Elkarlanean klima aldaketa gelditzeko
Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok Azti bisitatu du
Ingurumen diputatua Aztin izan da bisitan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensio Pasaian izan da, AZTIk dituen instalazioetan. Bertako iturriek jakinarazi dutenez, bi erakundeen arteko elkarlana indartzea erabaki dute, kostaldean klima aldaketa gelditzeko helburuz.
Asensiori harrera Adolfo Uriartek egin dio, AZTIko balio zuzendariak, eta bere laguntzaz, Asensiok “datuak monitorizatu, atzitu eta tratatzeko sistemen aplikazioaren onurak aztertu” ditu. Izan ere, kostaldea monitorizatzeko sistema aurreratuak ditu AZTIk, eta horiek garatzeko eta inplementatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, “klima aldaketaren eraginari buruzko aurreikuspenak egiteko, segurtasuna hobetzeko eta itsaso eta kostaldeko jarduera ekonomikoko sektore guztien efizientzia handitzeko”.
Bisitan bi erakundeek nabarmendu dute “kostaldearen kudeaketa integratua eta jasangarria lortzera bidean, garrantzitsua dela ezagutzea itsasertzeko ondarea arautzen duten prozesuak, beroketa globalaren inpaktua eta jarduera antropogenikoaren eta itsas ingurunearen arteko interakzioa”.
Gipuzkoako Foru Aldundia eta AZTI 2017. urteaz geroztik ari dira esparru horretan lanean. Gipuzkoako kostaldea kontrolatzeko sarea orduan aktibatu zuten.

Ingurumen zuzendari Monica Pedreira, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, Obra hidraulikoetako zuzendari Felix Asensio eta Adolfo Uriarte, AZTIko balio zuzendaria.
Itsasoaren mailari arretaz
AZTIk jakinarazi duenez, azken azterketa zientifikoek diote 2100. urterako itsasoaren maila 47-64 zentimetro igoko dela. Igoerak ondorio garrantzitsuak izango ditu Gipuzkoako kostaldean: hareatzen murriztea -batez beste 20 metro murriztuzko direla aurreikusi dute-, olatuek lur azalera handiagoa jotzea eta urak har ditzakeen lur azalerak handitzea.
AZTIk itsasertza izaten ari den bilakaera horren jarraipena egiten du, modu horretan prebentzio neurriak aktibatzeko. Zentzu horretan bi aldeek nabarmendu dute AZTIren monitorizazio sistemaren bidez lortzen duten informazioari esker, kostaldearen lerroaren etorkizuneko bilakaeraren proiekzioak egiteko gai direla, eta modu horretan, “mekanismo eraginkorragoak” hartu ahal izango dituztela klima aldaketak baliabideen, ekosistema naturalen eta kostaldeko hiriguneen gainean izango duen eragina minimizatzeko.
