'La Errenteria que quieres' aplikazioa aurkeztu du PSE-EEk
'La Errenteria que quieres' Appa aurkeztu du gaur Errenteriako PSE-EEk. Datorren astelehenean jarriko dute martxan. Apparekin batera, PSE-EEren zerrendaburuaren web orria aurkeztu dute.
“Errenteriaren etorkizunerako” duen proiektuetako bat aurkezteko agerraldia egin du gaur PSE-EEk. Jose Angel Rodriguez alkatetzarako alderdi sozialistaren hautagaia, zerrendako bigarrena eta hirugarrena diren den Goizane Alvarez eta Isaac Palencia elkarrekin aritu dira La Errenteria que quieres Apparen aurkezpenean. Tresna informatikoek eskaintzen dituzten aukerekin sinistuta azaldu da Rodriguez, eta horrek bultzatu dituela aplikazioa martxan jartzera esan du, “gure herriaren eta bizilagunen mesedera jartzeko. Etorkizunari begiratuko dion Errenteria bat nahi dugu, modernotasunaren eredu izango dena. Informazioaren berehalakotasuna bilatzen dugu gainera, baita kudeaketa publikoaren hobekuntza”.
Astelehenean hasiko du bidea alderdi sozialistaren aplikazioak eta bertan hainbat informazio bildu dutela jakinarazi du Rodriguezek: “Hauteskunde kanpainaren gainekoa dago une honetan, gure programa txertatuko dugu, argazki eta bideo galeria dauka, eta harremanetarako zuzeneko kanala izango du, baita auzoetako beharra eta iradokizunak jasotzeko atala. Hainbat datu eskatuko zaizkio berarekin harremanetan jartzeko bidea, zein auzoetakoa den, arazoa zehaztu eta egoera baloratzea eskatuko zaio, eta berehala berein harremanetan jartzeko aukera izango dugu ahalik eta azkarren erantzuteko”. Epe laburrean informazio gehiago txertatuko dutela erantsi du alderdi sozialistaren alkatetzarako hautagaiak Appan, “aisialdi, kultura eta kirol agenda, turismo eskaintza, garraiobide publikoen ordutegia eta herritarrentzako interesekoa izan daiteken bestelako informazioa gehituko diogu. Errenteriaren gaineko aplikazio integrala izango da”.
Apparekin batera, PSE-EEren zerrendaburuaren web orria aurkeztu dute. Martxan da hori jada, eta ez dela berria azaldu du Rodriguezek, “eguneratu egin dugu”.
Garai berrietara egokitzeko “apustua” dela nabarmendu du Alvarezek: “Aldaketa garaia bizi dugu, informazioa jaso eta emateko beste modu bat dugu. Teknologia berriek zein informazioak nabarmen eragiten dute komunikatzeko moduan, baita erabakiak hartzeko eran ere. Aurrera ez egitea atzera egitea da, eta azken zortzi urtean Errenteriako Udalak ez du ezer egin paralisitik ateratzeko. Hiri adimendun izateko apustua ez egitea aukerak galtzea dakar herritarrentzat, baita herria beraren ikuspegi konpetitiboaren galera ere”.
Herritarrekin harremanetan jartzeko teknologia berrien bideari ekingo diola alderdi sozialistak gaineratu du Alvarezek. Aplikazioaren aurkezpenarekin batera datorren agintaldirako zein etorkizunari begira alderdi sozialistaren proposamenetako bat aurkeztu du Palenciak, bestalde. Errenteria berria sustatu nahi dutela esan du, “etorkizunari begiratuko diona eta errenteriarren behar berriak erantzungo dituena. Horren harira, Errenteria hiri adimendu bihurtu nahi dugu, informazioa eta teknologia baliatuta, garapen iraunkorra sustatzeko”.
Horretarako datuak behar dituztela esan du, eta teknologia digitala, “herritarren bizimodua hobetu, dirua aurreztu eta ingurumena zaintzeko. Kudeaketa aurreratuaren aroan sartu nahi dugu udala, zerbitzu hobea eskaintzeko. Big dataren erabilera oso garrantzitsua da erakundeetan, batez ere udaletan, haren bidez mota askotako datuak lortu daitezke, elkarren artean konektatu irakurketa osoa egin ahal izateko, eta horrela, erabaki hobeagoak hartu”.
Elektromugikortasunari ere erreparatu dio, eta Errenterian izango duen inpaktua aztertu behar dela esan du, “azterketak egin behar dira auto elektrikoak zein garapen izango duen jakiteko eta horretarako ikerketa egitea proposatuko dugu auto elektrikoen kargarako guneak sortzeko herrian, edota autobus elektrikoa martxan jartzea aztertzeko. Horrekin batera, kalitatea hobetzeko airearen kontrolerako sistemak jartzeaz, hondakinak jasotzeko teknologia berriak ezartzeaz, edota udal eraikinetan energia kudeatzeko sistemak ezartzeaz ari gara”.
Ideiak eta proiektuak dituela alderdi sozialistak “herritarren bizitza kalitatea hobetzeko” esan du Rodriguezek azkenik, “badakigu nola egin, alkatetzan izan ginenean egin genuelako”.
Larunbatean programaren aurkezpena egingo diela afiliatuei jakinarazi du Errenteriako PSE-EEk, eta datorren asteartean, berriz, agerraldia egingo duela horren berri komunikabideen bidez emateko.