"Iaz baino parekotasun handiagoa aurreikusten dut aurten"
San Pedron arraun egingo du aurten ere Urko Kortajarena antxotarrak, eta honekin zortzigarren denboraldia osatuko du talde morean; 20 urte ditu puntako arraunean, guztiak Pasaiako klubetan
San Pedron arraun egingo duzu aurten ere, eta honekin zortzigarren urtea egingo duzu klub morean, azken lauak jarraian. Gogotsu?
Bai, egia esan, oso gogotsu, batez ere jende gaztea sartu delako eta hasteko irrikaz gaudelako.
Aurten ere aldaketa dezente gertatu dira San Pedron. Baja asko, 11 guztira, eta hemeretzi alta, tartean jende gazte asko. Ondorioz San Pedroko B ontzia, Kalparra, ez da uretaratuko. Nola ikusten duzu taldea?
Egia esan, nahiko sendo ikusten dut. Azkenean gure helburua libratzea da, kategoriari eustea. Lehengo urtetik baja dezente egon dira baina sartu diren berrien artean jende oso ona dago. San Juanetik etorri diren Gari Tolosa eta Unai Billakorta arraunean ondo aritu dira aurretik, eta jende gaztea ere maila ematen ari dela dirudi. Gero estropadan bertan ibili beharko dugu, eta ea zein maila ematen dugun, baina momentuz, gustura.
Iaz ere aldaketa asko izan ziren, eta aurreikusi zitekeenaren kontra oso denboraldi txukuna egin zenuten, aspalditik desio zenuten Kontxarako txartela eta guzti.
Bai, bai, hala da. Lehengo urtean ere antzera ibili ginen. Klub honetan ez dakit zer gertatzen den, baina berritu bezala egiten da urtero. Hala ere, oraingoz, ondo atera zaizkigu gauzak.
Lehenengo helburua, beti, badakigu zein den: jaitsiera libratzea, eta hortik aurrera, lehengo urtean bezala Kontxakoa lortuko bagenu… erremate ederra izango litzateke.
Gaur-gaurkoz, San Pedron, soilik Aitor Alzak ditu zuk bezainbeste urte talde morean arraunean. Taldeko beteranoa izatearen zama igartzen duzu, ala konfiantza ematen dizu?
Ez, azkenean urte asko eramatearena beteranotasuna bada, baina erlatiboa izaten da. Badago jende asko, urte gutxiago ematen dituena baina dezente ibilia dena, horiek ere beren apurra ematen dute eta esperientzia aldetik ere ekarpena egin dezakete. Nik urte asko daramatzat arraunean, ahal dudana jarriko dut, eta gainontzekoek berea jartzen dute.
Baina zenbakiak potoloak dira, ezin uka. Zortzi San Pedron, zazpi Trintxerpen eta bost San Juanen, guztira 20 urte puntako arraunean, eta guzti-guztiak Pasaian.
Bai, azkenean Pasaiakoa izanda… Beste tokietara joateko aukerak izan ditut, baina herriko klubetan egotea nahiago izan dut, bai Trintxerpen, bai San Pedron, bai San Juanen. Berez, San Juanen hasi nintzen, eta ni, badiatik mugitu gabe ibilita, beti kontent.
Errazena izaten da handietara joatea, irabaztera, baina talde pasaitar batekin denboraldi polita osatuz gero, ni, behintzat, kontent.
Komeni nabarmentzea, Antxokoa zarela, trainerurik ez duen Pasaiako barruti bakarrekoa, eta gainera, zure aita, futbolaria izan zela. Zuk, noiz eta nolatan erabaki zenuen arraunean hastea?
Bai, aita ondo ibiltzen zen futbolean. Real Unionen, Alavesen, Pasaian, gaur egun Bigarren B Maila litzatekeen horretan jokatzen. Ni, berez, futbolean hasi nintzen, eta gustuko dut, baina aita futbolean ona izan zenez, jokatzen hasi nintzenean presio edo zama hori banuen, eta aitak sufritu egiten zuen. Berak esan zidan, ‘nahi al duzu beste kirolen bat probatu?’; baietz erantzun eta arraunean hasi nintzen. Orduan Lexo [Gregorio Legorburu] eta Juan Martin Puy zebiltzan Koxtapen, eta han hasi nintzen. Lehenengo estropada, bateletan, Kontxan irabazi eta orduz geroztik, gaur arte, ezin utzi.
Ederki gogoan duzu lehen estropada hura.
Bai, bai. Orduan, Haur Mailan, 500 metro izaten ziren, sprint bat. Urtebete geroago 1.000 metrokoak antolatzen hasi ziren, baina gure garaian erdia zen. Liga irabazi genuen urte hartan. Gero, batela izorratu zitzaigun justu txapelketetarako, eta Ligan Mutrikuri estropada guztiak irabazi ondoren, txapelketa izorratu ziguten. Euskadikoan, berriz, batel berria hartu eta irabazi genien. Bigarren egin genuen Euskadin. Orduz geroztik, erabat harrapatuta arraunarekin.
San Juan-Koxtape ederki ezagutzen duzu, barrutik. Ez dira garai onenak arrosentzat. Iazko jaitsiera, Bateleren auzia… zuk, horiek guztiak nola bizi dituzu?
Egia esan, gaur egun, liga gogorra da San Juan bezalako klub batentzat, harrobikoa. Hala ere, niretzako San Juan laster edo geroago igo egingo da, jende gazte asko daukatelako, eta jende ona, baina oraindik egin beharrekoa. Pena da jaistea, baina askotan jaiste horrek gero aurrerapausoa emanarazi egiten dizu. Nik uste dut San Juan pixkanaka gorantz joango dela, baina, pazientzia behar da. San Juanek beti jende gaztea hor du. Harrobia du alde.
«Iruditzen zait gaur egun teknika ez dela lehen bezainbeste lantzen»
«Joateko aukerak izan ditut, baina nik herriko klubetan egotea nahiago»
«Sei talde ibiliko dira goian, eta beste seiak beherago, jaitsiera libratzeko borrokan»
Dirudunek, hala ere, min handia egiten dute. Arraunlariak hemendik eta handik hartu eta kristoren taldeak sortzen dituzte, eta harrobiko kluba baldin bazara, hori borrokatu behar duzu, ez dago besterik, ez bazara behintzat Orio edo Hondarribia, harrobia dutela eta gainera taldea goian lehiatzen. Bestela, zaila izaten da.
Eta Bateleren auziaz?
Off harrapatu ninduen. Kanpotik entzuten dituzu gauzak, baina ziur ere ez dakizu zer gertatu zen. Zerbait egon da, eta pena da, maila oso ona zutelako. Hala ere, lehen esaten nuena. azken finean zikloak dira. San Juanen ere neska gazte asko dauzkate eta horiek ere gorantz joan beharko dira. Hibaikak ere bere garaian izan zuen traineru oso ona, eta orain ari dira pixkanaka egiten berriz ere. Tolosa, Hernani…
Traineru barrutik ikusi duzu emakumeen arrauna hazten. Etorkizunean zein bilakaera izango du zure ustez?
Indarra hartzen ari da, hori argi dago, eta badirudi pixkanaka gorantz doala. Ez bada geratzen, horrek jarraitu egingo du aurrera. A priori, behintzat, itxura hori du, baina denborarekin ikusi behar.
San Juanek soilik ez. Trintxerpeko arraun klubak ere oso paper funtsezkoa bete du zure kirol ibilbidean. Nola gogoratzen dituzu talde urdinean emandako garai haiek?
Primerako oroitzapenak horiek ere. Gainera, nire lehenengo Kontxa Trintxerperekin jokatu nuen, eta Kontxako 2000. urteko bigarren postu hura ere kristorena izan zen.
Azkenean, klub bakoitzean zure momentu politak izan dituzu, baita kontrakoak ere. Jaitsieraren urtea, 2005. urtea, adibidez, urte gogorra izan zen, negua zein uda. Hurrengoan pixka bat disfrutatu genuen baina, noski, oroitzapen onenak emaitza onenekin ditudanak dira. TKEren Ligara igo ginenean ere… Trintxerpen oso garai onak pasatu nituen.
Trintxerpeko trainerua inoiz berriz ere uretan ikusteko itxaropenik bai?
Nahiko nuke 2000. urtean bezala Pasaian lau traineru egotea, Donibaneko, Koxtape, San Pedro eta Trintxerpe, baina gaur egun kontuak nola dauden ikusita… Trintxerpen jende gaztea dute, baina ez dakit nola ibiliko diren trainerua osatzeko, zaila izaten delako. Lana azpitik egiten bada lor daiteke, baina horrek ere ez dizu bermatzen jarraipenik. Oxala! Luxua litzateke pasaitar guztiak ikustea.
Batzuk aipatu dituzu ja, baina zure kirol ibilbidearen zein momentu dituzu bereziki gogoan?
San Pedrorekin, adibidez, TKEko banderak irabazten genituenean; San Juaneko Kontxako sailkapen estropadan denborarik hoberena markatu genuenekoa baita ere, 2010. urtean; San Pedrorekin ere, 20 urte eta gero batel txapelketa berriz ere irabazi genuenekoa 2012. urtean; eta Trintxerperekin Euskadiko Txapelketa lortu genuenean Orio eta San Pedro atzetik zirela trainerilletan, Euskadikoan, domina… Gazteetako aulki mugikorreko Espainiako txapelketak ere… oroitzapen polit asko dauzkat, egia esan.
Azken urteetan asko aldatu da arraunaren mundua eta zuk aldaketa horiek guztiak lehen pertsonan ezagutu dituzu. Zure ustez, bilakaera horretan zein aldaketa izan dira onerako eta zeintzuk kalterako?
Aldaketa gehienak onerako dira, baina gertatzen ari dena da, kirol askotan bezala, negozioa bihurtzen ari dela, ez futbolean bezain muturrekoa, baina aldatzen ari da. Arraun munduan, apustuetan-eta beti ibili da dirua, baina gaur egun klub txikientzako babesleak-eta topatzea zaila izaten da. Klub handiek erraztasun handiagoak dituzte.
Material aldetik, adibidez, aldaketa handia izan da ere. Ontziak-eta azkarrago doaz. Bestalde, iruditzen zait, teknika ez dela lehen bezainbeste lantzen, eta fisikoari ematen zaiola gero eta gehiago garrantzia. Teknika baino, indarra lehenesten da gaur egun. Entrenatzaile bakoitzaren araberakoa izaten da hori, baina nik, orokorrean, sentsazio hori daukat.
San Pedroko testean ikusi ahal izan zenez, badirudi berritasunak egon daitezkeela aurten. Santurtzi indartsu heldu da, eta gainera, urte asko eta gero Juan Mari Lujanbio patroi lanetara itzulita.
Nik, Ligari begira, sentsazioa dut sei ontzi ibiliko direla goian, eta beste seiak ibiliko garela beheko borrokan. Nire ustez, sei lehenengoen artean eta gainontzekoen artean salto txiki bat egongo da. Oraindik goiz da, baina, nahiko argi ikusten da hori jada. Goian Urdaibai, Hondarribia, Orio, Zierbena, Santurtzi eta Arraun batetik, eta gero beste guztiak, kategoriari eusteko borrokan.
Galiziarrekin inoiz ez dago jakiterik, baina beti kontrario gogorrak izaten direla kontuan hartuta, iaz baino parekotasun handiagoa aurreikusten dut aurten. Lehengo urtean ere egon zen, baina Tiranek denboraldiko lehen zati txarra egin zuen, eta San Juanekin atzera geratu zirenez hasieratik… Aurten sentsazioa dut berdintasun handiagokoa izango dela.
San Pedroko plantilla 2019
Aurreko denboralditik datozenak
Urko Kortajarena. Pasaia.
Aitor Alza. Hondarribia.
Mikel Arostegi. Orio.
Gabriel Bedia. Pedreña.
Iosu Beristain. Donostia.
Asier Carballeda. Pasaia.
Ander Etxegoien. Getaria.
Javier Medina. Madril.
Josu San Sebastian. Orio.
Altak
Iñigo Aranburu. Pasaia.
Emaitz Arca. Astigarraga.
Unai Billakorta. Irun.
Unai del Rio. Errenteria.
Asier Erostarbe. Pasaia.
Jon Fidalgo. Pasaia.
Jon Jauregi. Andoain
Akaitz Jauregi. Zaldibia.
Imanol Olasagasti. Aduna.
Gorka Olasagasti. Donostia.
Jon Otaño. Andoain.
Aitor Portela. Donostia.
Alberto Rebollo. Lizarra.
Jokin Rodriguez. Pasaia.
Iñigo Tamariz. Donostia.
Garikoitz Tolosa. Pasaia.
Mikel Txintxurreta. Pasaia.
Telmo Zubiaurre. Donostia.
Bajak
Jon Ander Agirre. Tolosa.
Haitz Ortiz. Aia.
Xabier Ostolaza. Orio.
Ibai Gonzalez. Palma.
Mikel Lasa. Tolosa.
Iñigo Lois. Pasaia.
Imanol Sagarzazu. Donostia.
Fernando Valenciaga. Donostia.
Iñaki Urtubia. Itziar.
Joseba Alustiza. Tolosa.
Juan Ignacio Rodriguez. Henderson (Argentina).