Maite Peña: "Egoera ekonomikoa eta segurtasun falta dira errenteriarren kezka nagusiak"
Maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeei begira, parte hartze prozesua jarri zuen martxan pasa den hilabetean Errenteriako EAJk aurkeztuko duen programa osatze aldera errenteriarren ekarpenak jasotzeko.
Maite Peña alkategia, Elixabete Murua eta Garbiñe Oiarbiderekin aurreko agerraldi batean. Maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeei begira, parte hartze prozesua jarri zuen martxan pasa den hilabetean Errenteriako EAJk aurkeztuko duen programa osatze aldera errenteriarren ekarpenak jasotzeko: “Errenteriarren proposamen eta iradokizunak bildu nahi ditugu eta herritar guztien postontzietara galdeketa helarazi dugu, 2014an Zure Errenteria ekimena abiarazi zenetik egin den moduan”. Agerraldia egin du gaur ekarpenak egin dituzten herritarrei eskerrak eman eta 200dik gora proposamen jaso dituztela jakinarazteko. Hala ere, zabalik jarraitzen du prozesuak, eta ekarpenak egiten jarraitzera animatu ditu errenteriarrak Maite Peña alkatetzarako hautagaiak.
Hiru ildotan banatu ditu errenteriarren kezka nagusiak Peñak, “lehenengoak zerikusia du egoera ekonomikoarekin. Errenterian enpleguak duen egoerarekin daude batez ere lotuta eta datuak jasota, kezka hori datu objektiboek berresten dutela esan dezakegu. Izan ere, langabezia tasa zertxobait jaitsi bada ere, 3 puntu portzentual gainetik dago Gipuzkoako batez bestekotik. Langabezia tasa %15,1ekoa zen 20a6an eta egun %10,89koa, lurraldearen batez bestekoa %8,1ekoa den bitartean”. Ekonomia arloa eta enpleguaren kalitatea izango dela EAJren proiektuan landuko duten oinarrietako bat esan du Peñak.
Bizitza kalitatearekin lotutakoak bereizi dituzte bigarren atal batean, eta horren barruan, kale garbiketa, hiri mantenua, aparkatzeko arazoa, eta haur eta gazteek aisialdian aritzeko kalitatezko espazioen falta aipatu ditu alkatetzarako hautagaiak, “EH Bilduk gobernuan lau urte daramatza eta errenteriarren kezkak berberak dira: segurtasun falta, egoera ekonomikoa, garbitasun falta eta aparkatzeko arazo larriak”.
Kezka gehien sortzen duen gaia, ordea, ” herrian dagoen segurtasun falta” dela esan du: “Txoke plan bat behar da arazo honi aurre egiteko, eta ildo horretan elkarlanean ari gara EAJren iniziatibaz udalak berriko sortu duen segurtasun batzordearekin”.
Alde positiboan, elkarbizitzaren alde egindako lana kokatu du, “herritarrek animatu egin gaituzte udal talde guztien babesarekin abiarazitako bizikidetza eredua indartzen jarraitu dezagun. Hainbat hamarkadatan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarkeriak gogorren jotako herrietako bat izan da gurea”. Herri bat “elkarrekin eta elkarlanean” eraikitzen den konbentzimendu osoa duela erantsi du, “errenteriarrek asko dute esateko, eta guk entzutea nahi dute. Azken batean, guztiok gara Errenteria, eta guztiok egiten dugu Errenteria”.
Ekarpenak egiteko moduak gogorarazi ditu: “Ekarpenak Zure Errenteriaren postontzian utzi ditzakete (Koldo Mitxelena plaza 4), Facebook bidez, edota e-mail bidez”. Zure Errenteria lokala hainbat astetik zabalik dagoela gogorarazi du gainera, goizez, 09:30etik 13:00etara, eta orain berriz, arratsaldez ere, 17:00etatik 19:30ak arte: “Posta bidezko botoa egiteko aukera ematen diogu jendeari bertan, ekarpenak egin,edota zalantzak argitzeko”. Epe laburrean auzoz auzoko bisitak hasiko dituztela esan du Peñak azkenik, “pozik entzungo dugu jendeak esateko duena”.
