Segurtasunaren gaia lantzeko Beltran de Herediarekin elkartu da EAJ
Herritarren bizi kalitatea bermatzeko segurtasuna eta segurtasun sentsazioa bermatzea "ezinbestekotzat" jo du eta horri begira sailburuarekin eta sailburuordearekin proposamenak landu dituztela azaldu du Maite Peña EAJren alkatetzarako hautagaiak.
Errenteriako EAJk segurtasunaren gaia landu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuarekin eta Josu Zubiaga Sailburuordearekin. Herritarren bizi kalitatea bermatzeko segurtasuna eta segurtasun sentsazioa bermatzea “ezinbestekotzat” jo du eta horri begira sailburuarekin eta sailburuordearekin proposamenak landu dituztela azaldu du Maite Peña EAJren alkatetzarako hautagaiak: “Guk hala eskatuta segurtasun mahaia sortu zenetik udalean gaia lantzeko aukera izan dugu eta astiro badoa ere, gure proposamenak lantzen ari gara. Errenteriarrok lasai bizi gaitezen, ezinbestekoa da segurtasuna eta segurtasun sentsazioa bermatuko duten neurriak eta ekintzak abian jartzea”.
Arazo espezifiko eta “gune gatazkatsu” bakoitzeko txoke plan bat proposatu du EAJk, “arazo ezberdinek, jatorri ezberdinak dituztenek, irtenbide ezberdina behar dutelako”. Horiek epe motzerako, baina epe ertain eta luzera begira ere lan egin behar dela nabarmendu dute.
Udaltzaingoaz ere hitz egin du Peñak, “postuak betetzeko arazoak izan dira azken hilabeteetan, eta horiek betetzea lehentasuna da zalantzarik gabe. Gure kaleetan udaltzaingoaren presentzia falta behin eta berriz kritikatu dugu; konpondu beharreko lehentasunezko gai bat da eta beraz, neurriak bidean dira dagoeneko”. Agente kopurua bezain garrantzitsua dela horien jardueren lehentasunak ezartzea erantsi du, baita beharrezkoa dela Ertzaintza eta Udaltzaingoaren koordinazio eraginkorragoa ere.