[GALERIA] Hondarribiko Rafael txapeldun
Gipuzkoako V. Bakailaozko Pintxo Txapelketa lehiatu zen atzo Donibanen; bigarren eta hirugarren sariak Aratz eta Argiñanorentzat izan dira hurrenez hurren.
Bakailaozko pintxorik goxoena zeinek prestatuko. Horixe atzoko lehiaren mamia. Gipuzkoako V. Bakailaozko Pintxo Lehiaketaren finala lehiatu zen atzo arratsaldean Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean, eta han aritu ziren hamalau finalistak, lapiko arteko lehian, pintxoak zuzenean prestatzen jendaurrean. Haren mokadutxoen zain, epaimahaia, finalerako propio kulturgunera bilduta, pintxoak prestatu ahala dastatu eta beren iritzi erabakigarria emateko.
Lau ordu luze iraun zuen finalak. 16:00etan hasi ziren finalistak lanean eta 19:00etan bukatu. Laugarren eta azken ordua epaimahaiak erabakia hartu, jakinarazi eta sari banaketarako.
Publikoan, ostalaritzaren munduko asko, antolatzaile eta babesleak, eta tarteka herritar kuriosoren bat, bakailaoaren usainak erakarrita. Finala bitartean, berriz, babesleen produktuak eta saldak dastatzeko aukera.
Eta finalean… emozioa… eta Hondarribikoen poza. Rafaelek irabazi zuen sari nagusia, eta Donostiako Aratzek eta Zarauzko Argiñanok bigarren eta hirugarren sariak hurrenez hurren. Hortxe bakailaozko Gipuzkoako pintxo onenen podiuma.
Pasaitarren artean soilik Donibaneko Ziaboga lortu du finalerako txartela, baita saria bat ere, Pintxo Tradizional Onenari.
Baina izan ziren sari gehiago baita ere, eta denak gustura hartu, gastronomia pasioz bizi dutenen artean, lehiatik harago badelako ofizio eta afizio.