Mikel Arruti: "Lezo berri bat eraiki nahi dugu, koloretsua, argitsua,alaia eta bizia"
Lezoko EH Bilduk maiatzaren 26ko Udal hauteskundeetarako prestatu duen programa aurkeztu du gaur. Jendaurrean egin duzu, Gurutze Santuaren plazan, eta herritar andana bertaratu da koalizio subiranistak herritarrekin batera osatu duen programa ezagutzera.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2019/05/dsc0270.jpg)
Lezoko EH Bilduk maiatzaren 26ko Udal hauteskundeetarako prestatu duen programa aurkeztu du gaur. Jendaurrean egin du, Gurutze Santuaren plazan, eta herritar andana bertaratu da koalizio subiranistak herritarrekin batera osatu duen programa ezagutzera. Antzerkia, musika, eta dantza ez dira falta izan ezta hautagai zerrendako kideek banan bana jarritako piezekin osatutako irudia ere; kolorez bete dute ekitaldia, Arrutiren mezuarekin bat eginez, “Lezo berri bat eraiki nahi dugu, koloretsua, argitsua, alaia eta bizia”.
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan botoa eman zieten 1.192 lezoarrei eskerrak emanez hasi du hizketaldia Arrutik: “Riverak isiltasuna entzuten bazuen, guk herri bizi baten doinuak entzuten genituen, bere preso politikoez gogoratzen den herria, feminismoaz mintzo den herria, gizarte duin, aske eta ireki baten ahotsa entzuten genuen. Trifatxitokoek ez dute lortu herri honen melodia isiltzea, saiatu diren arren, eta ez dute lortuko”.
Alkategai izateko proposamenari, “konbentzituta, gogotsu eta indarrarekin” heldu diola esan du, bestalde, zerrendaburuak, “erabakia nolanahikoa ez dela jakin arren, primerako taldea osatu dugulako, ilusioa sortzen duen zerrenda osatu dugulako. Talde bikaina, han eta hemen lan ezberdinetan trebatutako jendearekin, esperientzia handiko jendearekin, lezoarrak denak, herriko dinamika ezagutu eta bizi dutenak, pasioa eta lanerako gogoa dutenak”. Horiei guztiei ere eskerrak eman dizkie Arrutik, “proposamenari baiezkoa eman eta urratsa egin duzuelako”.
EH Bilduk proiektu interesgarria duela gaineratu du, “talde bikaina izateaz gain, oinarri sendoko proiektua dugu”. Lezo Errotik prozesua oinarri hartuta sortu du proiektua koalizio subiranistak, jendearekin elkarlanean eta zer nahi duten eta nora heldu nahi duten argi dutela erantsi du alkategaiak. Jende ugarik galdetu diola EH Bilduk alkatetza berreskuratuko duen aitortu du, bestalde, “gainerako alderdiak ere alkatetza lortzeko asmotan aurkeztuko dira. Ez da erraza izango inolaz ere, guztion laguntza beharko dugu, ahalik eta lezoar gehienen laguntza eta lana, baina noiz beldurtu gaitu lanak?”. Horren harira, auzolanaren aldeko apustua berretsi du zerrendaburuak, “elkarrekin arituko gara, apaltasun osoz, ilusioz, konbentzimendu osoz, eta irribarretsu”.
Programaren ildo nagusiak
Programan ez dute sakondu, baina udal hauteskundeen abentura horretan Arrutiren bidaide izango diren zerrenda kideek banan bana aipatu dituzte programaren oinarri izango direnak. Hala, memoria historikoaren lanketa egingo dutela esan du Miren Ormazabalek iraganeko gertaeretatik ikasi eta bizikidetzan sakontzeko. Kultura batzordea berreskuratzea da koalizio subiranistaren beste lan ildoetako bat Ormazabalek nabarmendu duenez, “gure herriko komunitatea batzeko herriko eragileekin herri eguna antolatuko dugu, eta kultur azpiegitura beharrez azterketa egingo dugu”.
Ingurumenarekin lotutako ildo nagusiak aipatu ditu Ainhoa Intxaurrandietak. EH Bilduk kutsadura maila nabarmen gutxitzeko konpromisoa hartu du, “herritarren osasuna eta bizitza kalitatea hobetzeko”. Portu agintaritzarekin berdinetik berdinerako harremana bultzatuko duela esan du, bestalde, eta Lezo berriz ere pasaiako Portuko Kontseiluan egon dadila exijituko diotela. Horrekin batera, hobekuntza plan bat landuko dutela iragarri du Intxaurrandietak.
Axier Irastorzak hartu du hitza ondoren. Euskararekin EH Bilduk izango duen konpromisoaz mintzatu da bera eta inor baztertu gabe, euskara Lezoko lehentasunezko hizkuntza izateko neurriak hartuko dituztela esan du, euskararen aholku batzordea sortuko dutela eta euskara kale giroan nagusi izateko neurriak bultzatuko dituztela. Feminismoa da beste oinarrietako bat, eta Lezo herri feminista izatea nahi dutela esan du Mireia Cuestak, “feminismoa zehar lerro izango dugu, emakumeak elkartzeko eremuak bideratu, berdintasun kontseilua sortu eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta erreparatzailea emango diegu”.
Ekonomia arloaz ere mintzatu da koalizio subiranista gaurko ekitaldian eta Iker Salaberriak trantsizio energetikoari adi erreparatuko diotela eta elikadura burujabearen bidean urratsak egingo dituztela esan du, “Lezo Gipuzkoako baratza bihurtzeko bidean jarriko dugu”. Merkataritza ere programan sartu du EH Bilduk, eta horiek dituzten beharrak aztertuta, eurekin batera, hobetzeko neurriak hartuko dituztela azaldu du. Etxebizitzaren arazoari ere erantzungo dio EH Bilduk, eta horren gainean mintzatu da Deiene Ziganda : “Etxebizitza merkatuaren eta negozioaren logikatik ateratzeko politikak egingo ditugu, etxebizitza eredu berriak sustatzeko. Horrekin batera, gazteen emantzipazioa errazteko, alokairu politika integrala bultzatuko dugu etxe hutsen eta etxebizitza beharren erregistroa sortu, etxebizitza hutsak alokatzeko bitartekari lana egin, eta alokairu laguntzak hobetu, besteak beste”.
Hezkuntzaz mintzatu da Ager Arrieta, eta Lezo herri hezitzailea izatea nahi azaldu. Horretarako Hezkuntza Mahaia sortuko dutela, haurtzaindegiko instalazioak baldintza egokietan egotea bermatu eta ikastetxeen espazio publikoa eskola ordutatik kanpo erabiltzeko lan egingo dugu. Oinezkoen herria izatea era nahi dutela esan du, bestalde, Jessica Lopezek, “bizikletan edo oinez mugitzeko bidegorrien sarea osatuko dugu”. Aparkalekuen beharrari erantzuna emateko konpromisoa hartu du, gainera, EH Bilduk programan. Lezoko jendartea trinkotzea eta herri nortasuna indartzea da programan bildu duen beste lan ildoetako bat Joxe Mikel Garmendiak zehaztu duenez, “herritarrak ahaldundu nahi ditugu gobernantza eredu irekia eta gardena garatuta”. Herri kontseiluak sortuko dituzte gainera, erabakiak herritarrekin batera hartzeko, “eta jendeak bere ekarpenak egin ditzan bide ezberdinak zabalduko ditugu, webgunea, sare sozialak, parte hartze zinegotzia… Bestalde, herrira etorri berrien inklusioa bermatzeko bitartekoak jarriko ditugu”.
Edurne Lizarazu eta Maria Dolores Mansok ere hartu dute hitza. Koalizioaren helburua izango dela herritar ororen duintasuna bermatu eta bizitza kalitatea bilatzea esan dute, “horretarako, besteak beste, adinekoak herrian bizitzen jarraitu ahal izateko azpiegiturak sortzea eta moldatzea sustatuko dugu”.
Eskaera bat eginez amaitu du ekitaldia Arrutik: “Jarrai dezagun amets egiten, segi dezagun ameslari izaten, jarrai dezagun utopiak eraikitzen, amestu dezagun Lezo hobe bat. Posible delako, bagabiltzalako. bidea egiten ari garelako”.