Zazpi domina irabazita, agur denboraldiari
Piraguismoko Haur Mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu da Irunen asteburuan; Maddi Tarragonak nagusitasun osoz irabazi du bere proba.
Pasaiako taldea, osorik, Iñaki Lois, Irail Lartzaguren, Joserra Diaz eta Tamara Sixto entrenatzaileekin. Domina uzta oparoa bilduta itzuli ziren larunbatean Irundik Pasaia Kayak taldeko palista gazteenak. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen bertan, eta talde pasaitarra primeran aritu zen: urrezko domina bat, zilarrezko lau eta bi brontzezko irabazita.
Nabarmentzekoa, Maddi Tarragona errenteriarraren lana. Proba irabazi zuen nagusitasun osoz, 20 segundo baino gehiago aterata bigarren sailkatuari.
Zilarrezko dominak Unai Conejerok (kimu mailako A taldea), Gaizka Lopezek (kimu mailako B taldea), Enara Nuñezek (kimu mailako A taldea) eta Ane Díazek (kimu mailako B taldea), irabazi zituzten eta brontzea, aldiz, Iñaki Conejerok (kimu mailako A taldea) eta Haizea Monterok (kimu mailako A taldea).
Taldekako sailkapenean Pasaia Kayak bigarren izan zen, Santiagotarraren atzetik.
