Neskak eta mutilak elkarrekin, lehenengoz, Gazteen Aurresku Txapelketa Nagusian
Liga bateratua egingo dute lehenengoz, eta horrenbestez, neskak eta mutilak elkarrekin eta baldintza beretan arituko dira hilabete honetan bertan jokatuko den Gazte Mailako I Aurresku Txapelketa Nagusian, Gipuzkoar erara.
Liga bateratua egingo dute lehenengoz, eta horrenbestez, neskak eta mutilak elkarrekin eta baldintza beretan arituko dira hilabete honetan bertan jokatuko den Gazte Mailako I Aurresku Txapelketa Nagusian, Gipuzkoar erara. Txapelketaren zehaztasun guztiak eman dituzte Estibaliz Iturria Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak, Juantxo Maya Errenteria-Oreretako Erein elkarteko ordezkariak, eta Jon Dorronsoro Legazpiko Sustraiak dantza taldeko ordezkariak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egin duten agerraldian. Izan ere, txapelketa nagusia Errenteria-Oreretan eta Legazpian jokatuko da hilaren 11n eta 18an, hurrenez hurren.
22 urte direla Aurresku liga bat eta Soinu Zahar liga bat antolatzen hasi zirenetik esan du Iturriak, “aurreskua mutilei begira eta Soinu Zahar liga neskei begira”. Liga horiek helburu jakinak zituztela erantsi du: haurrek txikitatik, Gipuzkoako dantzen urratsen teknika landu eta ezagutzea, batetik; haurrak, dantza talde nagusietara iristerakoan, gazteek duten maila eta esperientziarekin taldeak indartzea, bestetik. 22 urteko esperientziaren gaineko balorazio “oso ona” egin du, “bi helburuak ezin hobeto betetzen ari direlako. Horregatik jarraitzen dugu liga antolatzen”.
Txapelketa bateratua izatea da berritasuna, baina ez bakarra. dantzarien alderdi pedagogikoa indartu nahi dutela azaldu du Iturriak, eta txapelketa bakoitzean, aditu batek, dantzariek oinarrizko dantza pausuak nola egiten dituzten jasoko du, eta datuak bilduta txosten bat egingo dute dantzari bakoitzeko: “Dantza irakasleei helaraziko diegu informazio hori, zuzendu beharreko akatsak dantzariekin landu ahal izateko”.
Ikasturtean zehar, Aduna, Anoeta, Asteasu, Donostia, Elgoibar, Hernani, Larraul, Lasarte, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Villabona eta Zizurkilgo 7 eta 15 urte arteko 68 neska-mutilek hartu dute parte Aurresku Ligan. Jaiotze urtearen arabera 3 kategoriatan lehiatuko dira, A kategorian 2009-2011 urteetan jaiotakoak; B kategorian 2006-2008an jaiotakoak; eta D kategorian, 2004-2005 urteetan jaiotakoak. A saileko sei dantzari sailkatu dira finalerako, B saileko 12, eta D saileko 18 dantzari.
A eta B kategoriako dantzariak Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean lehiatuko dira hilaren 11n 18:00etan hasita. A kategoriako dantzariek Txakolin eta Agurra dantzak egin beharko dituzte eta B kategoriakoek, berriz, Erribera eta Humbolt zortzikoa.
D kategoriako dantzarien txapelketa nagusia, Legazpin jokatuko da hilaren 18an, 16:30ean hasita, azokan. Kategoria bakoitzeko irabazleak buruzagi makila eta garaikurra eskuratuko ditu. Txapeldunak zeintzu izango diren berriz, Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuetek osatutako epaimahaiak erabakiko du.
Landare eta Erein, 32 urteko bidea
Liga antolatu aurretik hasi zen Landare elkartea Aurresku Txapelketa antolatzen, duela 32 urte, azken lau urteetan Erein Kultur Elkartearen ardura izan da, eta balorazio ezin hobea egin du Mayak. Txapelketa bateratu eta neska eta mutilak batera baldintza beretan aritzea ere oso ondo baloratu du errenteriarrak, “aurretik egindako 32 urteak ahaztu gabe, aurten lehenengo ekinaldia egingo dugu, lehenengo aldiz izango delako txapelketa bateratua. Lehenengo aldia da, baina Errenteria-Oreretan zein Legazpin egindako lan eta bideari jarraikortasuna emango diona”.
Landare txapelketa antolatzen hasi zenean duela 32 urte, hutsune handia zegoela ekarri du gogora Mayak, “dantzari, txapelketa, aurreskularirik ez zegoen. Hasi ginenean bi egunetan jokatzen zen txapelketa indar handia hartu zuelako eta 100 dantzarik ematen zutelako izena”. Pizgarria izan zen zalantzarik ez du, “gerora heldu zen federazioak antolatutako ligak”. Txapelketaren 20. ekinaldia egin zutenera jo du, berezia izan omen zen urte hura, ordura arteko txapeldun guztiak bildu zituztelako, “oso polita izan zen, oroitzapen ederra. Nik uste dut 30 urte betetzean berriz ere, denak elkartuko ginela agindu nuela, eta ez dut agindu hori bete. Ez dakit non izango naizen datorren urtean, baina gustatuko litzaidake esperientzia hori errepikatu arte antolaketan aritzea”.
Legazpiko Sustraiak Dantza taldeak 24 urtez antolatu du Euskal Herriko Gazteen Neskatxena Txapelketa. Aurrerantzean, Erein elkarteak antolatutako Aurresku Txapelketa eta Legazpiko Sustariak Dantza Taldeak antolatutako Neskatxena txapelketak bat egin, eta Aurresku Txapelketa Nagusia izango dira.
Iturriak dantza gustuko duten herritarrak animatu ditu Errenteria-Oreretara zein Legazpira bertaratzera, “sinestezina da haur batzuk nola dantzatzen duten, ikaragarria da. Dantza gustukoa duenak dauka ikuskizun ederra, aukera polita, dantzaz gozatzeko”.
Errenteria-Oreretako A eta B kategorietan lehiatuko diren dantzariak nonakoak:
A Kategoria, 2009, 2010 eta 2011n jaioak
-
Natale Requena, Lezo
-
Danel Castillo, Pasai Donibane
-
Inge Olaizola, Lezo
-
Irene Arozena, Oiartzun
-
Enara Artola, Lezo
-
Elaia Inziarte, Oiartzun
B Kategoria, 2006, 2007 eta 2008an jaioak
-
Markel Garmendia, Legazpi
-
Endika Osa, Lezo
-
Ane Jaunarena, Lezo
-
Irati Arsuaga, Oiartzun
-
Naroa Arretxe, Amasa-Villabona
-
Olatz Azkue, Lezo
-
Maddi Iradi, Oiartzun
-
Mikel Esnaola, Lezo
-
Eneko Etxaniz, Elgoibar
-
Nahia Pikabea, Lezo
-
Ugaitz Ribera, Lezo
-
Uxue Muñoa, Oiartzun
Legazpin hilaren 18an txapelketa jokatuko duten D Kategoriako dantzariak, honakoak:
D kategoria, 2004 eta 2005 urteetan jaioak
- Markel Goenaga, Elgoibar
- Maren Goya, Amasa-Villabona
- Gorka Duran, Amasa-Villabona
- Alba Gutierrez, Amasa-Villabona
- Irantzu Perez, Legazpi
- Idoia Urdangarin, Amasa-Villabona
- Udane Altuna, Amasa-Villabona
- Jone Gil, Elgoibar
- Maria Ansa, Anoeta
- Mattin Etxebeste, Oiartzun
- Nahia Gonzalez, Amasa-Villabona
- Aiara Altuna, Amasa-Villabona
- Alaia Santano, Amasa-Villabona
- Ibone Alvarez de Eulate, Lezo
- Irati Madera, Amasa-Villabona
- Naiet Jauregi, Amsa-Villabona
- Andoni Zumeta, Larraul
- Maren Galvez, Lezo