Lau Korrika izango ditu Lezok, Dinokorrikarekin
Dinokorrika, edo adinekoen Korrika. Lehenengoz Oarsoaldean, helduenek euren Korrika propioa izango dute. Ostegun goizean da.
21. Korrika ostiral gauean (22:39 inguruan) iritsiko da Lezora. Hori eguneko lehena da, 12:30ean Korrika Gaztea eta 15:30ean Korrika Txikia izango direlako. Baina laugarren Korrika bat izango du Lezok: Dinokorrika. Ostegunean da, 11:45ean Renfeko geltokitik hasita.
Zer da, baina, Dinokorrika? Labur: adinekoen Korrika da. Bizitzan esperientzia handia dutenen Korrika, eta beraz, euskararen iraupenean, transmisioan eta defentsan nahiz borrokan urterik latzenetan aritutakoen Korrika. Lezoko Korrika Batzordeak antolatu du.
Esana dago: 11:45ean abiatuko da Dinokorrika, Renfeko geltokitik, Lezorantz. Bidegorria pasatu, eta Donibane kalera sartuko da martxa, ondoren Gurutze Santuaren plazan sarrera handia egiteko. Ikusgarria izango da.
2017an Hernanin egin zuten lehenengoz Dinokorrika. Hango adinekoentzat izugarrizko esperientzia ona izan zen. Lezon ere hala izango da.