Piraguismoko hastapenetako ikastaroa antolatu dute bigarrenez
Prestakuntza kirolaren hastapenetan aritu nahi duten teknikarientzat bideratua da
Trintxerpen egingo dute ikastaroa, maiatzean. Bigarren urtez jarraian piraguismoaren hastapenetan irakasle aritu nahi duten teknikarientzat ikastaroa antolatu dute Pasaian, Euskal Kanoe Federakuntzak, Pasaia Kayak kluba eta udalak elkarlanean. Ikastaroa maiatzaren 3tik 5era bitartean izango da eta izen-ematea apirilaren 29ra bitartean egongo da zabalik.
Antolatzaileek iragarri dutenez, ikastaroa euskaraz izango da osorik, eta pasaitarrentzat edo Pasaiako elkarteentan ari diren pertsonek parte hartu ahal izango dute.
Ikastaroaren bitartez, etorkizunean irakasle jarduteko beharrezkoa izango duten behar adina prestakuntza eman nahi zaie teknikariei, oinarrizko maila bermatzeko. Bide batez, lehen hogei ordutan kirol modalitate edo espezialitatearen oinarrizko hastapena eskuratu dute, eta horiez gain, eskola kiroleko edo kirol federatuko jardueretako eta lehiaketetako kirolariei laguntzeko eta haien zaintzaz arduratzeko formazioa jasoko dute.
Ikastaroa federazioaren prestakuntza jarduera bat da, eta honenbestez, izen-ematea beraren bidez bideratu behar da. Formazioan ondoko ikasgai hauek emango dituzte: oinarrizko ezagupenen arloa, metodologia eta piraguismoaren didaktika, material eraikuntza eta mantentzea, segurtasun aktiboa eta prebentziozkoa, programazioa, palakadak emateko maniobrak eta teknika.
