'Margolaria' filma eta solasaldi musikatua gaur, Ozzinemaren eskutik
Gaur emango du OzZinemak 'Margolaria' filma. Argazkia: Atera Films Saio berezia antolatu du gaurko OzZinema zineklubak. Euskal zinemaren aldeko apustua da honakoa ere, musika ardatz duena, oraingoan: Margolaria. Bidaia baten historia da, Mikel Urdangarin musikariak, Alain Urrutia margolariarekin Skype bidez hitz egiten duenean hasten den bidaiarena Oier Aranzabalen filma. Urrutiak margolan bat eskainiko dio Urdangarini opari gisa, baldintza batekin, Londresera joan behar du haren bila. Bidaia hori aitzaki hartuta, antzinako Greziako mitoak eta kontzertu jendetsuak uztartuz, bere lanetik bizitzeko apustua egin duen artista baten eguneroko borrokaz mintzo da filma, sorkuntzaren alkimia, ezinaren izerdia, porrotaren itzala, ospearen osteko bakardadea.
Aranzabalek dio, pelikula ez dela Urdangarinen azken diskoaren making of bat, “ez da hainbat elkarrizketaz apaindutako protagonista omentzeko bideoklipen zerrenda bat. Margolaria, familiaren eta lagunen babesik gabe, musikatik bizitzeko bere lanpostu finkoa utzi duen pertsona baten istorioa da. Bakardadearen eta kontzertuko jendetzaren arteko dikotomiaren istorioa. Pertsona eta pertsonaiaren arteko harremana kontatzen duen istorioa”. Azken bi urteetan Urdangarin grabatzen aritu da Aranzabal egunerokotasunean, bidaiak, kontzertuak, entseguak, eta lan horren fruitua da Margolaria: “Bidaia baten istorioa”. Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean parte hartu zuen filmak.
Filmaren emanaldia amaituta, Aranzabal eta Urdangarinek solasaldi musikatua egingo dute.
Gaur izango da emanaldia, 19:30ean Niessen Zinemetan. Sarrerak, Niessen Kulturgunean eros daitezke 4 euroan.
