Ander Iñarra Olaziregi: «Zalerik gabe oso tristea litzateke lasterketa bat, edozein»
Ondo, oso ondo hasi du mendiko lasterketen sasoia lezoarrak. Parte hartu duen guztietan txapelak eskuratu du. Munduko Kopa du jomuga, ordea. Aurten bigarrenez egingo du.
Sasoiko hasi du Ander Iñarra Olaziregik (Lezo, 1991) mendiko lasterketen sasoia. Parte hartu duen hiru probetan irabazi du. Otsailean, Lezo-Jaizkibelen, martxoan Donostia Hondarribia Trailen, eta igande honetan bertan, Mendaroko Kilimon Trailen. Hirutik hiru, eta erraz. Munduko Kopan jarri du begia, ordea. Mendiko Lasterketen Euskal Selekzioko kide bigarren urtez izango da, eta Munduko Kopako sailkapen nagusiko iazko 10. postua hobetu nahi du. Lehen proba Japonian du, Sanjo hirian, hilaren 21ean.
Indartsu hasi duzu mendiko lasterketen denboraldia. Ezin hobe.
Iaz ere horrela hasi nintzen, fuerte. Joera dut urteak ondo hasteko. Ondo ari naiz entrenatzen, eta aurten uste dut iaz baino koska bat gorago nagoela. Hobeto. Sentsazio onekin nabil entrenatzen, gorputzak eskatzen diodanari erantzuten dio, eta lasterketetan, orain artekoa ikusita, zer esanik ez. Gustura nago emaitzekin.
Besteak beste, Lezo-Jaizkibel eta Donostia Hondarribia Trail irabazi dituzu. Herrikoa, gainera, bigarren aldiz segidan eta errekorrarekin.
Lezo-Jaizkibelen errekorra egiteko oso baldintza onak zeuden. Mendia lehor, erraz egin zitekeen lasterka. Abiadura hartzeko aukera izan genuen.
Iaz Munduko Kopan lehen hamarren artean izan zinen. Baina aurtengo ediziorako, zein helburu duzu lehiaketa horretan?
Ahalik eta lasterketa gehien egitea eta gozatzea dira nire helburuak. Eta eman didaten aukera baliatu nahi dut. Aurten, Munduko Kopa egiteko modua aldatu egin dute, lasterketa gehiago sartzeaz gain, final moduko bat egongo da, lasterketa batekoa. Horretan puntu gehiago banatuko dituzte ohiko probetan baino. Lasterketa horretara sailkatzea gustatuko litzaidake. Limonen (Italia) izango da, urrian. Aurretik bitan egin dut bertako lasterketa, ezagutzen dut.
Munduko Kopakoak ez dira Lezo-Jaizkibel, edo Donostia Hondarribia Trail bezalakoak. Potoloagoak dira.
Baina egia esan, beste proben antzera bizi ditut. Euskal Herrian, kirolarien artean harreman ona dugu. Eta nazioartekoetan hala izaten da, harreman ona dugu beste lasterkariekin. Beste bat gehiago bezala sentiarazten dizute, gertuko jendea delako.
Mendiko Lasterketen Euskal Selekzioko kide zara. Nola iristen da, baina, haraino?
Nire kasuan duela lau-bost urte hasi nintzen mendiko lasterketetan. Hasieratik aurrean egon nintzen, eta lasterketak irabazten hasi nintzen. Euskal Herriko Txapelketa batean, adibidez, bigarren izan ondoren, garai hartako Euskal Selekzioko hainbat kideren aurretik. Orduan eskaini zidaten selekzioko kide izatea.
Eta ez zenuen aukera galdu.
Une honetan mendiko lasterketetan aritzeko izan dezaketen aukerarik onena da selekzioarena. Munduko Kopa egiteko aukera ematen didate, erraztasun handiak ditugu, eta hori baliatu beharra dago. Ez nuen zalantzarik izan selekzioari baiezkoa emateko.
Goi mailako kirolariak izanda ere, zuen arteko giroa ona al da selekzioan?
Familia giroa dugu. Ondo pasatzen dugu elkarrekin, batak bestea laguntzen du, eta tarteka entrenatzeko batzen gara. Beraz, giroa apartekoa da.
Eliteko kirolaria izanda, nolakoa da zure egun bat?
Jaiki, lanera joan, laneko orduak eginda bazkaldu, eta arratsaldean entrenamendu saioak egin. Ez dut aparteko bizimodurik egiten. Entrenatzailea daukat, selekzioko kide den Jokin Lizeaga. Hark prestatzen dizkigu entrenamenduak.
Ander Iñarra. Zure izena jada ezaguna egiten ari da inguruan. Nola eramaten du Lezoko mutil xume batek, nolabaiteko fama hori?
Ez dakit… Batzuetan arraro sentitzen naiz. Begira: duela urte batzuk esango balidate Euskal Selekzioko kide izango nintzela, ez nuke sinistuko. Ez nuen nire eskura ikusten. Baina orain bidea egiten ari naiz, lasterketak irabazten, emaitza onak iristen ari dira, Munduko Kopan nago… Hori guztia neureganatzen ari naiz.
Zergatik mendiko lasterketak?
Honetan hasi aurretik triatloietan ibiltzen nintzen. Txipa aldatzea erabaki nuen. Mendian gustura ibiltzen nintzen, erraz, eta zer edo zer ezberdina egiteko erabakia hartu nuen. Entrenatzen hasi nintzen, eta aurreragorako helburutzat jarri nuen lasterketetan parte hartzea. Gustuko nuelako hasi nintzen mendian korrika, lasterketena geroagoko gauza izan zen.
Gorantz doan kirola da, gainera, mendiko lasterketena. Zergatik?
Geroz eta jende gehiago ikusten dut Jaizkibel aldetik korrika, adibidez. Eta lasterketen kopurua ere handitzen ari da, ia astebururo daude, ez bakarra, bi eta hiru ere! Aukeratzeko eta egutegia osatzeko komeriak izaten ditugu! Gainera, lasterketa gehienetan dortsalak agortzen dira.
Baina mendia ez da atletismo pista bat bezalakoa. Zaindu behar da.
Denen artean zaindu behar da mendia. Korrikalariak izaten dira mendian, oinez doazenak, mendiko bizikletaren zaleak ere.. Errespetua zor diogu mendiari, eta batez ere hondakinekin kontuz ibili behar dugu. Bideak errespetatzea ere garrantzitsua da.
Errepideko lasterketetan, geroz eta emakume gehiagok parte hartzen du. Baina mendikoetan kostata egiten ari da gora emakumeen kopurua. Zergatik?
Hala da. Arrazoi zehatzik ez dut. Agian, jendeak ikusten du mendiko lasterketak oso gogorrak direla, eta emakume asko orain gutxi korrika egiten hasi denez, agian, euren mailarako handiegi ikusten dituzte mendikoak, gogorregi. Baina nire iritzia da mendikoak ez direla asfaltoko lasterketak baino askoz gogorragoak.
Eta mendiko lasterketetan beterano asko dago, ezta? Zu izango zara gazteenetakoa.
Mendiko probak errepidekoak baino luzeagoak izaten dira denboran. 21 kilometro mendian edo errepidean egitea ez da gauza berbera denborari dagokionez. Adinean aurrera egin ahala, jendeak joera du lasterketa luzeagoak egiteko. Hori izan daiteke arrazoietako bat.
Badaude korrikalariak lasterketa bakoitza ia urratsez urrats planifikatzen dutela: noiz edan, noiz jan, malda gogorrenen analisia… Horietakoa al zara?
Onartu behar dut halakoa naizela bai. Alde horretatik nahiko ondo prestatzen ditut lasterketak. Elikaduraren gaian, adibidez, nutrizionista batekin nabil, eta gustuko izaten dut hark ezarritakoak betetzea. Adibidez, anoa gune bakoitzean zer hartu eta horrelakoak prestatuta izaten ditut aldez aurretik. Eta bezperan ere ondo neurtzen dut zer jan eta edan.
Lezo-Jaizkibel lasterketan, irabazle eta ondorioz, lehen lezoarra ere izan zinen. Baina zure atzetik herritar asko iritsi ziren helmugara. Mendiko lasterketak gantxoa izaten ari dira Lezon?
Inoiz baino lezoar gehiagok parte hartu dute aurtengo Lezo-Jaizkibelen, bai. Antza, herrian ari da mendiaren har hori pizten. Pozgarria da hori.
Ahaztu Lezokoa, eta aukera ezazu gusturen aritzen zaren mendiko lasterketa bat.
Zegama-Aizkorri. Ez dut sekula ahaztuko iazko Zegama-Aizkorrin bizi izan nuena. Sentsazio izugarriak bizi izan nituen. Zaleez ari naiz batez ere. Euskaldunok kirolariak animatzeko dugun grina hori ez dut beste inon ikusi, ez Munduko Kopako lasterketetan, ez inon. Asko hunkitu ninduen, adibidez, Sancti Spirituko igoerak, Aizkorrikoak…
Egia da, orduan, zaleek ere bultzatzen dutela…
Bultzada handia ematen dute. Zalerik gabe oso tristea litzateke lasterketa bat, edozein. Kirol honetara engantxatzen zaituena, konpetizioaz gain, zaleen berotasuna da. Munduko Kopakoak egiten ditudanean, askotan etxeko lasterketak faltan sumatzen ditut, zaleengatik. Hemen ezaguna naiz. Eta norbaitek zure izena aipatzea animatzerako orduan, gel batek edo energia barratxo batek baino indar gehiago ematen dizu.
‘Ez naiz berriz ere hona etorriko’. Hori pentsatuko zenuen, beharbada, mendiko lasterketaren bat bukatu ondoren…
Batean bai, bai. Duela bi urte Katalunian mendiko maratoi bat egin nuen. Bidean ez zegoen inor ere ikusten, beraz, animatzen. Helmugara iritsi [irabazi zuen] baina bertan zeuden bakarrak epaileak, kronometrajearen arduradunak, eta nire gurasoak ziren. Ez zegoen beste inor. Haraino joan, maratoia egin, irabazi, baina ez zegoen inor ere…
Gurasoak aipatu dituzu. Hurbilekoen babesa funtsezkoa izango da.
Biziki eskertzen diet gurasoei eta anaiari lasterketa guztietan hor ondoan izatea. Iritsi naizen tokira haiengatik iritsi naiz. Nire hirugarren hanka izan dira.
Non dago duela urte batzuk, Lezotarrak Lasterkari Taldearen elastiko berdea zeraman Ander Iñarra? Zertan aldatu zara?
Aldatu ez. Helduago egin bai. Adinean aurrera egin ahala pertsona guztiak aldatzen dira, helduago egiten direlako. Izaeraz ez naiz aldatu; pentsamoldez bai alda daitekeela bat, baina ni orduko berbera naiz.
Oarsoaldeko hiru mendiko lasterketetan izen ematea zabalik
Mendiko lasterketen sasoia abian da. Batez ere urtearen lehen hilabeteetan izaten dira mendikoak, uda hasi arte. Oarsoaldean, apirilean, maiatzean eta ekainean bana daude. Denetan izena emateko aukera zabalik dago. Mendiko lasterketen zaleek gozatzeko aukera dute, bertan gainera.
Denboran lehena Errenteriako Atletismo Taldeak (EAT) aurten seigarrenez antolatuko duen San Markos Igoera da. Hilaren 28an da (igandea), San Markon egin ohi den erromeriarekin bat eginez. 10:30ean hasiko da Errenteria-Oreretako Herriko Plazatik. 11,5 kilometroko bidea du eta 600 metroko desnibel metatua. Izena emateko aukera Kirolprobak plataformaren webgunean dago; asteazkenean, 55 ziren jada apuntatutakoak (200eko muga du).
Denboran bigarrena maiatzaren 5ean lehenengoz egingo den Landarbaso Trail da. Urdaburu Mendizale Taldeak antolatua, 18 kilometroko ibilbidea du Aiako Harria parke naturaletik barrena, 900 metroko desnibel positiboarekin. 10:00etan hasiko da lasterketa, Listorretatik. Aldez aurretik izena emateko epea zabalik dago, eta hori Herrikrosa plataformaren webgunetik egin daiteke. Herenegun goizean 157 ziren izena emandakoak (250eko kupoa du).
Intxixu Trail, igandez
Uda aurretik Oarsoaldean izango den azken mendiko lasterketa ekainaren 9ko Intxixu Trail da. Seigarren ekitaldia du Intxixu Trail-Giriziak antolatzen duen lasterketak. Iaz larunbat arratsaldez egin zuten, eta aurten, igande goizean da, 10:00etan Arragua auzotik (jaiak dira bertan) aterata. Aiako Harritik 16 kilometroko bidea du Oiartzungo mendiko lasterketak, 901 metroko desnibel positiboarekin. Izena emateko Herrikrosa plataformaren webgunera joan behar dute interesdunek; asteazken goizean 55 ziren lasterketan ateratzeko prest zirenak, muga 250ekoa delarik.