Trainerilletako lehena Hondarribia eta Oriorentzat
Gazteen estropada San Juanek irabazi du
Gaur goizean abiatu da Pasaian Gipuzkoako Trainerillen Liga, Pasai Donibane San Juan Koxtapek antolatutako erlojupekoan. Senior kategorian, emakumetan, Oriok irabazi du estropada, eta Hondarribiak mutiletan.
Hondarribiarena garaipen sendoa izan da. 20 segundoko aldea atera dio Getariari. Bigarren eta hirugarren postuak, aldiz, parekoagoak; segundo bateko alde baino ez Getaria eta hirugarren helmugaratu den San Juan A ontziaren artean. San Pedro bosgarren izan da, Zarautzen atzetik bederatzi segundora.
Emakumeen estropadan, oriotarrak nagusi. B ontziarentzat lehen postua eta Arentzat lehena, horia kolore nagusi lehen jardunaldian. Hirugarren postua, gaur, etxekoentzat. Hirugarren izan da San Juan, irabazletik hamasei segundora.
Hondarribiaren A eta B ontziak zazpigarren eta zortzigarren izan dira hurrenez hurren, Zumaiako eta Donostiako bi trainerillen atzetik.
Hibaikak ez du parte hartu estropadan. Klubak jakinarazi duenez traineruaren prestaketari bete-betean heltzeko uko egin diote aurten trainerilletan parte hartzeari.
Gazte Mailako estropadan hiru ontzi baino ez, eta hiruak mutilenak. San Juanek irabazi du estropada, estu-estu, zarauztarrei segundo bakarra aterata. Koska bat beherago San Pedro, arrosengandik 47 segundora.
Ligatik kanpo, mutilak Gipuzkoako Federazio Kopan lehiatu dira, eta estropada honetan San Juango B ontzia nagusitu da. Orio izan da bigarren eta zarauztarren B eta C ontziak hirugarren eta laugarren hurrez hurren.
Trainerillen denboraldia hasi besterik ez da. Hurrengo bi zitak asteburuan; larunbatean Baionan (16:30), eta igandean Getarian (11:00).