Arantza Gonzalez: "Zintzotasunez egingo dugu lan, Pasaian bizitza duina bermatzeko"
Hautagaitza, arlo ezberdinetan lanean ari diren, eta Pasaiarekin konprometituta dauden pertsonekin osatu dutela nabarmendu du Arantza Gonzalezek, Ezker Anitza-IUren zerrendaburuak.
Pasaiako Ezker Anitza-IUk hautagai zerrenda eta programa aurkeztu ditu. Pasaiako Ezker Anitza-IUk maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetarako osatu duen hautagai zerrenda eta programa aurkeztu zituen larunbat arratsaldean Trintxerpen. Aurkeztutako zerrenda osatzen duten kideek konpromiso irmoa dutela Pasaian bizitza duina bermatzeko esan zuen Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUren alkatetzarako hautagaiak. Zerrendaburu izatea ohorea eta ardura handia direla onartuta, emaitza “paregabeak” lortuko dituzten zalantzarik ez duela erantsi zuen, “programa ona egin dugulako eta hura egi bihurtzeko lan talde handia osatu dugulako”.
Hautagaitza, arlo ezberdinetan lanean ari diren, eta Pasaiarekin konprometituta dauden pertsonekin osatu dutela nabarmendu zuen, eta banan bana aurkeztu: “Jon Sanchez Agirregomezkorta haurren eta gazteen aisialdian lanean ari da; Ana Alfageme eskola publikoaren babesle sutsua eta delegatu sindikala da, Raquel Cabanillas bezala; Kaiet Lopez de Etxezarreta eta Josetxo Maneiro kirolaren sustatzaileak eta ingurumenaren zaintzarekin konprometituta daude; Charo Rodriguez feminista hainbat emakume taldeetan ari da indarkeriarik gabeko bizitza librea izan dezagun, kultur elkarteekin ere ari da; eta Nacho Mandarron, Pasaiako Ezker Anitza-IUn beteranoa eta hirigintza eta arkitekturan eskarmentu handikoa”.
Salva Oscoz ere zerrendakidea dute, “errepublikazalea eta askatasuna, berdintasuna eta justizia sozialaren babeslea da”. Beteranoak dira ere alderdi horretan Fernando Escobar eta zerrenda ixten duen Xabier Pombo. Ezker Anitza-IUren zinegotzia izan da aurretik Pasaiako Udalean.
Ezker Anitza-IUren Koordinatzaile Nagusiak hartu zuen parte aurkezpen ekitaldian. Udal hauteskundeen garrantzia nabarmendu zuen Saludek, “udalak dira pertsonen bizitzan ezinbesteko diren zerbitzuak eskaintzen dituztenak: etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, haur eskolak, jubilatuen egoitzak, edota kale parke eta lorategien mantenua, besteak beste”. Baina horrekin batera, udal ordezkariek lan egin behar dutela herritarrei lana, eta etxebizitza bermatzeko esan zuen, “horiek gabe ezinezkoa baita bizitza duina izatea”. Herritarren parte hartze “erreal eta eraginkorra” aldarrikatu zuen, bestalde, eragiten dieten gaien gainean, eta gardentasuna erabakiak hartzeko garaian, “horrela politika guztiei hurbilduko diegulako”.
Gonzalezen gainean mintzatu zen azkenik Salud, “Errepublikazalea eta feminista izateaz gain, Pasaia primeran ezagutzen duen eta eskarmentua duen pertsona da, 2007tik 2011ra batzarkidea izan zelako”.
Programa aurkeztu dute
Ezker Anitza-IUk osatutako hautagaitza aurkeztearekin batera, alderdiak, udal hauteskundeetarako ondu duen programa ere eman zuen ezagutzera larunbateko agerraldian. Hala, etxebizitza hutsak mobilizatzea du erronka etxebizitza eskuratzeko ahalik eta aukera gehien emateko. Alderdiaren datuen arabera, 878 etxebizitza daude hutsik Pasaian, eta 813 pasaitar daude etxebizitza babestuen zerrendan ziena emanda. Ez da etxebizitza politikarekin lotuta aurkeztu duten neurri bakarra, etxebizitza hutsen OHZ ondare Higiezinen Zerga berreskuratzea ere proposatu du alderdiak. Amaitzeko dauden urbanizazio-proiektuak bukatzea: Luzuriagako BOEn bigarren fasea, San Pedroko gazteentzako zuzkidura bizitokiak, eta Esnabide kaleko bigarren fasea ere aurreikusi dute programan, eta amaitzeko, etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza sustatzea proposatu du, “etxebizitzak bizitzeko izan daitezen, eta ez negozioa egiteko”.
Enpleguarekin lotuta, berriz, tokiko eta hurbileko merkataritza sustatzea; itsasoarekin lotutako I+G+B jarduerak gauzatzea; prestakuntza planetarako, enplegu bermatuko planetarako, eta ETE eta autonomoei laguntzeko planetarako baliabide gehiago eskatzea instituzio eskudunei; udal langileen bitarteko lan kontratuak minimoak izatea; edota lan baldintza duinak bermatze aldera, kontratu publikoetan gizarte-klausulak betetzen direla kontrolatzea.
Berdintasuna arloan, berdintasun politiketarako nahikoa baliabide bideratzea eta berdintasun ordenantza onartzea proposatu du Ezker Anitza-IUk. Pasaia, hizkuntza gutxituen Europako hiriburua iniziatiba abiatzea proposatu du Kultura arloan, “kultura XXI. mendeko Pasaiaren ardatz nagusietako bat izan dadin”.
Mugikortasunari dagokionean, badian garraio publikoa “MUGI txartelean sartua” eta inguruko hiriarteko azken autobusen ordutegia luzatu eta maiztasuna handitzea proposatu du. Azkenik, jasangarritasun arloan ere osatu du lan lerroa. Horren barruan, Oarsoaldeko Plan Estrategikoari eta Pasaiako Agenda 21 programari lehenetsi du udalerriaren jasangarritasunerako elementu nagusi gisa. Horrekin batera, berdeguneak zaindu eta zabaltzea, portuari bere jardueraren ingurumen inpaktua saihesteko neurriak hartzeko eskatzea, Jaizkibelgo geoparkea sortzea, Jaizkibel-Donostia korridorea sortzea, eta Uliako Plan Berezia onartzea Donostiako Udalarekin batera ditu erronkak.
Proposamenak barrutika
Barrutika programan bildu dituzten proposamenak ere aletu zituen Gonzalezek agerraldian. Trintxerpen, kirol eremu berriak sortu nahi ditu alderdiak Andonaegiko futbol zelaiaren azpian, Baita eremu altuak berrurbanizatu. Andonaegiko garai bateko ur biltegiaren lekuan aparkalekuak sortu eta terrazan plaza bat eta igogailu bat jartzea proposatu du, Igeldo eta Bidasoa kaleak irisgarri bihurtzeko. Azkuene goia eta Bidebieta errepidez lotzeko aukera aztertzea ere jaso du programan, “Trintxerpeko goiko aldeetako zirkulazioari ordezko irteera bat emateko”.
Antxori dagokionean, berriz, barrutia zeharkatzen duen zatian topoa lurperatzea eskatu du. Luzuriagako BOEn bigarren fasea eta egungo barrakoien ordez, osasun zentro berria eraikitzea eskatuko diote, gainera Eusko Jaurlaritzari. Biteri eta zumardia urbanizatzeko proiektua eta Luzuriagako bulego eraikinari erabilera soziokulturala ematea adostea Donsotiako Udalarekin proposatu du Ezker Anitza-IUk.
Gazteentzako etxebizitzen eraikin bat, aparkalekuak eta igogailua jartzea proposatu du San Pedroko Urrestarazu Anaiak eta Pablo Enea kaleen arteko orubean; baita Arraunlari kalea urbanizatzea ere.
Donibanen, berriz, hirigune historikoa urbanizatzea, Santiago plaza uholdeak saihesteko moldatzea, eta Pio XII. kalea urbanizatzen jarraitzea eta igogailuaren bidez irisgarritasuna hobetzea.
