.
Sara Lizartza Ingurumen hezitzailea da Mater museoan, eta proiektu honen koordinazioaren ardura du. Hark azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak. Ternua eta Mater museoaren arteko elkarlana nola suertatu den galdetuta hala azaldu du: «Ternuarekin urte bat baino gehiago daramagu harremanetan, kolaborazioak proposatzen. Etorri izan dira gurera hondakinen arrantzara, eta gure lanerako arropak egingo dizkigute».
Lizartzak jakinarazi duenez, gainera, Ternuak urtero babesten ditu ingurumen arloko proiektuak EOCAra aurkeztuta: «Beraiek, enpresa gisa, urtean bitan aurkezten dute beste elkarte batekin kolaborazioan EOCAra proiektu bat, eta orain arte beti egin izan dute kanpoko elkarteekin elkarlanean. Oraingoan, baina, Mater ezagutu eta gure egitasmoa gustuko dutenez, eta gure filosofiarekin bat egiten dutenez, bertako elkarte baten alde egin dute apustu».
Esku artean duten proiektua, gainera, bete-betean lotzen da aurtengo deialdian EOCAk dituen asmoekin: «Aurten, EOCA itsasoen plastifikazioarekin lotura duten proiektuen bila ari da, ibaien gainean lan eginez, eta guk, justu, bagenuen proiektu bat buruan gai horien inguruan».
Ingurumenaren zaintzaz
Ingurumenaren zaintzaz arduratzen den Europako elkarte bat da EOCA, eta Sara Lizartzak jakinarazi duenez, elkarte honek, urtero egiten ditu deialdiak, «jendeak proiektuak aurkeztu eta herritarrek bozka dezaten. Urtean bitan finantzatzen dituzte hainbat proiektu, beti ere ingurumenaren zaintzaren arlokoak», gaineratu du Lizartzak.
Ternua arropa markak eta Mater museoak bultzatutako egitasmoa beste bost proiekturekin ari da lehian, Lizartzak aitortu duenez, «denak ere oso interesgarriak». Proiektuaren alde egin nahi izatekotan, modua nahikoa erraza da: «Esprint baten antzekoa da, apirilaren 11ra arte daude irekiak bozketak eta botoa eman daiteke EOCAren webgunean sartuta edota errazagoa dena, gure webgunean, esteka zuzena egina dugulako». Horratx gonbidapena.
Hala ere, herritarren botoetatik harago, gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu nahi dute. «Gustatuko litzaidakeena da jendeak pentsatzea guk aurkezten dugun proiektu hau gure hondar alea dela. Guri asko axola zaigu ingurumenaren babesa, baina jendeak ulertu behar du denon onurarengatik dela, horrelako gauzak egin behar direla, eta guk indarra eta medioak ditugula hau bultzatzeko», nabarmendu du Lizartzak.
Eta horregatik, hemen, Pasaiako badiaren inguruan hasitako egitasmoa denborarekin hedatzea nahiko lukete: «Pasaiako badian hasiak gara lanean, Oiartzun ibaian, baina guk nahi duguna da hau errepikatzea eta beste ibai arroetan gauza bera egitea».
Itsasoaren plastifikazioa
Jaizkibelen eta Uliaren itsasertzean dauden itsas hondakinak, «gure hondakinak» direla ohartarazi du Lizartzak, ibaietara jaurti eta itsasoraino iritsitakoak. «Frogatuta dago itsasoan dauden hondakinen %80 ibaiek dakartzatela», nabarmendu du ingurumen hezitzaileak, jarraian zehazteko: «Beraz, hemen dauden hondakinak dira, segur asko, Oiartzun ibaiak, Urumeak eta Bidasoak ekarritakoak».
Horregatik, «iturrira» jo nahi dute egitasmo honen bitartez: «Oiartzun ibaian zehar gora egin nahi dugu, eta han goian garbiketa batzuk egin».
Horiez gain, Uliako eta Jaizkibelgo kalak garbitzea aurreikusia dute, eta badian zehar bestelako garbiketak ere dituzte buruan, «Mater itsasontziarekin, itsasoan».
Ingurumen heziketa
Plastifish Kostera proiektuan, hala ere, dena ez da garbiketa izango. Izan ere, Mater museoko hezitzaileek argi dute irtenbidea hondakinen murrizketatik etorriko dela. «Proposamen bat egingo dugu eskoletan hezkuntza programa batzuk egiteko, eta ekotailerrak egiteko herrietan zehar, jendeari arazoa kontatu eta irtenbideak proposatzeko. Guk beti errepikatzen dugu murrizketa dela gakoa».
Itsasoen plastifikazioaren arazoa nahikoa arazo ikusezina dela uste dute. «Itsasoan hain da handia», ohartarazi du Lizartzak. Baina, tamalez, arazoa ageriko ez izateak, ez du esan nahi existitzen ez denik: «Itsasora, urtero, zortzi milioi tona iristen dira, eta ia guztiak, hondora doaz».
Itsasoko
hondakinen %80 ibaiek dakartela frogatuta dago
Itsasoan ez ezik, Oiartzun ibaian gora garbiketak egitea aurreikusi dute
Plastikoa ez da biodegradagarria, ezta birziklatzeko erraza ere, eta erre egiten bada, gainera, oso kutsakorra da. «Beraz, plastikoa asmatu zenetik, sortu den guztia, itsasoan edo naturan egongo da, hor nonbait», nabarmendu du Lizartzak, eta mikroplastikoan jarri du jarraian fokua: « Seguruenik gaur egun aurkitzen dugun mikroplastikoa 1960 eta 19 70. hamarkadetan erabili zuten plastikoarena da».
Plastiko piezatxo txikiak dira mikroplastikoak, 1 eta 5 milimetro artekoak (txikiagoei nanoplastiko deitzen zaiela argitu du Lizartzak). Bi modutara sortzen dira, Lizartzak azaldu duenez, «Objektu handiak denborarekin txikitu egiten direnean, edo bestela, industriak zuzenean sortzen dituenean».
Asko erabiltzen dira mikroplastikoak. «Kosmetikoetan, hortzetako pasta batzuetan, arropen zuntzetan… Garbigailuetatik araztegietara doaz, ez dute ondo iragazten uzten eta, azkenean itsasoraino iristen dira», dio gaian adituak.
Itsasoko planktonak mikroplastikoak jaten duela frogatu dute ikerketek, elikagaia delakoan, eta planktonaren bidez, katea zabaltzen hasten da, «arrain txikietara lehenik, arrain handietara ondoren, gugana iristeraino».
Argibide gehiago ere eman ditu Lizartzak, arazoaren tamainaz ohartarazteko: «Gurera ez dira iristen bakarrik arrain kontsumoaren bidez. Jaten ditugun abereen pentsuetan, proteina, ia beti, arrain proteina da: uretan, gatzetan… hainbat eta hainbat elikagaietan ere badago plastikoa, baita arnasten dugun airean ere».
Zentzu horretan, plastikoak osasunarentzat suposatzen duen kaltea frogatuta dagoela nabarmendu du: «Ikerlari eta medikuek frogatu dute plastikoak ez duela bakarrik ingurumena kaltetzen; gure osasuna ere kaltetzen du. Gizakion gorotzetan eta odolean aurkitu dituzte plastikoen aztarnak», eta kontzientziak astintzera jo du: «Ez bagara konturatzen lurrari egiten diogun kalteaz, gutxienez, gugatik eta gure ondorengoengatik egin dezagun».
Lizartzaren arabera, ozeanoen plastifikazioak lurrak dituen ingurumen larrialdi garrantzitsuenetakoa da gaur egun, eta erantzukizunez jokatzeko deia egin du: « Gu gara azken belaunaldia zerbait egin dezakeguna. Guk ez badugu ezer ere egiten ezingo dute gure seme-alabek hau konpondu».
Egunerokoan eragin
Plastifikazioaren arazoa ez da, beraz, itsasora mugatzen, eta berandu baino lehen aurre egin behar zaiola ohartarazi du Lizartzak: «Arazo honi aurre egin behar diogu egin dezakegun guztia eginez. Egunero dugu aukera, gure ekintzekin arazo hau larriagotu edo arintzeko».
Zentzu horretan, jendartea ahaldundu nahiko luke Lizartzak, norbanakoei eragin dezaketela sinestarazi: «Denok dugu boterea, eta hori da niri gustatzen zaidana gogoratzea, jendeak inpotentzia asko sentitzen duelako. Normala da halako ingurumen larrialdien aurrean txiki sentitzea, eta pentsatzea ez dagoela zer egiterik, baina egon badago, eta gure aletxoa jar dezakegu, egunero».
Urtero zortzi
milioi tona
hondakin iristen
dira itsasora
Planktonak mikroplastikoak jaten dituela azaldu dute ikerketek
Ildo horretan, eguneroko jokabideek duten garrantziaz hitz egin du: «Adibidez, ibaian gora bagoaz eta Oiartzungo putzuetan bainatzen bagara, disfruta dezakegu era zibiko batean edota han zaborra utzita eta ekosistema kaltetuz», eta beste adibide harrigarri bat ere nabarmendu du: «Donibanek oraindik ez du saneamendu sarerik, eta Alabortzara garbiketak egitera joan garenean, beti aurkitzen ditugu kotoi-zotzak, toallatxoak, tanpoiak… denetarik. Eta hori da hemengo jendeak komun zulotik botatzen dituelako. Horretan gerra eman beharra dago, bestela…»
Elkarlanean
Hilaren 11n argituko da Plastifish Kostera proiektuak irabazten duen edo ez, eta irabazle suertatzen bada, proiektua garatzeko 30.000 euro jasoko dituzte Ternuak eta Mater museoak berehala lanean hasteko.
Irailetik ekainera bitartean eraman nahi dute aurrera proiektua, bailarako ikastetxeekin nagusiki, baina baita gizarte eragileekin elkarlanean ere. Hala ere, bien bitartean, ez daude zain: «Hasiak gara jada, eta finantzazioa lortzen ez badugu bide honetatik edo beste bide batetik bilatuko dugu, baina proiektua egin, egingo dugu».
Mater ikastetxeekin elkarlanean aspalditik ari da, baina proiektu honekin aurrera urrats bat egin nahi dute, garbiketak estandarizatuz, egun, ingurumen hezkuntza arloko programak, askotan, irakaslearen kontzientziaren esku daudelako.