PSE-EE: "Lehen egunetik gobernatzeko prest dagoen zerrenda osatu dugu"
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen zerrenda aurkeztu du Errenteriako alderdi sozialistak. Errenteriarren "arazoak konpontzeko" zerrenda osatu dutela nabarmendu du PSE-EEk.
PSE-EEko Jose Angel Rodriguez, Isaac Palencia, eta Goizane Alvarez. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen zerrenda aurkeztu du alderdi sozialistak, baita udal hauteskundeei begira hautatu duen leloa: Nahi duzun Errenteria. Lehen egunetik gobernatzeko prestatuta daudela zehaztu du, baina batez ere, Errenteriarren “arazoei konponbidea” emateko. Osatutako zerrendan, auzo ezberdinetako pertsonak bildu ditu alderdi sozialistak, “proiektu sozialistarekin konprometitutakoak dira, herriko egitura kultural, soziala eta asoziatiboan hartzen dute parte, eta gaztetasuna eta beteranotasuna batu ditugu zerrenda horretan”.
Jose Angel Rodriguezek, alkatetzarako alderdi sozialistaren hautagaiak hauteskunde programaren giltzarri izango direnei errepasoa egin die zerrenda aurkezteko unean: “Datu makroekonomikoek krisia gainditu dugula badiote ere, errenteriak Gipuzkoak baino datu okerragoak izaten jarraitzen du, eta ezinbestekoa da neurriak hartzea herriaren garapena sustatzeko, langabezia jaitsi, eta autoenplegua eta kalitatezko lanpostuak ziurtatzeko. Babes sozialeko zerbitzuak hobetu behar ditugu, bestalde, eta pobrezia energetikoa, bakardadea, eta haur pobreziaz hitz egiten hasi, besteak beste”.
Errenteriarren kezka nagusietakoak segurtasun gabezia, aparkalekua eta auzoetako garbitasunarekin lotutakoak direla esan du Rodriguezek, eta horiei ere erantzungo diela PSE-EEk, “etorkizunari begira ere jarriko gara, eta klima aldaketa, Errenteria hiri inteligentea bihurtzea, edota autobus elektrikoaz hitz egitea dugu gure agendan”.
PSE-EEren hautagai zerrenda
- Jose Angel Rodriguez
- Goizane Alvarez
- Isaac Palencia
- Rosa Rebollo
- Joseba Etxarte
- Yosleidy Ferrera
- Iñaki Ruiz
- Montse Luis
- Iñaki Fernandez
- Elena Hernandez
- Ruben Esteban
- Almudena de la Torre
- Juan Antonio Magro
- Mariangeles Machin
- Manuel Quesada
- Ana Pilar Bueno
- Joaquin Acosta
- Conchi Alvarez
- Donato Larrañaga
- Inma Triano
- Miguel Buen
