Sorkuntza babesteko eztena
Berrituta dator Eztena, baina bere oinarriei leial. Hiru sormen egonaldi antolatu ditu lehenengoz, sortzaile eta ikusle arteko harremanak eraikitzeko, behetik gora, arriskatzeko beldurrik gabe.
Antzerkiaren bakterioa ziztatu eta izurrite bihurtzeko prest dator Eztena. 11 urte beteko ditu aurten arte eszenikoak zabaldu, sorkuntzari bidea ireki, eta horretan ari direnen topaleku izateko asmoz Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatzen duen jaialdiak, eta eraldatuta helduko da, berrituta. Hamar urtean Eztena Jaialdia erreferentzial bihurtu da; ez da horretan zalantzarik, baina hala ere, iazko edizioan lantaldeak etapa bat itxi zela sentitu zuen, formatua nolabait agortu egin zela. Gala erraldoi baten parodia egin zuten Niessen auditorioan.
Hasierako asmoak, ordea, gaina hartu zien antolatzaileei eta omenaldi kutsua hartu zuen, Euskal Herri osoko sortzaile multzo oso anitza etorri zelako parte hartzera. Eztanda izan zen, eta Eztenaren atzean dagoen lantaldearen aurreikuspenak gainditu zituela aitortu dute jaialdiaren arduradunek. Ez zekiten iaz gala hori agurra izango zen, edo inflexio puntu bat; galak berak balio izan zien zalantzak uxatzeko, izan ere, jende ugarik azaldu zion babesa jaialdiari.
Gogoeta prozesua ekarri zuen horrek, eta agurra beharrean inflexio puntu bilakatu zen iazko Eztena. Gogoetak ondorio nabarmen bat izan zuen: formatu aldaketa eskatzen zuen, ezin zuen Eztenak formatu bera izaten jarraitu. Hortik, beraz, aurten heldu den proposamena, «berria eta indar handikoa». Eztenaren oinarri filosofikoekin «leial» jokatuko duena: sortzaileen, publikoaren eta arte eszenikoetako eragileen arteko harreman sareak bultzatzen, dramaturgia berriei arreta jarri eta taldeak antolatzeko moduetan arriskuak hartzen dituzten taldeei babesa adierazten, eta arte eszenikoen gogoeta gune kritikoa izaten jarraituko du Eztenak, formatu berri batekin.
Hiru sormen egonaldi
Hiru sormen egonaldi antolatu dituzte Eztena Jaialdiaren barruan, proiektu bakoitza zuzendari batek gidatuta eta hogei antzezlek izango dute egonaldietan parte hartzeko aukera. Hilabete batez Errenteria-Oreretan lan egitera gonbidatuko dituzte, bertan bizi eta herriaren bizitzaz elika daitezen sormenerako. Ekainean izango da hori, eta bertan lortutako emaitzekin osatuko da aurtengo Eztena Jaialdia ekainaren 21, 22 eta 23an. Hiru ikuskizun sortuko dituzte laborategi horietan: antzokikoa izango da bat, bestea kalekoa, site specific deitzen den estilokoa; eta hirugarrena, formatu txikiko ikuskizuna.
Iraia Elias eta Javier Barandiaran aktoreak Eztena Jaialdiaren antolatzaile taldeko kideak dira. Iazko Eztena Jaialdiaren ondoren «jauzia egiteko beharra» sumatu zutela esan dute. Jendearen hain aldeko jarrera ez zutela espero aitortu du Barandiaranek, «formatu berarekin ezin genuela jarraitu argi genuen, agortua zegoelako; eta gogoa sentitu genuen beste zer edo zer egiteko».
Astelehenean amaituko da egonaldietan izena emateko aukera, eta harrera ona izan duela diote biek, «beldurra genuen, berandu ibili garelako, formula egokia bilatzea ez da erraza izan, erakargarri eta duin egiteko buelta dezente eman ditugu», azaldu du Eliasek, «eta denboraz justu antzera ibili gara». Ezinbesteko marka dutela, berandu ibiltzea, gaineratu du umorez Barandiaranek. Tantaka izan bada ere, ari dira izena ematen, eta laborategietako bat osatu dute, «jende gehiagok izena ematen badu hautaketa prozesua egingo dugu erabakitzeko nork parte hartuko duen». Horretarako, izena eman dutenei motibazio gutuna idaztea eta curriculuma eskatu diete, eta laborategi bakoitza gidatuko duen arduradunak erabakiko du.
Eliasek gehiago sakondu du. Barruko ikuskizunaren sorkuntzan Espe Lopez izango dela gidaria esan du, eta zortzi aktorek izango dute aukera harekin lan egiteko Begiradak izeneko proiektupean; Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du site specific ikuskizuna, Aldarri izenburupean. Horretan ere zortzi aktorek izango dute aukera parte hartzeko; Horman Poster konpainiak gidatuko du azken sormen laborategia, formatu txikiko ikuskizuna sortzea helburu izango duena Eraikitzen gaituzten hitzak izenburupean, identitatearen inguruan arituko dira: «Berezia izango da talde honek familia bat eskatzen duelako, lau kideko familia».
Instituzio bat sortu
Harrera ona izaten ari dela Eztena Jaialdiaren formatu berria esan du Barandiaranek, «jende ugari jarri da harremanetan esateko gustura hartuko lukeela parte, oso jende ezberdinak esan digu ideia oso interesgarria dela. Asmatu dugun horrek sortu du interesa».
Eztenak zuen funtzioa bete duen zalantzarik ez dute. Herrian instituzio bat eraiki dela dio Barandiaranek, «behetik sortu da, herriaren bizitza kulturalean instalatu da, eta hori helburuetako bat zen. Jaialdiaren izaera esperimentalagoa izatearekin batera, Oreretako bizitza kulturalean aurrera egitea nahi genuen guk maneiatzen genituen parametroetan. Helburu hori ere, lortu du Eztenak».
«Esperimentatzea beharrezkoa da,
eta polita ikustea funtzionatzen duela»
Javier Barandiaran, Aktorea
«Gauza berriak eskaintzeko beldur bagara ez dugu urratsik egingo»
Iraia Elias, Aktorea
Paralelismoa egin du Oreretako errealitatean gertatzen ari diren beste kontu batzuekin Barandiaranek, herrian zer edo zer mugitzen ari dela adierazteko: «Ciudadanos eta haren buru den Albert Riveraren ekitaldi politikoaren harira gertatu zena, Jon Maia bertsolariaren gutuna, Julen Mendoza alkatearen gutuna… gu beste esparru oso ezberdin batetik ere ari gara gauzak asmatzen, gerturatze prozesu bat ematen ari da instituzio eta herriaren artean. Oso polita da hori, neurri txikiko gizarte batean, hau da, herri bateko gizartean esperimentuak egitea. Esperimentatze hori beharrezkoa da gainera, eta polita da bat-batean ikustea funtzionatzen duela».
Arriskatu beharra
Arriskuak hartu beharraz mintzatu da Elias, «betikora ohituta gaude, eta hortik irteten zaren unean, elkarlana badago eta udalak laguntzen badu, irekitzen zaizkizu leihoak parez pare, kultura bizitzeko eta esperimentatzeko beste modu batzuk zabaltzen dira. Ez badugu arriskatzen, eta betikoan gelditzen bagara, betikoa ikusiko dugu. Apustu bat badago, eta alde horretatik, eskertzekoa da instituzioen babesa».
«Kultura jendeak egiten du»; argi izan behar dela premisa hori dio Barandiaranek, «ohituta gaude kultura goitik behera datorren zerbait bezala ikustera, planifikatuta eta ildo oso zehatz batzuekin diseinatuta, eta ezin du horrela izan. Guk behetik gorakoa planteatzen dugu».
Eztena sustraituta dagoela, sendo gainera, ziur da. Horren atzean lan handia dago, agerikoa da, eta sustraitze eta lan handi horrek proiektuari konfiantza giroa eman diola diote, «herritik benetan gauza txukunak egiten dira, funtzionatzen du, konfiantza boto bat merezi dute halako proiektuek». Kultura sortzeko inpultsoa badagoela esan dute biek, baina ez dela erraza, baztertuta gelditzen dela aukera hori, «zapaldua». Kulturaren transbertsalitatea erabiltzera, «zukua ateratzera» deitu dute horren harira, «estrategikoak dituen indargune horiek aprobetxatu behar ditugu».
Esperimentuek laborategia behar dute, eta Mikelazulo Kultur Elkartea izan da horretarako txokoa, sorkuntza eremua, eta horri ere egin diote erreferentzia. Grabitazio zentroa izan dela dio Barandiaranek, «grabitate handiko zulo beltz bat, eragile asko erakarri ditu eta suertatu dira beste dinamikak, egiteko ohitura eta energia bat ezarri dira bertan».
Modu berrientzat espazioa
Arte eszenikoek bizi duten egoeraren gainean galdetuta, erantzutea ez dela erraza dio Eliasek. «Arte eszenikoen atzean sortzailea, ikuslea, antolatzailea, espazioak daude, dirudiena baino konplexuagoa da». Eliasentzat arte eszenikoen munduan sortzen ari diren egiteko modu ezberdinei espazioa ematea da gakoa: «Sortzen ari dira hainbat urtetik hona antzerkia egiteko eta ulertzeko beste modu batzuk, oholtza batean adierazteko beste moduak performatiboagoak izan daitezkeenak. Modua asmatu behar dugu horiek ere izan dezaten bere lekua antzokietan, publiko berri bat ere erakartzeko antzokietara. Denon ardura da, arriskatzeko beldurra badago, gauza berriak eskaintzeko beldur bagara, ez dugu urratsik egingo».
«Grabitate handiko zulo beltz bat da Mikelazulo; eragile asko erakarri ditu»
Javier Barandiaran, Aktorea
«Ederra da gauzak etorri ahala egiten joatea, ikustea nora eramaten gaituzten»
Iraia Elias, Aktorea
Errenteria-Oreretan azken urteetan lan polita egin dela dio Barandiaranek, egiteko asko badago ere, hobetu egin da bere ustez arte eszenikoen exhibizioa bera planteatzeko modua, «bide hobeago batetik bideratu da, produktuaren filosofiatik pixka bat aldenduta. Pertsonek egiten dute berez artea, instintiboki, baina sistema ekonomiko batean integratu da, eta hori da kontraesanik handiena. XX. mende erdialdetik, herri kulturaren kontzeptua sortzen hasi zenean, sistema ekonomiko baten funtzionamenduaren arauetara txertatu zen, sartuta dago komeni ez zaion eredu batean, baina ezin du bizi handik kanpo. Nola integratzen duzu zerbait biribila karratu batean, bizirik irauteko ezinbestekoa duenean?».
Horri aurre egiteko gakoa esperientziak egitea dela diote, lanketak, saiatzea, «ez da egun batetik bestera sortzen den zerbait, estrategia eskatzen du eta herri bakoitzak berea behar du, inurri lana eginez oinarri sendo bat sortu eta horren gainean eraikitzen jarraitzeko». Horretan ari dira, horretan ari da Eztena Jaialdia. «Kultura ez delako agenda. Kulturak gehiago izan behar duelako. Nola eraiki estrategiak oinarri sendoa izan dezan esperientziak txertatzeko, nola sartu herria kulturaren barruan. Aurten horrekin jokatu nahi izan dugu, horretan jarri dugu indarra. Ez da gauza bera programazio kultural bat izatea, kontsumitzeko produktuekin, kultura kontsumitzea besterik gabe, edo parte hartzea: sortzailea ezaguna izatea, bere ibilbidearen berri izatea, eta prozesua nondik nora joan den jakitea. Bigarren modeloa askoz ere aberasgarriagoa eta naturalagoa zaigu, organikoagoa».
«Hutsera jauzia»
Eztenaren aurtengo ekinaldia esperientzia ederra izango den zalantzarik ez du, eta prozesua aurrera eraman ahal izatea lorpen handia dela dio Eliasek, «ederra da gauzak etorri ahala egiten joatea eta ikustea nora eramaten gaituzten».
Uste berekoa da Barandiaran: «Zerbaitetan lana, gogoa, ilusioa, umorea jartzen duzunean positiboa da. Gertatzen da, benetakoa da. Agian emaitza ez da ona izango kalitateari erreparatuta, agian jendeari ez zaio gustatuko; aurretik gertatu den guztia da garrantzitsua, ordea, eta horretan daukagu konfiantza. Aterako da, ziurra da, benetako zerbait izango da, prozesu baten emaitza».
Parte hartzaileentzat esperientzia izugarria izango dela dio Eliasek, «esperientzia bakarra izango da eta ikasteko balioko du. Ikasitako horren emaitza publikoari emateko aukera izango dute, eta hori ez da beti erraza. Familiari begirako egonaldia, berriz, harribitxia da». Beldurra bertigoa eta plazera, «hutsera jauzia» izango dela, aurreikusi du Barandiaranek.