Dena prest da udaleku irekietarako
Hilaren 29an zabalduko dute izen-emate epea eta matrikula HAZ bulegoen bidez bideratu beharko da.
Pasaiako Udalak udaleku irekiak antolatu ditu uztailerako. Jakinarazi duenez, hilaren 29tik aurrera egongo da izena emateko aukera, maiatzaren 10era bitarte, HAZ bulegoetan. Plaza kopurua mugatua da – 320 guztira- eta plaza kopuru hori gaindituz gero zozketa bidez banatuko dituzte. Hori dela eta izen-emate epea errespetatzeko eskatu dute.
Udalekuak uztailaren 1etik 31ra izango dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara. Talde bakoitzeko 10-12 haur elkartuko dituzte begirale banaren ardurapean. Udalekuak bitartean askotariko jarduerak egingo dituzte: tailerrak, jolasak, eskulanak, txangoak igerilekura, antzerkia…. beti ere euskaraz eta lagunartean Pasaiako kultura eta ingurunea ezagutu bitartean.
Udalekuetan Pasaian erroldatuak dauden haurrak edota Pasaian ikasten dutenak eman dezakete izena, baldin eta 2009. eta 2016. urte bitartean jaiotako haurrak badira (biak barne).
Matrikularako 78 euro ordaindu behar dira Kutxabank-en ondoko kontu zenbakian: ES55-2095-5400-02-1061652334, eta ordainketaren ziurtagiria izen-emate orriarekin batera entregatu. Osasun txartelaren fotokopia entregatu behar da baita ere. Horiez gain, Haur Hezkuntzako haurren kasuan, nortasun agiriaren edo familia-liburuaren kopia aurkeztu behar da.
Fardela erabiltzen duten haurrak ez dituzte onartuko.
