EH Bilduren programak "herritarren bizi kalitatea hobetzea" du helburu
100 proposamen bildu dituzte programan; datorren astean postontzietara banatuko dute.
Koalizio soberanistak azaldu duenez, lau ardatz ditu EH Bilduren programak: “Etorkizuneko Pasaia, Pasaia duina, Pasaia jasangarria eta Pasaia demokratikoa” eta lau atal horietan pasaitarren bizi kalitatea hobetzea helburu duten 100 neurri bildu dituztela jakinarazi dute. Iragarri dutenez, datorren astean banatuko dute programaren laburpena etxe guztietara.
EH Bilduk jakinarazi duenez, programa lau barrutietan egin dituzten batzar eta bileretan jasotako ekarpenekin ondu dute, baita posta elektroniko bidez jasotakoekin ere, “Junkal Mintegia alkategaiak hautagaitzaren aurkezpenean esan zuen bezala, pasaitarrekin eta pasaitarrentzat lan egitea” izango delako EH Bilduren lehentasun eta modu berean osatuko dutelako herri programa.
Proposamen “zehatz eta zorrotzak” bildu dituztela jakinarazi dute, besteren artean, “aparkalekuen ordenazioa, etxebizitzen alokairua eta birgaitzea bultzatzea, Euskararen normalizaziorako aurrerapausoak ematea eta behar handienak dituzten pertsonentzako zaintza indartzea”.
Ekitaldia astelehenean
Astelehenerako (hilak 13), berriz, ekitaldi politikoa iragarri du EH Bilduk Trintxerpen. 19:00etan, Gudarien Enparantzan, Junkal Mintegia alkategaia mintzatuko da, eta ondoan izango ditu, bere hautagaitza babesten, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Juan Karlos Izagirre Ahaldun Nagusirako hautagaia.