Gipuzkoa Bertsotaneko saioa, Lezon
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako atariko fasea da Gipuzkoa Bertsotan. Lezoko saioan sei bertsolarik parte hartuko dute. Igandean da, 17:00etan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko bertsolarien hautaketa egiten ari dira, atariko saioen bitartez. Gipuzkoa Bertsotan izena jarri diote herrialdeko bertso lehiaren sailkapen faseari. Hala, Lezon txapelketa izango denerako sailkapen saioa egingo dute hilaren 12an (igande honetan), 17:00etan, Gezala Auditoriumean.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Lezoko Udalarekin elkarlanean antolatu duen saioan sei bertsolarik parte hartuko dute. Honakoak dira: Antton Aizpurua, Maialen Akizu, Jon Gurrutxaga, Asier Ibarguren, Iñigo Izagirre eta Unai Mendizabal. Aurkezlea, berriz, Ane Ezenarro izango da.
Asteburu honetan, Lezoz gain, beste hiru sailkapen saio egingo dituzte Mutrikun, Berastegin eta Altzon. Atariko fase honetan, 84 bertsolari bi multzotan banatuko dira, eta multzo bakoitzean zazpi saio jokatuko dira. Multzo bakoitzeko zazpi saioak jokatu ondoren, multzo bakoitzean puntuazio altuena duten 17 bertsolariek eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. 34 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak batuko zaizkie.