Josu Berra: "Ez dadila inpunitaterik egon, horrekin bukatu nahi dut"
Herrerako San Luis-La Sallen ikasle zela jasandako sexu abusuak salatu ditu errenteriarrak. 52 urtez gordeta izan duena atera, eta antzeko kasuak izan dituztenei salaketa jar dezatela esan die.
11 urte zituenean sexu abusuak jasan zituen Josu Berrak. 1967. urtean izan zen: Herrerako San Luis-La Salle ikastetxe erlijiosoko irakasle batek, erlijio ikasketak ematen zituenak, eraso zuen jaiotzez Herrerakoa den, baina Errenteria-Oreretan bizi den Berra. Orduan Donostiako auzo horretan zuen egoitza eskolak, baina orain, Ulia mendiaren magalean du, Bidebieta auzotik gora Uliarantz. Anaia Angel esaten zioten irakasle baten kontrako salaketa jarri zuen Berrak martxoaren 29an Ertzaintzan, abusuengatik.
Anaia Angel, gaur, aurrez aurre izango bazenu, zer esango zenioke?
Zaila egiten zait gaur egungo egoerara gertatu zitzaidana ekartzea. Kristautasunaren onurez, errespetuaz, maitasunaz eta horrelakoetaz hitz egiten dute, gauza bat saltzen ari dira. Hitz potoloak. Hark nirekin egin zuenak ez du inolako errespetua adierazten, ezta maitasuna ere. Sexu abusua izan zen, jazarpen izugarria. Eskatuko nioke hori beste inorekin ez egiteko.
Abusuak jasandakoan, kontziente al zinen zurekin egiten ari zenaz?
Ez, ez. Nahiko engainatua ninduen. Nik 11 urte, hura apaiz jantziarekin… Hitz goxoekin engainatzen ninduen. Ez nintzen batere kontziente, ez. Orduan sexu informaziorik ez genuen, ezta sexu harremanik ere.
Zer egin zizun?
Klaseak bukatuta, arratsaldetan, Herrerako plazan ibiltzen ginen, pilotan edo futbolera jokatzen. Hark, goizeko eskola orduak bukatzerakoan, arratsaldean nirekin egon nahi zuela esaten zidan, erlijioari buruz hitz egiteko. Aitzakia horrekin harengana joaten nintzen, inongo beldurrik gabe, jakin gabe nora nindoan. Fraileen egoitzan, ikastetxe ondoan zegoen, harrera gela bat zegoen, txikitxoa, eserleku pare batekin. Han esertzen ginen, hura nire ondoan, eta gauzak kontatzen hasten zen, ‘Jesusek maite zaitu’ eta horrelakoak, eta bitartean eskua galtza azpitik sartzen zidan. Orduan, berdin du negu edo uda izan, beti praka motzetan izaten ginen. Galtza horien behealdetik, izter aldetik eskua sartzen zuen nire barrabilak edo zakila ukitzeraino. Ipur masailak ere ukitzen zizkidan, bizkar aldetik eskua sartuta. Nahi zuen guztia ukitzen zuen, hitz goxoak esaten zituen bitartean.
Iritsi zen une bat abusuak bukatu egin zirela.
Hamar bat alditan uste dut eraso ninduela, ikasturte batean zehar oker ez banago. Eta erasoen bukaera ere biolentoa izan zen. Elizako koruan nengoen ere, zortzi-hamar bat ikasle ginen. Anaia Angel zen koruaren zuzendaria. Entsegu batean, pixkat despistatuta nengoela, atzetik etorri zitzaidan eta sekulako belarrondokoa eman zidan, lurrera erori nintzen. Ez nuen espero. Despistatua nengoela esan zidan oihuka, ez niola kasurik egiten. Orduan izua hartu nion. Ordura arte onartzen nuen bere hurbilpena, baina egun hartatik aurrera arbuiatu egin nuen, harengandik ahalik eta urrutien jartzen saiatu nintzen. Hor bukatu ziren abusuak.
Susmoa ba al duzu, zurekin bezala, beste ikaskideekin abusuak egin zituela?
Susmoa bai, baina erreferentzia zuzenik ez, daturik ez. Nirekin egin zuena aurretik besteren batekin egingo zuen, baita ondoren ere. Susmoa da hori. Orain salaketa egin dut, eta gerta daiteke besteren batek bide berbera jarraitzea.
‘Zergatik niri’ galdera bueltaka izan al duzu hamarkada hauetan buruan?
Bai, bai. Garai hartan isila, umila, ikasle ona nintzen, esaneko mutila, etxeko lanak ondo egiten nituen, etxean laguntzen nuen… Ez nintzen batere bihurria. Etxean nire ama, eta aitona, aita, osaba, eta bi anai bizi ginen. Bi anaien arteko gazteena nintzen, eta ama laguntzea tokatzen zitzaidan. Beharbada horregatik, edo nire umiltasun edo isil izaeragatik, izan daiteke nirekin tematu izana. Eta elkarrekin ginenean engainatzen ninduen, ‘hau gure arteko gauza da eta Jesusek badaki’ eta horrelakoak esaten zizkidan, eta nik dena isildu egiten nuen, baita beste apaizen aurrean aitortza egiten nuenean ere.
Pentsatu al zenuen etxean zer gertatzen zitzaizun azaltzea?
Ez zitzaidan okurritu ere egin. Adin horrekin ez nintzen jabetzen zer ari zitzaidan gertatzen. Geroago bai, konturatu nintzen zer gertatu zen, 18-19 urterekin. ‘Tipo honek nirekin egin duena sexu erasoa izan da’, pentsatu nuen.
Hortaz jabetuta, zein izan zen zure erreakzioa?
Garai hartan salaketarik eta horrelakorik egitea ez zitzaidan burutik pasa. Kuadrillako lagun bati gertatu zena kontatu, eta proposatu nion Anaia Angel-engana joatea hura jipoitzera. Zuzenean. Bere bila joan, eta fisikoki eraso egin. Lagunak esan zidan arazo handi batean sartuko ginela, ez zela komeni hori egitea. Hortik aurrera ez nuen ezer ere egin. Amestu dut haren bila joaten nintzela ni bakarrik, eta jotzen nuela. Baina ametsetan geratu da.
52 urte geroago egin duzu salaketa. Zerk mugiarazi zaitu?
Azken boladan hedabideetan nirearen antza duten kasu asko agertzen ari dira. Bizkaian batzuk,edo egun 40-50 urte dituztenak ere atera dira euren kasuak azaltzera. Eta zabaldu da ere kasu horietako asko preskribatuta daudela. Preskribatuta daude, bai, baina zergatik ez salatu? Nik ez dut ezer nahi, ez dut ezer eskatuko. Baina bai nahi dudana da horrelakorik berriz ere ez gertatzea.
Nire abusuak duela 50 urte baino gehiago izan ziren, baina ziur aski erlijioso horrek gauza berbera egin duela beste askorekin, duela 20 urte, 30 urte… Ez dakit bizirik dagoen ala ez, baina ziur naiz bere bizitzan horrelakoak egiten jarraitu duela. Eta hura bezala beste asko. Nire ustez, asko. Nik, nire kasuaz gain, beste bat ezagutzen dut, eta bide berberetik joan zen beste baten susmoa badaukat. Ez dira eskola berbereko kasuak gainera. Baina bai dira denak kristau eskoletakoak.
Ez dadila inpunitaterik egon nahi dut, horrekin bukatu nahi dut. Inpunitatea zero. Ez barkatzea kasu bakar bat ere. Eta azalera ateratzea benetan elizgizon horiek gurekin nola jokatu zuten.
Bost hamarkadaz izan duzu gordeta gertatutakoa. Arlo pertsonalean, uste duzu eragina izan dutela abusu horiek zure bizitzan?
Zaila egiten zait atzera begiratzea, eta esatea ‘hau gertatu ondoren, horrela funtzionatuko dut’. Gertatu zitzaidana gertatu ez balitz, beste bide batzuetatik joan nintzateke? Zaila egiten zait hori pentsatzea. Egia da bizitzan gauza batzuk gorde egin ditudala niretzat bakarrik, eta esan aurretik bitan edo hirutan pentsatu izan ditut. 50 urtean buruan izan dut gaia, hor nonbait gordeta, baina ez ahaztua. Zaila egiten zait hori guztia baloratzea.
Martxoaren 29an jarri zenuen Anaia Angel-en kontrako salaketa Ertzaintzaren aurrean. Baina ez zen izan bat-bateko erabakia. Barne prozesu baten ondorio izan al zen?
Abusuen berriak albistegietan ikusten nituenean, taberna batean-edo ginenean albokoei esaten nien ni neu ere horretatik pasatakoa nintzela, ‘niri hori gertatu zitzaidan’ esaten nien. Harrituta gelditzen ziren lagunak. Egia esan, orain dela bi urtera arte ez nion nire kasua inori kontatu. Une batean salaketa jarri behar nuela erabaki nuen; baina aldi berean pentsatzen nuen ea mereziko ote zuen horrelako saltsatan sartzea.
Eta salaketa jarri zenuen…
Orain arte, orain dela gutxira arte, edo gaur egun izaten ari diren, edo egon daitezkeen sexu abusu kasu guztiak salatzearen aldeko apustu bezala ulertu behar da nik egin dudan urratsa. Ez dut egin nigatik. Aurpegia ematea gogorra da, bai. Gainera, hainbat forotan ezaguna naiz [besteak beste, euskalgintzan eta kulturgintzan lan asko egiten duelako, edo irakasle izan delako da ezaguna Berra Oarsoaldean eta Bidasoan], eta agian horrek eragin dezake jende gehiago animatzea salaketak jartzera. Aurpegia ez emanda ere, nik behintzat animatu nahi ditut sexu abusuak jasan dituztenak salaketa jartzera. Aurpegia emanda, edo gabe. Sexu abusuak ezin dira onartu.
Nahikoa ezaguna zarelako aurretik, eta orain zure salaketa oihartzuna izaten ari delako, baliteke sexu abusuak jasan dituztenak zuregana joatea. Zer egingo duzu?
Laguntzeko prest nago. Nik emandako pausoak azaltzeko prest nago, inolako zalantzarik gabe. Duela 50 urte egin zidaten eraso. Baina edozein familiatan 10-12 edo beste adin bateko seme-alaba, iloba, edo biloba badaude, eta horrelakoak jasaten ari direla antzematen badute familia horietan, salaketa jartzera animatzen ditut. Ez da erraza hala ere. Nik erabaki dut urrats bat egitea, eta kontent nago egin dudanarekin.
Irakasle izan zara. Ba al dute ardurarik hezitzaileek, ikasleetan zerbait arraroa sumatzen badute, haiek laguntzeko?
Irakasle izan naiz, bai [egun erretiratua dago], eta gehienbat 18 urtetik gorako ikasleekin aritzea tokatu zait; garai batean gaztetxoagoak izan nituen. Gurasoei oso adi egoteko eskatuko nieke; ez dut esaten egunero galdetzeko seme-alabari ea norbaitek ukituak egin dizkion, baina bai adi egotea. Zaila da sexu jazarpena sumatzea, antzematea. Baten batek gurasoei esaten badie eskola orduetatik kanpo irakasleren batekin gelditu dela, kontuz ibiltzeko esango nieke gurasoei. Horrek ez du esan nahi, noski, kasu horietan guztietan sexu erasoak egongo direnik. Baina adi egon daitezela gurasoak.
Asteartean egin zenuen publiko zure kasua. Ordutik mezuak, deiak, kaleko babesa izango zenituen.
Banekien zurrunbiloa sortuko zela. Whatsapp taldeetan lagunei esan nien salaketa egin nuela, eta astearteko ETBko albistegietan, adibidez, azalduko nintzela nire kasuaren berri ematen. Jendea harritu egin da. Mezu asko jaso ditut. Horien artean, Don Boscon nirekin ikasita eta aspalditik harremana ez nuen kide batzuen mezuak, eta ezagutzen ez nituen telefono zenbakietatik mezu asko ere… Uste nuena baino zabalkunde handiagoa izan du nire lekukotzak. Animoak eman dizkidate. Gaia nahiko sentibera da, eta errepikatuko dut: lortu nahi dudana da horrelakorik beste behin ez gertatzea, abusuak badaude horiek moztea, eta errudunek egindakoa ordaintzea.
Urratsa egiteak merezi izan duela sentitzen al duzu?
Bai. Txikitatik bidegabekerien kontra borrokatzeko grina izan dut, eta iruditzen zait nirekin bidegabekeri izugarria egin zutela, horrelakorik ezin da onartu. Ondo nago orain, animatua. Aurrera egiteko gogoz.
Ardurak bere gain hartzeko prest dago La Salle
Josu Berrak ez du asmorik San Luis-La Salle ikastetxera joateko argibide eske. Anaia Angel-en kontrako salaketa jarri du soilik.
Bere aldetik, ikastetxeak Berria egunkariari emandako azalpenen arabera, hedabideen bidez izan dute salaketaren berri [asteazkenean egindakoa da testu hau], eta ez daukate ia informaziorik. Beraz, haien arabera, ezin izan dute erlijiosoa identifikatu.
Gogorarazi dute abusuen kontrako protokolo bat dutela martxan, eta haien webgunean salaketak jartzeko atala badagoela: «Gure gain hartuko dugu dagokigun ardura».