Iñigo Iglesiasen ametsa hauspotzen
Iñigo Iglesias motor pilotu errenteriarra babestu eta animatzeko sortu dute Iñi#58 lagunartea. Duela hiru aste aurkeztu zuten peña, eta erantzun «paregabea» jaso dute. Bazkideak lortzeko kanpaina zabalik dute.
Joan den hilabetean aurkeztu zuten Iglesias babestuko duen lagunartea Pontikan. Argazkia: Carrera Lagunartea du Iñigo Iglesias Errenteriako motor gidari gazteak. Iglesiasek aurreko denboraldian debutatu zuen Junior Mailako Moto3n, bi probatan parte hartu zuen. Aurten, berriz, Karlos Argiñanoren Baiko Racing Team taldearekin mundial horretako proba guztietan arituko da pilotua.
Motoziklismo pilotu gaztea da Iglesias, etorkizun handiko izendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 14 urterekin Valentziara (Herrialde Katalanak) joan zen bere ametsak betetzera eta bere ezaugarriei esker FIM CEV Repsol eliteko txapelketara heldu den motor gidari gipuzkoar bakarra da.
Pilotu gaztea animatzea, hura babestea eta parte hartzen duen zirkuitu guztietan ez, baina horietako batzuetan behintzat pankartarekin azaltzeko asmoz sortu dute Iñi#58 Peña. Pasa den hilabetean egin zuen lagunarteak aurkezpen ofiziala Pontika auzoan eta 100 lagunetik gora bildu ziren bertara. «Ez genuen halako erantzunik espero, hainbeste jende azaltzea, izugarria izan zen guretzat, baina baita Iñigorentzat [Iglesias] ere». Javi Balonen hitzak dira. Lagunartearen idazkaria da, eta peñaren egoitza den Pontikako Lantxeta tabernako langilea: «Nagusiari aipatu nion bazela Errenteriako mutil gazte bat, pilotua, Munduko Txapelketan arituko zena. Bera peña askotako kide izan da, futbolzale amorratua delako, eta ni, berriz, motorzalea». Toni Jimenezekin harremanetan jarri zen Balon, motorzalea eta Fotocircuito-ko argazkilari kolaboratzailea. Iglesias familiarekin harremana du, eta Iñi#58 lagunartearen bokala da egun: «Gurasoekin zubi lana egitea ote zuen galdetuta, baiezkoa erantzun zidan eta horrela hasi ginen». Urte asko dira Jimenezek Iglesias ezagutzen duela, «bere argazkilaria naiz aspalditik,eta lagunartea eta familiaren arteko bitartekaria eta lotura izan naiz».
Pilotu gaztea babestera
Hainbat jende elkartu, zuzendaritza sortu eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zituzten paperak lagunartea formal egiteko, «tramiteetan ari gara oraindik». Irabazi asmorik ez dutela diote biek. Lagunartearen helburua da Iglesias babestea, eta ahal dela zirkuituetara heltzea hura zuzenean animatzeko parte hartzen duen txapelketa eta probetan.
Lagunarteak harrera paregabea izan duela dio Balonek, «taldea sortzea pentsatzen denbora gehiago badaramagu ere, duela hiru hilabete hasi ginen lanean. Hiru aste dira aurkezpena egin genuela, eta oraindik ere harrituta gaude. Ez genuen espero hainbeste jendek erantzutea, bazkarian 150 lagun bildu ginen». Motorrarekin estu lotutako festan ezin zuten falta motorrek, eta Oarsoaldeko zein Bidasoko herrietatik heldutako hainbat elkartetako 50 motor gidarik ere hartu zuten parte, «ikusgarria izan zen oso. Motorrek zarata itzela egiten dute eta auzotar ugari hurbildu ziren».
Iglesiasentzat peñaren sorrera «pozgarria» izan den zalantzarik ez dute biek, «berak ere ez zuen espero hainbeste jendek erantzutea. Harrituta gelditu zen eta gustatu zitzaion. Parte hartu zuen jendeak zoriondu gintuen hurrengo egunean, primeran pasa zutelako. Gu oso pozik gaude eta Iñigo babesteko eta animatzeko prest».
Bazkide bila
Dagoeneko 25 bazkide ditu Iglesias babesteko lagunarteak, eta kideak bereganatzen ari direla zehaztu du Balonek. Bazkide egin nahi duenak peñaren egoitzara, Lantxeta tabernara jo behar du, edota nahiago badu Facebook-en bidez harremanetan jarri arduradunekin: «Hilabetean bost euroko kuota pagatu behar dute bazkideek. Diru horrekin eta antolatzen ditugun ekintzetan bildutako diruarekin Iñigo animatzera joan nahi dugu gutxienez zirkuitu batera, eta ahal dela doan egitea, edota bazkideentzat ahalik eta merkeen bidaia horiek. Aurtengo helburua Valentzian izango den azken lasterketara joatea litzateke». Motorraren gainean informazio gehiegi ez dagoela, ez dela asko entzuten ezta sustatzen ere diote Balon eta Jimenezek, «oro har jendeak ez du ezagutzen kirol hau, mundiala jarraituko du jendeak, baina bertako pilotuak-eta ez ditu ezagutzen. Futbolaren bueltan biltzen da jendea. Gure iniziatibaren bidez Iñigo ezagutarazi, eta horra iristeko urteetan egin duen lana ez dela erraza izan zabaldu nahi dugu, gaztea den arren. Lan handia egin du. Errenteriako pilotu bat dugu mundialetik urrats batera, eta hori izugarria da, ez da halako egoerarik eman inoiz orain arte. Hau urratsa da Munduko Txapelketa absolutura heltzeko».
Ezagutza handirik ez, baina Errenteria-Oreretan afizioa badagoela diote, «gogoa badago, jende askori gustatzen zaio motorren mundua. Hala ere, mugatuta dago haren zabalkundea telebistan-eta adibidez, eta zailagoa da, beraz, jarraipena egitea»
Igandean aurkeztu zuten Karlos Argiñanoren Baiko Racing Team taldea, eta etzi egingo du lehen lasterketa Estorileko zirkuituan (Portugal). Iñi#58lagunarteko kideak animatzen izango ditu.
