[GALERIA] Aprendiztegin sortutako lehen ontzia uretan da
Gaur uretaratu dute 'Ezekieltz' Albaolaren ontzigintza eskolan sortutako lehen ontzi tradizional baten erreplika: Getariako 'Maribeltz' batelaren bikia da.
Albaolaren Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskolan sortutako lehen ontzia uretaratu dute gaur goizean San Pedron. Ikasleak eraman dute batela ontziolatik Kalparrako arrapalaraino, eta botila haren kontra puskatu ondoren uretaratu, trikitilariak lagun, halakoetan ohitura den bezala, festa giroan.
Aurretik, baina, ontziolan bildu dira Albaola elkarteko arduradunak, gaur uretaratu duten batelaren gaineko guztiak jakinarazteko. Xabier Agotek eman ditu azalpenak, eta gogoratu du noiz eta nola ezagutu zituen Maribeltz -gaur uretaratu duten erreplikaren jatorrizko batela- eta haren jabea, Andoni Etxarri. Azalpenak bitartean elkarren ondoan zeuden Agote eta Etxarri, Maribeltz zaharberrituta parez pare zutela. Getariako Irigoien ontzioletan sortutako batela da Maribeltz, 1940. urtean Agotek zehaztu duenez. Soilik azalpenak entzun eta gero erakutsi dute Ezekieltz, erreplika zuri-gorri ederra.
Aprendiztegin sortutako lehen ontzia
Gaurko aurkezpenean ontzigintza eskolan ari diren ikasleei eskerrak eman die Agotek, Albaolaren proiektua”ikaragarri” ari direlako laguntzen. 12 ikasle ari dira gaur gaurkoz Aprendiztegin, munduko bazter askotakoak, tartean, italiar, greziarrak, belgikarrak … eta Agotek iragarri duenez, irailetik aurrera beste sei ikasle hasiko dira eskolan “denera, hemezortzi ikasle izateko”.
Eskolaren ekarpena aitortuta, Ezekieltz 9000 euroan salgai jarriko dutela iragarri du Agotek, salmentaren dirua eskolan inbertitzeko.