San Marko eguna hartuko du Bizarain mendiak
Udalak herriko hainbat eragilerekin batera egitarau oparoa antolatu du iganderako, familia osoari begira., Bizarain mendian.
Ostegunean izango da San Marko Eguna. Haren omenez, aurten ere ez da faltako erromeria Bizarain mendian, San Marko gotorlekuaren inguruan. Udalak herriko hainbat eragilerekin batera egitarau oparoa antolatu du iganderako, familia osoari begira. Aurretik, ostegunean bertan, San Marko Opilak izango dira protagonista. Amabitxiek besoetakoei oparitzen diete, garai bateko ogia eta arrautzez egindako opila, bizkotxo koloretsua da orain.
Bertaratzeko autobus zerbitzu berezia izango da Morrongilleta kaleko geltokitik abiatuta. Bertatik irtengo dira autobusak 10:00etatik 13:40era 20 minutuero eta 16:00etatik 18:40era, 40 minutuero. Bizarain menditik, berriz, 10:20etik 14:00etara, 20 minutuero, eta 16:20etik 19:00etara 40 minutuero.
Egitaraua
- 10:00: Erromeria martxa San Markora, Foru plazatik abiatuta.
- 10:00: San Markorako Igoera Krosa.
- 11:00-14:00: Artisau liburuaren tailerrak, 6 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat.
- 11:00: Krosaren sari banaketa.
- 12:00: Erromeria udal txistularien eta Errenteria Musikaleko tronpeta ikasleen eskutik.
- 13:00-14:30: Animazioa Doike taldearen eskutik.
- 13:00: Herri kirolak.
- 14:00-16:00: Baserriko kirol parkea.
- 15:00: Doike taldearen emanaldia.
- 16:00-17:30: Haur eta gurasoentzat dantzaldia Joxe Mendizabalekin eta txokolate jatea.