Ion Collar: "Pertsonak jarduera politikoaren erdigunean jartzen dituzten politikak sustatzen ditugu"
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioak gaur aurkeztu du udal hauteskundeei begira prestatu duen programa Kapitain Enea kaleko egoitzan. Programa modu parte hartzailean osatu dutela esan du Ion Collar Elkarrekin Podemosen alkategaiak, "ez azken txanpan soilik, urte osoan zehar jaso ditugu auzoetan ekarpenak".
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioak gaur aurkeztu du udal hauteskundeei begira prestatu duen programa Kapitain Enea kaleko egoitzan. Programa modu parte hartzailean osatu dutela esan du Ion Collar Elkarrekin Podemosen alkategaiak, “ez azken txanpan soilik, urte osoan zehar jaso ditugu auzoetan ekarpenak”. Elkarte eta eragileen ekarpenak ere jaso dituzte programa osatzeko, “Errenteria 2025 plan estrategikotik ere elikatuko gara, baita Oarsoaldearen plan estrategikoaz ere”. Horiei guztiei, zerrendakide diren eta herriko hainbat elkarteetan eta mugimendutan lanean ari direnen ekarpenak batu dizkiotela erantsi du Collarrek, “auzoetan, dibertsitate funtzionala lantzen duten elkarteetan, kaleratzeen kontrako esparruan, emakumeen mugimenduan, edota pentsiodunen mugimenduan ari direnenak, zehazki”.
Programaren barruan, sei ardatz nagusi dituztela zehaztu du, “bost dira gorputza eta bat bihotza: Errenteria ireki, parte hartzaile eta gardena; Errenteria atsegin eta jasangarria; Errenteria feminista; Errenteria bizitza duin baterako eskubide sozialekin; Enplegu duina duen Errenteria berde bat. Horiek gorputza, bihotza berriz, kultura, Euskara eta Kirolarentzat egindako udalerria izatea”.
Maite Gartziak hartu du hitza ondoren, zerrendan bigarrena da Gartzia eta programaren ildo nagusiak zehaztu ditu. Bihotzetik ateratako udal programa dela Elkarrekin Podemosek prestatu duena esan du, “bizitzaz bete nahi dugulako gure herria”. Elkarrekin Podemosek Errenteriarako duen ereduak gardentasuna eta parte hartzea dituela oinarri esan du, “horiek dira munizipalismoaren oinarrizko zutabeak. Herri ireki, garden eta parte hartzailearen aldeko apustua egiten dugu eta herritarrek udal kudeaketan parte har dezaten beharrezko tresnak eskainiko ditugu. Guztion artean nahi dugu osatu gure herria, eta udal kudeaketa herritar ororen beharrak asetzeko egin, eta ez entitate pribatuen interesen mendean aritu”.
Udal aktiboa, eraginkorra sustatzen jarraitu nahi dutela erantsi du Gartziak, “herritarrak entzun eta erabakien parte izango diren udal aktiboa”. Horretarako hainbat neurri proposatu dituzte programaren barruan: Udal araudi organiko berri bat onartzea, eguneratzeko; aurrekontu parte hartzaileak nahi dituzte egin auzoz auzo, gizon eta emakumeen parte hartze orekatua bermatuta eta berdintasunean; aurrekontuaren zati bat parte hartze prozesuetan jasotako lehentasunezko jarduerak egitera bideratzeko gorde; eta auzoko eta urteko gutxienez bi batzar egitea, “helburua da auzoetako beharren gaineko informazioa lehen eskutik lortzea. Orain arte urtean behin bildu gara auzoz auzo”. Horiek parte hartzearekin lotutako proposamenak.
Gardentasuna sustatu
Gardentasuna da nabarmendu duen beste arloetako bat, eta horren barruan, gardentasuna bermatzeko hainbat neurri proposatu dituela programan Elkarrekin Podemoek zehaztu du. Egiten diren parte hartze prozesuen gaineko informazio objektiboa ematea baita emaitzak eta hartutako erabakiak ere, bai tokiko komunikabideen bidez zein udalak dituen euskarri elektronikoen bidez, gardentasun ataria barne; azken hori eguneratu nahi dute gainera, gardentasun atariari atalak gehitu nahi dizkiote; pleno eta batzar informatiboen zuzeneko emanaldia egitea, “beti ere pertsonen integritatearen, intimitatearen edo ohorearen kontrakoa ez denean”; plenoetako, gobernu batzordeko, batzorde informatiboetako edukiak zein hartutako erabakiak tokiko komunikabideetan eta udalaren web orrian publizitatzea proposatu du Elkarrekin Podemosek.
Gazteriari begira, kultura kreatiboaren txartelari lotutako wifi sarbiderako doako puntu sarea sortzea proposatu dute, udal eraikinetan zein kanpoko hainbat eremuetan.
Udal errekurtsoen kudeaketa publikoaren aldeko hautua berretsi du Gartziak, “tokiko entitateetatik egingo den kudeaketa zuzenean oinarritutako kudeaketa sistema alternatiboa sustatu nahi dugu Elkarrekin Podemosetik. Gizarte zerbitzuetan lortu dugun bikaintasun ereduari aipamen berezia egin nahi diot, baita bide horretan sakontzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi”.
Lana eta ingurumena
Xabi Sanchez Elkarrekin Podemosen zerrendan laugarrena, enpleguaren arloan osatu duten programaren gainean mintzatu da. Mezu argia zabaldu du, “gizarte eredua aldatu nahi dugu, pertsonak eta ingurumena oinarrian jartzen dituen eredua nahi dugulako”. Enplegua iraunkorra behar duela eta pertsonei eskubide osoak eman behar dizkiola esan du, eta bereziki, prekarietatea eta langabezia pairatzen duten sektoreetan “foku berezia” jartzera datozela erantsi, “emakumeen egoera nabarmendu nahi dut, izan ere, Errenterian emakumeen arteko langabezia gizonen artekoa baino %30 altuagoa da. Gazteen egoera ere aipatu beharra dago, lan prekarioenak eta bizi baldintzak bermatzen ez dituzten enpleguak ditugulako, 50-55 urtetik gorako pertsonei pentsio duinak eta enplegu eskubidea bermatzea ere ezinbestekoa da”.
Ingurumena da aipatu deun beste alorra, eta ezinbestekotzat jo du hura zaindu eta bermatzea, “ingurumenarekiko errespeturik gabe ez dagoelako etorkizunik”. Testuingurua kontuan hartuta proposamen sorta aurkeztu du Sanchezek. Hala, eredu produktiboa berdeago, sozialago eta justuagoa egiteko bideratzea, ekonomia dibertsifikatuko duen langabezia eta prekarietateri aurre egiteko plangintza osatuta, “ezin dugu ahaztu Oarsoaldeako bolumen ekonomiko osoaren hiru laurdenak zerbitzuen arlokoak direla, eta horrek gure egitura ekonomikoa oso ahula bilakatzen du”.
Industrializazio berria sustatuko dute, bestalde, “ingurumena errespetatuko duena, berritzailea, eta horretarako baditugu Teknika, eta Don Bosco adibidez horren gainean lanean ari direnak eta erreferente bilakatu direnak”.
Adinekoei begira, berriz, horientzako arlo bat sortzea proposatu du koalizioak, “adinekoen kolektiboak dituen arazoak udaletik kudeatuko dituen arloa hain zuzen ere. Adinekoen arazo guztiei erantzuteko litzateke, enplegua dela oraindik ere lanerako adina dutenean, pentsioak, zaintza eta bestelakoak”.
Hurbileko merkataritza, saltoki txikiak sustatzea da planteatu duten beste proposamenetako bat eta horretarako, plan ezberdinak sortu nahi dituztela esan du, batez ere auzoetara begira, “Merkataritza gune handiak ditugu inguruan eta horrek gure auzoei eragiten die, bertan bizitza eta merkataritza duintzeko plana sortu nahi dugu”.
Azkenik, bi proposamen aipatu ditu Sanchezek, lanerako sarbide plan bat garatzea, prekarietateren behatoki bat txertatuta litzateke lehena, batez ere gazteei begirakoa: “Sindikatuekin, lan ikuskaritza, eta gazte eragilerekin elkarlanean aritzea da asmoa, lan prekarioa, praktika faltsuak, ezkutuko enpleguari aurrea hartzeko aukera eman diezagun, eta halako praktikak ekiditeko”.
Bigarrena, mendekotasun arreta zerbitzua hobetzea, “mendekotasuna duten pertsonek bizitza duina izan dezaten lan egingo dugu”.
Jasangarritasuna eta ingurumena
Jose Manuel Ferradas hirugarrena da zerrendan eta jasangarritasun arloan zein ingurumenean jaso dituzten proposamenen berri eman du. Aurreko zortzi urtean udaletik egindako lanari erreparatu dio eta egindako hori sendotzea dutela orain erronka azaldu du. Hiru elementutan sakontzen dutela proposamenek bi arlo horietan zehaztu du, “puntu txuri mugikorren aldeko apustua egin dugu, auzoka, edukiontzitan utzi ezin diren hondakinak herritarrentzat erosoagoa eta errazagoa den sistema bat martxan jarrita”. Azken urteetan aurrerapena handia izan dela hondakinen gaian erantsi du, “birziklatze tasa handitu egin da nabarmen, baina oraindik ere hobetu daiteke hondakinen kudeaketan”.
Jasangarritasun energetikoarekin lotutako bulegoa martxan jartzea proposatu dute, eta arlo horretan udalak azken lau urtean egin duen lanarekin jarraitzea, “gainera pobrezia energetiko egoerei erantzuna eman nahi die. Zorionez, ez zaio inori Errenterian argindarra moztu gure esku izan den neurrian, behintzat. Hori ez da nahikoa, erantzun globala eman behar zaio gaiari eta bulego hori martxan jartzea balio behar du horretarako ere”.
Animalien babeserako eta jabetzaren gaineko ordenantza sortzea da Ferradasek azaldu duen arlo horietako azken neurria: “Batetik animalien ongizatea bilatu nahi dugu, eta bestetik animalien jabetza arautu nolabait ere udalari lehenik, eta jabeei bigarrenik hainbat betebehar ezarrita”.
Feminismoaren aldeko hautu garbia egiten duela Elkarrekin Podemosek esan du Yolanda Martinek, eta zaintza ezinbesteko ardatza dela gaineratu du bizitzaren sostengurako eta pertsonen garapenerako ikuspegi feministatik aldarrikatzen duela koalizioak, “ekimen politikoak dibertsitatea eta eskubideen erantzunkidetasuna osatzen duten garapenerako eredu jasangarriagoa bermatu nahi dugu”.
Ikuspegi feminista arlo guztietan txertatu
Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorraren berrikuspena egiteko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek ikuspegi feministatik, “Errenterian oraindik beharrezkoa da lanketa integrala egitea, ikuspegi feminista hirigintzan, ekonomian, lan munduan txertatzeko. Nahiz eta pausuak eman diren, emakumeok oraindik ezin dugu askatasunez gune publikoez askatasunez gozatu, beldurrik ez izatea, gure eskubideak ez urratzea, eta konfiantzazko guneak, babesa eta biolentziarik gabeko guneak izatea beharrezkoa ikusten dugu”.
Bide horretan elkarlanean aritu nahi dutela herriko emakume taldeekin erantsi du Martinek, eta mugimendu feministaren konplizitatearekin. Proposamen zehatzak ere aurkeztu ditu: Hirigintza eta zaintzaren eredu inklusibo eta kohesionatua bizitzaren beharrak erdian jarriko dituena; espazio publikoaren planifikazioa eta hiri altzariak genero irizpideekin sustatzea, kontuan hartuta emakumeen eta pertsonen aniztasunaren beharrak aintzat hartuta; emakumeentzako puntu ilunak direnak, indarkeria matxistarekin lotutako puntuak ezabatzea; eskaeraren araberako garraio publikoaren geldialdiak bermatzea; udaltzaingoarekin elkarlanean eraso matxistak ekiditeko aplikazioa edo doako botoi gorria sortzea. Ekonomi feministaren arloan, zaintzaren demokratizazioari aipamen berezia egin dio Martinek. Emakumeen ahalduntzeari begira berriz, sarea sortu nahi du Elkarrekin Podemosek emakume elkarteen artean udal kontseiluen bidez, baita hezkuntza feminista sustatu ere ikastetxeetan.
Collarrek hartu du hitza azkenik programa aurkezteko gaur egin duten agerraldian pertsonak jarduera politikoaren erdigunean jartzen dituzten politikak sustatzen dituztela esateko, “pertsonen beharrak eta errealitateak oinarrian jartzen ditugu, partaidetza eta gardentasuna ezinbesteko zutabe dituen instituzioan. Oinarrizkoa da udal aktiboa izatea, herritarrak entzutea eta entzundako horretatik ekitea”. Auzoka egindako programa dela koalizioarena erantsi du zerrendaburuak, eta horrela banatuko dutela proposamena datozen egunetan buzoiez buzoi auzo bakoitzari dagokion proposamena.