Errepublika egunari, gorazarre
Kalejirak zabalduko du egitaraua, eta Alabergako biribilgunetik 13:00etan abiatuta, eta 13:45ean Herriko plazan Ikurrina eta errepublikako bandera igoko dituzte mastan.
Pikoketa, Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak ekitaldia egingo du igandean Espainiako II Errepublikaren harira. Kalejirak zabalduko du egitaraua, eta Alabergako biribilgunetik 13:00etan abiatuta, eta 13:45ean Herriko plazan Ikurrina eta errepublikako bandera igoko dituzte mastan. Simona Astinzak eta Paco Morenok igoko dituzte bi banderak. Biak dira errenteriarrak, eta biek bizi zuten errepublika garaia.
Egitaraua errepublika egunetik harago doa, eta astelehenean (hilak 15) argazki erakusketa zabalduko du Pikoketa elkarteak Xenpelar Etxean, 1939ko alanbratutako zeruertzak goiburuarekin. Hilaren 28ra arte izango da ikusteko aukera eta tropa frankistek irabazita ihes egin behar izan zuten eta kontzentrazio eremuetan amaitu zutenen historia bildu dute 30 argazkitan. Gurs eremuko argazkiak dira gehienak. Erakusketa hilaren 16an (asteartea) inauguratuko du Josu Chueca historialariak, garaiko kontaketa egin da 18:00etan.
“Perfektua ez den demokrazia garaiak bizi ditugu, desberdintasunak aurrera egiten du, askatasunak atzera, eta elkartasuna zigortu egiten da”, esan dute Pikoketa elkarteko ordezkariek. Horren aurrean, “balio errepublikazaleak” sistema demokratiko baten defentsarako txertatzera deitu du. Monarkiaz ere mintzo da elkarte errepublikazalea, “elementu erabat anakronikoa da, eztabaidagarria, eta pertsonen oinarrizko berdintasunaren salbuespena. Sistema monarkiko batek eragiten duen desberdintasun egoerak eragin materiala du erregeak legearen aurrean ardurarik ez duen une beretik; hauteskunde prozesurik gabe jasotzen du kargua, eta betirako mantendu”.
Ez dela monarkia eta errepublikaren arteko eztabaida soilik erantsi du Pikoketak, “elkarbizitzaren gainean errepublikak dituen baloreen gaineko eztabaida baizik”. Horien artean berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna aipatu ditu elkarte errepublikazaleak: “Berdintasunak duintasunaz ari bagara, gutxieneko behar materialak estaliak izatea suposatzen du; eskubideez ari bagara, berriz, osasungintza, hezkuntza, lana eta etxebizitzarako eskubidea. Sexu arteko bereizketarik gabe, familia jatorri edota sinismen, jabetza edota jatorria. Herrien eta pertsonen aniztasuna aitortzen duen askatasuna, eta beren etorkizuna eta bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea babesten duena”.
Irabazien birbanaketa sozialerako tresna gisa aipatu du elkartasuna azkenik, “gure zergek behar komunak asetzeko erabil daitezen eta ez banketxeak salbatu, enpresen irabaziak loditu, lapurretara edota ustelkeriara bideratzeko”.
Publikoaren defentsa egitera deitu du gainera, Pikoketak, “berezkoa dugun zerbait bezala sentitu behar dugu. Publikoaren defentsa eskubide sozialak bermatzeko, berdintasuna lortzeko, gure beharrak eta eskubideak negozio eta merkantzia bihurtzea ekidingo duen altxor sozial gisa ulertuta”.