[Bideoa eta galeria] Dantzak ez du adinik
Ereintzak Dantzari Txiki Eguna antolatu du gaurko Errenteria-Oreretan. 500dik gora dantzari gaztetxok herriko kaleak pausoz girotu dituzte goizean.
Ereintza Elkarteak 31.enez antolatu du gaur Errenteriako Dantzari Txiki Eguna. Maiatzaren Lehenean, klasikoa. Batez ere Gipuzkoako hainbat herritatik etorritako dantzari gaztetxoak ari dira herria girotzen goizetik, desfile handia egin baitute herritik, eta hainbat plazatan saioak egin dituzte. Gamon Zumardian Bertan bildu dira denak bazkaltzeko garaia baino lehen, Agintariarena, Agurra eta fandango nahiz arin-arina dantzatzeko.
Bazkaltzera herriko elkarteetan bildu dira dantzari hasiberriak. Ondoren, arratsaldean eta 16:15ean hasita, dantzaldia izango da Gamon Zumardian. Lehenik dantza taldeetako kideek euren saioa egingo dute, denek elkarrekin. Ondoren, Modestorekin, gorputza beste era batera astintzeko tartea.
500dik gora dantzari gaztetxo daude gaur herrian. Asko, hurbilekoak. Errenteria Musikaleko Dantza Eskolako etxekoez gain, Lezoko Murixkakoak, Oiartzungo Haurtzarokoak, edo Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolakoak daude herrian. Baita urrunagoko taldeetako kideak ere: Udaberri (Tolosa), Amaiur (Iruñea), Erketz (Lasarte-Oria), Lurra (Urretxu) edo Aurtzaka (Beasain).
Ondoko bideoa Agurra-rena da, Zumardian dantzari guztiek egin dutena. Argazkiak ere bertakoak dira.